Olivia Baril txirrindularia Movistar taldean ariko da
Olivia Baril (Rouyn-Norunda, Kanada, 1997) txirrindularia da Movistar taldeak 2024rako egindako bosgarren fitxaketa, eta urtarrilaren 1ean hasiko da Sebastian Unzueren aginduetara entrenatzen. Kanadan jaioa bada ere, egun Donostian bizi da Baril, eta, hain zuzen ere, hedabide honek elkarrizketa egin zion martxoan. Denboraldi ona egitetik dator Donostiako kanadarra, bigarren urtez jarraian Eibarko Sari Nagusia irabazi baitu, L ‘Ardecheko Tourrean etapa bat irabazi du (laugarren amaitu zuen Tour hori), Euskal Herriko Itzulian laugarren gelditu da, Eskandinaviako Tourrean seigarren postua lortu du Espainiako Vuelta eta Frantziako Tourra osatu ditu.
Hurrengo denboraldirako gogoz agertu da Baril: “Gogo handia dut Movistarrekin abentura berri honi aurre egiteko. Txirrindulari gisa eman dezakedan mailarik gorenera iristeko proiektu egokia dela uste dut. Erreferentziazko taldea izan da azken urteotan, batez ere itzuli handietan”.
Halaber, Movistarrekin bere ibilbidean aurrerapauso bat eman dezakeela nabarmendu du: “Erakutsi dut eskalatzaile eta etapetako itzulietako txirrindulari gisa potentziala dudala, baina ez dut inola ere horretara mugatu nahi. Eboluzionatzea gustatuko litzaidake, etapa lau zein aldapatsuetan laguntzeko, eta, batez ere, erlojupekoan asko hobetu nahi dute. Ez dut eskalatzaile gisa soilik ezaguna izan nahi. Zentzu horretan, uste dut Movistar Teamek eta nik itxaropen asko ditugula 2024an. Nire kasuan, gainera, Olinpiar Jokoetako bi probetan parte hartu nahi dut, eta badakit Movistar Teamek Parisen ere dena ematen lagunduko didala”.