Belartza Goikoa industrialdea eraikitzeko plana onartu du udalbatzarrak
Belartza Goikoa industrialde bihurtzeko proiektua. Irail bukaeran Tokiko Gobernu Batzordeak oniritzia eman ondoren, udalbatzarrak gaur (hilak 26) onartu du Belartza Goikoa guneko plan partzialaren onarpena. Udal gobernua osatzen duten taldeek soilik bozkatu dute alde; kontra, berriz, EH Bilduk, Alderdi Popularrak eta Elkarrekin Donostiak.
Planean zehazten denez, logistika gune bat joango da bertan, eta, hain zuzen ere, horixe izan dute mintzagai Ricardo Burutaran EH Bilduko zinegotziak eta Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak. Burutaranek udal gobernuari gogorarazi dio Belartza Goikoko lurrak industriara bideratu beharko liratekeela zehazten duela plan orokorrak, eta adierazi du bertan ezarri nahi den zentroak ez duela “torloju bat bera ere” ekoiztuko. Kontrara, Arzallusek Burutarani egotzi dio Bildu gobernuan zenean lur horiek desklasifikatu ez izana: “Orain ez ginateke honi buruz hitz egiten egongo”.
PPk ere hitza hartu nahi izan du. Velez de Pablos zinegotziak ere eraikiko den gunea kritikatu du, merkataritza txikiari kalte egingo diolakoan: “Azkenean, merkataritzarik gabeko kaleak izango ditugu, eta horiek tradizio izan dira orain arte Donostian, hiriari bizia ematen diote”.


