Birunda jaio da: Parte Zaharreko gune autogestionatu berria
Birunda gune autogestionatua inauguratu dute asteazkenean. Parte Zaharrean, abuztuaren 31 kalean dago lokala. Lehendik jatetxe bat izan zen, baina jabeak zituen zorrak zirela eta –hainbat lokal dituen enpresaria da jabea–, hutsik zegoen eta mugimendu autonomoetan ibilitako hainbat lagunek okupatu zuten aste batzuk atzera.
Azken asteak lanean eman dituzte, lokala egoera txarretan zegoelako, baina atzo nabari ziren egindako auzolanak, eta bertaratutakoek pozik hartu zuten lokal berriaren irekiera.
Birundako kideak, azken urteotan Donostialdean izandako hainbat proiektu autonomoetan ibilitakoak dira. Eskarmentu horretatik abiatuta hainbat printzipio politiko zehaztu dituzte proiektuaren erabilera mugatzeko. “Gure minimoak asko dira”, esan zuten, erdi barrez.
Zazpi printzipio
Zazpi printzipio politiko adostu dituzte, eta horien baitan, espazioa erabilera definituko dute: Transfeminismoa, antikapitalismoa, antiautoritarismoa, antiespezismoa, antifaxismoa, antirrazismoa eta internazionalismoa dira printzipiook. Sarrerako lehen zutabean daude printzipio horiek eta bere inplikazioak ondo azalduta.
Azaldu dutenez, espazio autonomo gisa sortu dute, eta horrek izango du lehentasuna. Honela, egitura hierarkiko eta nazionalak dituzten erakundeek ezingo dute espazioa erabili, eta lehentasunez auzoko eragileek erabili ahal izango dute.
Parte Zaharrak turismoarekin bizi duen egoera zaila dela eta, bestelako aisialdi eskaintza bat egingo dute Birundan, eta ez da parranda, ez eta soinurik egingo. Alkoholik ere ez dute zerbitzatuko.
Printzipio horiek, esan bezala, “lehendik izandako esperientzietatik” atera dituzte kideek, baina espazioa erabat irekita dagoela nabarmendu dute, eta gonbita luzatu jendeari auzolanetan parte hartzeko, bai eta bertan egingo diren jardueretan ere.
Parte Zaharrak izandako azken gune autogestionatua Kijera gaztetxea izan zen. Aurten, gazte asanblada Guardetxea okupatzen saiatu den arren, Udaltzaingoak hainbatetan zigilatu du gunea.