"Donostian beti oin bat lurrean izatearen ideia asko gustatzen zait"
Oporraldi batean Donostiaz maitemindu, eta hona etortzea erabaki zuen Olivia Baril txirrindulariak (Rouyn-Norunda, Kanada, 1997). Gaur egun, Egian bizi da Charles-Étienne Chrétien bikotekide eta ziklistarekin. Haren entrenatzailea ere bada. Biak profesionaletan lehiatzen ari dira hemen inguruko eta nazioarteko lasterketetan. Italiako Strade Bianche klasikoan parte hartu bezperan, Baril elkarrizketatu du hedabide honek.

Zer egiten du Kanadako txirrindulari profesional batek Donostian?
Ipar Amerikako txirrindularia izanik, lasterketetarako Europara etortzea ezinbestekoa zela ikusi nuen. Izan ere, txirrindulari gehienak bizi diren kontinentea da. Kanadako, AEBetako eta Australiako txirrindulari asko Katalunian, Andorran eta Frantzian bizi dira. Nik Euskal Herria aukeratu nuen, 2019ko udako oporraldian ezagutu nuelako, eta lurraldeaz maitemindu nintzen.
Noiz etorri zineten eta zergatik?
2020ko irailean izan zen, pandemia garaian. Guretzat aproposagoa zen hona etortzea, Quebecen osasun murrizketa askoz zorrotzagoak zeudelako. Quebecen ari nintzen osteopatia ikasketak egiten, eta bukatu ezinda geratu nintzen. Une hartan, ikasketak ahalik eta azkarren bukatu nahi nituen, Europara joan ahal izateko, txirrindularitza profesionalean aritzeko. Horrela, osteopatia ikastetxe bat aurkitu nuen Donostian. Han klaseekin jarrai nezakeen, txirrindulari profesional izaten saiatzen nintzen bitartean.
2021ean, Charles-Étienneri nirekin etortzeko eskatu nionean, ez genuen kontratu profesionalik. Izan ere, 2020ko maiatzean urte osorako entrenatzeari utzi genion, eskaintzarik ez genuelako. Lanaldi osoan hasi ginen lanean, Europan urtebetez gure beharrak asetzeko adina diru biltzeko. Charlesek egunean 10 orduz lan egiten zuen eraikuntzan, eta nik osteopata gisa lan egiten nuen nire kontura.
Donostiara etorri ginenean, egokitzea kostatu zitzaigun. Charlesek ez zuen hiria ezagutzen, eta nik aurrez hiru eguneko egonaldia egin nuen, 2019ko udan. Gaztelania ikasteko klaseetara joaten hasi nintzen, ez nekielako hitz bakar bat ere [frantsesa eta ingelesa dira haren ama hizkuntzak]. Kontratu profesionalik gabe etorri ginen, eta inbertsio moduan hartu genuen. Bi urteko epea jarri genion geure buruari, bestela Kanadara itzultzeko asmoa genuen.
Azkenik, Donostian geratu zineten, biak kontratu profesionalak sinatu ostean. Gaur egun, Egia auzoan bizi zarete. Arrazoiren batengatik aukeratu zenuten auzo hau?
Kasualitatez gertatu zen. Pentsa, udako oporraldi hartan etorri nintzenean Egia ez nuen zapaldu. Halere, etxebizitza turistiko bat topatu genuen, eta irailetik ekainera bitarte alokatu genuen. Errenterian bizitzen egon ginen apartamentu batean bi hilabetez, eta beste bi hilabete Mendaron eman genituen. Laboral Kutxak Charlesi utzitako apartamentuan egon ginen bizitzen.
Gaur egun, UAE Team ADQ taldeko txirrindulari profesionala zara. Baina noiz hasi zinen ziklismoan?
Berandu hasi nintzen txirrindularitzan, gazte mailan, 16 urte nituenean. Igeriketan aritu nintzen zortzi urtez, eta triatloi pixka bat ere egin nuen uda batean. Eskualdeko gazte talde batek bizikleta probatzeko aukera eman zidan, eta gazte mailako bi urtetan aritu nintzen. Esperientzia asko gustatu zitzaidan, eta jarraitzea erabaki nuen.
2020an eman zenuen elitera jauzia Frantzian. Gero, Massi eta Valcar taldeetan ibili zinen. Nolakoak izan ziren urte horiek?
Kataluniako Massi taldearekin ez nintzen ondo moldatu, giroa ez zelako batere ona. Ez diot inori gomendatzen talde hori. Aldiz, Italiako Valcar taldearekin arrakasta zer den ezagutu nuen. Giro aparta genuen, eta nire taldekideekin harreman ona nuen. Niretzat onena nahi zuten, eta haiei esker lortu nuen World Tour mailako talde batera jauzia egitea. Egia esan, asko zor diet.
UAE Team ADQ taldearekin sinatzea garrantzitsua izan da zuretzat?
Bai, oso garrantzitsua. Nire helburua zen, eta lortu dut. Oso pozik nago eman didaten aukerarekin. Baliabide onak dituen taldea da, eta eurekin batera haziko naizela iruditzen zait.
Iaz, batez ere, Euskal Herriko lasterketetan aritu zinen ondo. Eibarko Sari Nagusia irabazi zenuen, Itzuliko bigarren etapan bigarren izan zinen eta sailkapen nagusian hamaikagarren. Durangon eta Nafarroan ere maila onean aritu zinen. Baita Suitzako Itzulian ere.
Aldapan gora ondo moldatzen nintzela erakutsi nuen. Talde askoren arreta erakarri nuen iazko maiatzean egin nituen lasterketengatik. Batez ere, Eibarren Mavi Garcia Espainiako txapelduna eta Ane Santesteban euskalduna menperatu nituenean.
Hiru itzuli garrantzitsuenak ere korritu zenituen Valcar taldearekin: Giroa, Frantziako Tourra eta Espainiako Vuelta. Gustura geratu zinen emandako mailarekin?
Maiatzeko sasoi puntua Giroko hirugarren etapan zapuztu zitzaidan. Erorketa txar bat izan nuen, eta ezkerreko belauna puskatu nuen. 25 puntu eman zizkidaten. Ohean zortzi egun eman nituen, eta antibiotiko oso gogorrak hartu behar izan nituen osatzeko. Belauna osatu nuen, baina medikamentuek nire errendimendua kaltetu zuten. Frantziako Tourrean ez nintzen gustura aritu, baina Silvia Persico taldekideari laguntzen aritu nintzen. Bosgarren bukatu zuen Tourra. Aurten horrelako arazorik ez izatea espero dut.
Ziklista moduan, zeintzuk dira zure berezitasunak?
Igotzailea naiz eta itzuli handietan lehiatu nahi nuke. Era berean, egun bateko lasterketetan trebatu nahi nuke; batez ere, Ardenetako klasikoetan.
Zein helburu ezarri dizkizu taldeak eta zeintzuk zuk zeure buruari?
Ardenetako lasterketan ondo aritzea da taldearen helburua, eta baita nirea ere. Maiatzeko lasterketetan, berriz ere, maila ona eman nahi nuke. Espainiako eta Euskal Herriko lasterketetan parte hartuko du. Nire lasterketa gustukoetan Euskal Herriko Itzulia da. Aurtengo helburu garrantzitsuenetakoa izango da niretzat, eta taldearen babesa izango dut.
Donostiako eta inguruetako zein txoko gustuko dituzu bizikletan ibiltzeko?
Asko gustatzen zait Orio eta Irun aldera joatea. Igeldoko, Aiako eta Jaizkibelgo igoerak estimatzen ditut. Maiz joaten naiz Bianditzera entrenatzera. Charles eta bion ibilbide gustukoena Basakabiko Itzulia da: Basakabi, Saldias, Igantzi, Agiña eta Aritxulegi.
Irungo Erlaitz mendate gogorra ere oso gustuko omen duzu, ezta?
Bai, Erlaitz maite dut. Ez dakit zergatik erakartzen nauen horrenbeste. Lastur ere gustuko dut, baina urrunago dago. Beraz, ez dut aukera maizago hara joateko. Aritxulegitik eta Agiñatik pasa ohi naiz askotan. Oso lasaia da bidea, eta paisaia bikainak ditu.
Donostian zenbat urte geratzeko asmoa duzu?
Txirrindularitzako nire ibilbide profesionala hemen egin nahi dut. Erretiroa hartzean ez dakit Kanadara itzuli edo Europan geratuko naizen. Agian bi bizileku izango ditut. Denborak esango du, baina Donostian beti oin bat lurrean izatearen ideia asko gustatzen zait.