Lisboa hartzera doa Reala
Mikel Merino, Benficaren estadioan entrenatzen. (Argazkia: Reala) Realak Txapeldunen Ligako beste zita garrantzitsu bat dauka gaur gauean (21:00, Movistar+), Benficaren aurka jokatuko baitu Lisboan, multzoen faseko hirugarren jardunaldian. Oso maila ona erakusten ari dira txuri-urdinak Europako txapelketa gorenean —Inter Milanen aurka berdindu zuen eta Salzburgoren aurka irabazi—, eta bide horretatik jarraitu nahi dute gaurkoan; Lisboara joan diren 3.500 realzaleen babesa izango dute horretarako. Lisboa partida ofizialean bisitatzen duen hirugarren aldia da Realarentzat, 1983an eta 1987an bisitatu ostean; bietan, Sporting Lisboaren aurka jokatzeko izan zen, eta bietan kanporaketa irabazi zuten donostiarrek.
Imanol Alguacilek bere hamaikako titularra zelairatu ahalko du, Mallorcaren aurkako neurketan Le Normandi, Traoreri eta Takeri, besteak beste, atsedena eman ostean. Horrela, litekeena da Remiro ateratzea atean; Traore, Zubeldia, Le Normand eta Aihen atzean; Zubimendi, Merino eta Brais erdian eta Take, Oiartzabal eta Barrenetxea aurrean. Izan ere, Alguacilek oraindik ez ditu eskuragarri Tierney, Andre Silva eta Odriozola.
Benficari dagokionez, gaizki hasi du Txapeldunen Liga, lehenengo bi neurketetan Salzburgoren (0-2) eta Inter Milanen aurka (1-0) galdu baitu. Hala ere, kontuan izateko moduko aurkaria da, Portugalgo txapelduna baita, eta bere zaleen bultzada izango du gaur gauean. Honakoa izaten da portugaldarren ohiko hamaikakoa: Trubin; Bah, Otamendi, Silva eta Bernat; Kokcu, Silva eta Neves eta Di Maria, Musa eta Aursnes. Arretaz jarraitzeko jokalari asko daude hamaikako horretan, baina Realeko atzelariek bereziki adi egon beharko du Angel Di Maria argentinar ezagunarekin, 35 urte baditu ere, maila handiko jokalaria izaten jarraitzen baitu.
Taldeko liderra da egun Reala, Inter Milanekin lau puntura berdinduta. Horrela, etxetik kanpo berdinketa bat lortzea emaitza ontzat hartu badaiteke ere, Alguacilek prentsaurrekoan argi adierazi du ez doazela berdintzera, hiru puntuak batzera baizik.

