Gertakari historiko handiak formatu txikian ekarri ditu Iñaki Egañak
Iñaki Egañak (1958, Amara) bi liburu berri argitaratu ditu Txalaparta argitaletxearekin, bilduma berri bat estreinatuz. Txikia. Ur handiak ereiten eta Ogro operazioa. Ekintza eta mitoaren eraikuntza dira bi liburuak.
Aski ezagunak dira gaiok askorentzat, baina azaldu dutenez, atzera begiratzeko beharra ikusten dute, memoria galdu ez dadin. Horretarako, “denbora eta gertutasuna” beharrezkoa dela esan du Egañak. Eta gehitu duenez, bilduma hau “gazteei begira” ez ezik, publiko zabalago bati eskaini zaio: “Galtzen ari da irakurtzeko ohitura eta erraztasuna”. Historiak bihurgune asko dituen arren, “gauzak laburrago kontatu daitezkeela” uste du Egañak. Eta hori da hain zuzen, bilduma honen helburua. Ane Eslava editoreak azaldu du eduki dibulgatzailea egin asmoz abiatu dutela bilduma berria, liburu laburragoak argitaratuz.
Ogro Operazioan frankismoan Espainiako presidentea zen Carrero Blancoren erailketa kontatzen da. “Nik erailketa ordez tiranizidioa erabiltzen dut. Diktadura bateko presidentea izanik, hori iruditzen zait dela termino historiko konkretuena eta erabiliena”.
Eva Forestek 1974ean, atentatua egin eta hilabete gutxira, Txikia komandoa elkarrizketatu eta izen bereko liburua kaleratu zuen, best-seller klandestino bat bihurtuz. Egañak azaldu du garaiko testuinguruari erantzuten diola liburuak: “Adibidez, Argalak hainbat gauza kontatzen ditu, ez direnak guztiz egia, polizia despistatzeko esanak dira “. Halaxe, gai ezagunak diren arren, “datu berriak” eskaini ditu Egañak bi liburukietan.
Txikia
Eustakio Mendizabal Txikia ETAko kide historikoaren bizitza dakar beste liburukian. Itsasondon jaioa, 1973an hil zuen poliziak tiroz, Algortan. Militante ezaguna zen, zuen karismagatik, baina batez ere bere euskaltzaletasunagatik. Lazkaoko beneditarretan ikasi zuen, eta, idazlea eta poeta izan zen, militantea baino lehen.
Egañaren iritziz, “paradigma” bat zen Txikia. 1960ko hamarkadaren “eztandaren barruan” kokatzen du Egañak, Euskal Herriaren bigarren udaberria deitu dionean.
Txikiaren bizitzan hainbat emakumek zuten presentzia nabarmendu du Egañak. “Bi ezkutaleku zituen Txikiak, bata Lasarten eta bestea Ondarroan. Bertako jabeak ziren emakumeak bizirik daude, eta euren bizipenak sartu ditut liburuan”. Izan ere, Egañaren arabera “Ahaleginak egin behar dugu emakumeen parte hartzea azaleratzeko, bestela ez genuke benetako historia kontatuko”.