Goia: «Badirudi ondarearen babesa batzuei ez zaiela horrenbeste axola hotel bat denean»
Jon Insausti Turismo zinegotziak astelehenean gaitzetsi zuen hiriko hainbat gaztek Parte Zaharreko Sansebay hotelaren aurka egindako ekintza, baina Eneko Goia alkateak gaitzespenean sakondu nahi izan du astearteko Tokiko Gobernu Batzordearen osteko prentsaurrekoan.
Hain zuzen ere, Bizilagunekin plataformak turistifikazioaren aurka igandean antolatutako manifestazioaren inguruan kazetariek galdetuta egin ditu adierazpenak alkateak: “Ez nituzke bi gauzak nahastu nahi, baina ezinbestekoa egiten zait aipatzea horren bueltan eraso bat izan dela. Hotel bati pintura gorria bota diote fatxadan; badirudi ondarearen babesa batzuei ez zaiela horrenbeste axola hotel bat denean. Eta hori erabat gaitzetsi beharra daukat. Arriskutsua da dinamika batzuk martxan jartzea, horrelako ondorioak izan ditzaketelako. Eta uste dut diskurtso jakin batzuek horrelako dinamikak elikatzen dituztela”.
Ordea, ez du zehaztu zein diskurtsori egin nahi izan dion erreferentzia: “Ez dakit, ez dutenez aurpegia ematen… Ez dakit nork egiten dituen Tourist go home dioten pintaketak. Agian ahaztu zaigu hiri honetan hotel baten harrera guneari egindako eraso bat bizi genuela; niri ez zait ahaztu. Tokiko enpresari baten hotel bati egin zitzaion eraso hori, gainera”.
Era berean, Bizilagunekinek antolatutako Turistifikazioaren Aurkako Urria kritikatu du: “Ni ez nator bat horietan egiten diren baieztapenekin, ez natorrelako bat ez diagnostikoarekin eta ezta gogoetarekin ere; segur aski, erabat jokoz kanpo dago”.
Ildo horretatik, “datu deigarri batzuk” mahai gaineratu nahi izan ditu, Bizilagunekin plataformak kritikatzen duen turistifikazioari ordez, turismoari erreferentzia eginez: “Hemen protestatzen ari gara, eta gero kanpotik turismoan etortzen zaizkigunak baino hiru aldiz gehiago joaten gara kanpora. Bizitzaren paradoxak: besteen jokabidea kritikatzen dut, baina ez dut nirea begiratzen. Nik oso argi daukat, turismoa fenomeno global bat da, guri ere eragiten diguna, eta arduraz kudeatu behar duguna. Baina uste dut dinamika jakin batzuk abiatzea, anti direnak, ez dela turismoari heltzeko modurik zentzudunena”.