Realak huts egin du emakumezkoen derbian
Realeko neskek Lezaman jokatu zuten atzo, Athleticen aurka, baina ezin izan zituzten hiru puntuak eskuratu eta 2-1 emaitzarekin bueltatu ziren etxera. Talde donostiarrak aurrea hartu zuen markagailuan, 41. minutuan, Eizagirreren gol baten bitartez. Hasierako minutuak oso biziak izan ziren eta bi taldeek izan zituzten golak sartzeko aukerak. Atsedenaldira iritsi aurretik, baina, Athleticek berdinketa lortu zuen Azkonak buruz sartutako gola bati esker. Lehen denborako azken uneetako kolpe trukaketa hori atzean utzita, bigarrenean nabarmen gailendu ziren zuri-gorriak. Arroyo taldea dinamizatzen saiatu zen Vilesen eta Arnaizen Mirariren aldaketekin, baina txuri-urdinek ez zuten Athleticen presioa gainetik kentzea lortu eta Amezagaren gola jaso zuten 84. minutuan.
Realeko mutilei dagokienez, Braisen gol batek salbatu zuten larunbateko partida, Mallorcaren aurka. Txuri-urdinek ozta-ozta eraman zituzten hiru puntuak Anoetan, Mallorcak joko hobea erakutsi baitzuen 90 minutuko norgehiagokan. Partida eskasa izan zen, jokoari dagokionez; Realak baloia azkar mugitzeko zailtasunak izan zituen, bandan bereziki. Futbolariak, halaber, inspirazio eskasarekin atera ziren zelaira eta ez ziren Mallorcaren defentsa gainditzeko gai izan. Hain zuzen, Remiro izan zen partidako protagonista, atezainak bost aldiz salbatu baitzuen taldea.
Saskibaloian, faborito gisa joan baziren ere, Ibaeta Basketek denboraldiko lehen porrota jaso zuen larunbatean, Gironaren aurka 63-50 galduta. Girona bi porrotekin iritsi zen zitara, baina tokiko taldea hasieratik nabarmendu zen Fontajau kantxan, eta intentsitate handiko defentsaren erakusketarekin, gogor sufriarazi zituzten donostiarrak. Gauzak horrela, Ibaeta Basket laugarren postuan geratu da, eta datorren larunbatean lehen porrotari buelta ematen saiatuko da, Gran Canariaren aurka.
Saskibaloiarekin jarraituz, Gipuzkoa Basketek bigarren garaipena jarraian lortu zuen igandean, Oviedoren etxean 81-86 irabazita. Horrela, ligako zortzigarren postuan daude orain donostiarrak.
Eskubaloian, Bera Berak ez du hutsik egin Gaskan eta garaipen erosoa eskuratu zuen Beti Onak talde nafarraren aurka. 36-22 irabazi zuen, partida osoan nagusi izan ondoren. Hasieratik gailendu ziren donostiarrak, eta 21-11ko emaitzarekin amaitu zuten lehen zatia, Erauskin eta Fernandesen erakusketekin. Nafarrak donostiarrekiko tartea laburtzen saiatu ziren arren, Bera Berak bere jokoa erakusten jarraitu zuen partida osoan, eta eskuratutako garaipenarekin lidergoan jarraituko du beste aste batez, Malaga, Valladolid eta Elxekin batera.
Belar hockeyan, Realak 2-3 irabazi zuen Sanse Complutenseren aurkako partida. Bi taldeek ez zuten golik sartu lehen laurdenean, baina etxeko taldea aurreratu zuten bigarrena amaitu aurretik. Atsedenaldiaren ostean, talde txuri-urdinak Molinaren gol batek batekin hartu zuten aurrea, eta madrildarrak parekatzen saiatu ziren etengabe. Azken hamabost minutuak zoroak izan zien, Madrileko taldea berriro aurreratu zelako, baina azken bost minutuetan Kartaren bi golek garaipena eman zioten talde donostiarrari.
Izotz hokeyan, Txuri Urdineko taldeek asteburu bikaina izan dute, gizonezkoen eta emakumezkoen garaipenekin. Gizonezkoek 6-0 irabazi zuten Huarteren aurka. Donostiarrak nagusitu ziren eta golik gabe bukatzea lortu zuten, bigarren aldiz jarraian. Emakumezkoak, halaber, 6-0 gailendu ziren Huarteko taldearen aurka.
Halaber, nabarmentzekoa da Txuri Berri curling taldeko Sergio Vezek, Oihane Otaegik, Leire Otaegik eta Mikel Unanuek zilarrezko domina lortu dutela asteburuan Munduko Txapelketan, Espainiako selekzioarekin.
PARTIDAK
Futbola
Emakumezkoen liga, 6. jardunaldia
- Athletic 2 — Reala 1
Gizonezkoen liga, 10. jardunaldia
- Reala 1 — Mallorca 0
Saskibaloia
Emakumezkoen liga, 4. jardunaldia
- Girona 63 — Ibaeta Basket 50
Gizonezkoen bigarren mailako liga, 3. jardunaldia
- Oviedo 81 — Gipuzkoa Basket 86
Eskubaloia
Emakumezkoen liga, 7. jardunaldia
- Bera Bera 36 — Beti onak 22
Belar Hockeya
Emakumezkoen liga, 7. jardunaldia
- Sanse Complutense 2 — Reala 3
Izotz Hockeya
Gizonezkoen liga, 5. jardunaldia
- Huarte 0 — Txuri Urdin 6
Emakumezkoen liga, 5. jardunaldia
- Huarte 0 — Txuri Urdin 6

