Ez da agur bat, gero arte bat baizik
Antiguako Jai Batzordeak auzoko hainbat eragilerekin elkarlanean Gero Arte Frontoia! jaialdia antolatu du, harmailetan egin behar dituzten lanen aurretik, auzoko gune garrantzitsua omentzeko. «Frontoiak eman dizkigun momentu on guztiak jai giroan oroituko ditugu» adierazi du Ander Lareki (Antigua, 2001) Antiguako Jai Batzordeko kideak.
Pilotalekuko lanek auzotarrei ez ezik, elkarte batzuei ere zuzenean eragiten dietela jakitun, haiekin jarri dira harremanetan: «Proposamena dantza taldeari luzatu genion, emanaldiak egiteko baliatzen duelako, baita pilota eskolari ere, apirilera arte pilotalekurik ez izateak egoera kritikoan utz ditzakeelako». Hala, auzoko bost eragileren artean, «goizeko hamarretatik, iluntzeko bederatziak arte», jarduerez jositako egitaraua ehuntzea lortu dute.
Esku pilota partidekin hasiko dute goiza (10:00), Antiguako Pilota Klubak antolatuta. Ondoren, Loretope Konpartsak buruhandien eta erraldoien kalejira egingo du auzoan zehar. Festa giroari Antiguotarrak Dantza Taldeak hartuko dio lekukoa 13:30ean, eta ordu berean zabalduko da bazkaltzeko aukera: «Mahaiak jarriko ditugu, udako jaietan egiten den moduan, nahi duenarentzako eskuragarri», dio Larekik.
Arratsaldean (15:00-18:00), jolasak eta kirola izango dira nagusi. Txantxarreka gaztetxeak bingoa eta «barraketakoen moduko jolasak antolatuko ditu punteria eta arrantza lantzeko», azaldu du Larekik. Horren ostean, haurren krosa egingo da pilotalekuren inguruan, eta txikienak lasterketan dabiltzan bitartean, helduek harri jasotzaileen kirol ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute. Iluntzean (18:00), berriz, musika izango dute lagun, Antiguako Do ta ke! txarangarekin.
Egitarau honen bitartez, urtarrileko jaien aurretiko mokadua eskaini nahi du Antiguako Jai Batzordeak. Izan ere, pilotalekuko lanek nabarmen baldintzatuko dute hurrengo jaien egitaraua: «Xumeagoak izango direnez, inoizko jai herrikoienak egingo ditugu», onartu du Larekik. Dagoeneko lanean dabiltza eta lehen zirriborroak esku artean, «itxura ona» dutela nabarmendu du.