Arratoien aurkako kanpaina indartu du udalak
Udaleko bi langile arratoien kontrako lanak egiten. (Argazkia: Donostiako Udala) Azken urtean arratoiak ugaritu egin dira Donostian, besteak beste klima aldaketa eta udazkeneko tenperatuta apalak direla eta. Hala, udal aurrekontutik aparteko diru ekarpena eskatu du Ingurumen eta Osasun Publikoko zinegotzi Marisol Garmendiak, karraskarien aurkako ezohiko kanpaina abiatzeko. Bereziki, Amara Berrin, Erdialdean eta Altzan topatu dira gehien.
Udaleko iturriek adierazi dutenez, laster emango zaio argi berdea 18.000 euroko zenbatekoari, eta hala aurten hirugarren aldiz jarriko da martxan arratoien aurkako kanpaina. Orain arte bi egiten ziren Donostian, baina udaletik adierazi dutenez “ez da nahikoa”. Litekeena da klima aldaketaren ondorioz, beste espezie batzuetan gertatu den moduan, karraskarien ugalketan ere eragitea. Dirudienez, arratoiek bi umealdi izatetik, hiru izatera pasa dira eta kumaldi bakoitzean sei eta hamabi karraskari artean izaten dituzte. Era berean, inguruan obrak dituzten zonaldeetan gehiago ikusten dira, azken urteotan Txomiñeneko etxebizitzetan edo metroaren inguruan gertatu den moduan.
Arratoien ugalketa ez ezik, jarrera ere aldatu egin da. Izan ere, azken urteotan gainazalerara joateko ohitura hartu dute, adituen arabera. Denbora gehiago pasatzen dute jendearen artean, eta batez jendeak uzten dituen janari hondarren bila jotzen dute. Hala ere, diotenez, ziur aski, katuak eta usoak asmo oneko herritarrek elikatu ondoren aurkitzen dituzten hondakinek erakarrita ateratzen dira azalera. Karraskarien aurka erabilitako produktuari dagokionez, arratoien aurkako legedia gero eta zorrotzagoa dela ikusita, langileek a antikoagulatzaile bat sartzen dute estoldetan, arratoiek ondoren irentsi dezaten.


