59. Jazzaldian parte hartzeko izen ematea ireki dute
Donostiako 59. Jazzaldian arituko diren hamar euskal taldeen hautaketa prozesua ireki berri dute ostiral honetan. Antolatzaileek azaldu dutenez, Jazzaldiak euskal taldeen aldeko apustuarekin jarraitu nahi dute etorkizunean ere eta lekua egin nahi diote bertako talentuari.
Hautaketa prozesua Gipuzkoako Foru Aldundiaren bidez egingo da, Gipuzkoako talentu gazteak bultzatzen dituen Katapulta Tour Gipuzkoa deialdiaren barruan. Hala, prozesuan parte hartzeko, taldeek Jazzaldiaren webgunean izen-ematea osatu eta hautaketa prozesu horren oinarrietan zehazten den materiala bidali beharko dute, azaroaren 23ko 14:00ak baino lehen.
Jasotako proposamen guztien artean, hamabost talde aukeratuko dituzte Jazzaldiko antolatzaileek, “aurkeztutako musikaren kalitatea eta jaialdiaren programazioarekiko izan dezaketen egokitzapena kontuan hartuta”. Horren ostean, hamabost talde horiek Donostiako hainbat antzoki eta guneetan kontzertuak eskainiko dituzte 2023ko abendutik 2024ko apirilera bitarte, eta emanaldi horietako arrakastaren arabera aukeratuko dituzte 2024ko uztailean oholtza gainean egongo diren hamar finalistak.
Euskal Jazz taldeen artean hautaketa prozesu bat aurrera eramateko ekimena 2006an jarri zen abian lehen aldiz eta harrezkero arrakasta handia izan du, antolatzaileen arabera. Azken edizioan esaterako, 47 talde aurkeztu ziren.