GOe: hiria saretu ezin duen proiektu korapilatsua
Azaroaren erdialdera hasi nahi ditu Basque Culinary Centerrek eraikin berria eraikitzeko lanak. Haren kalkuluen arabera, 2025eko apirilerako irekita behar luke Gastronomy Open Ecosystem eraikinak. Gros eta Ulia auzoetan, eta hirian, oro har, asko izan dira proiektuaren aurka ahotsa altxa nahi izan duten hiritarrak. Udalak, bere aldetik, orain arte proiektuari babesa lau haizeetara eman badio ere, erreportaje honetan ez parte hartzea erabaki du, horretarako aukera eman zaion arren.
Azken hilabeteotan hirian harrabotsa sortu duen gairik bada, hori Basque Culinary Centerrek (BCC) Okendo Alde gunean eraiki nahi duen egoitza berria da. Gastronomy Open Ecosystem (GOe) delakoak, gastronomia «talentuarekin, ikerketarekin, berrikuntzarekin eta ekintzailetzarekin» uztartzea du helburu, bere webgunean irakur daitekeenaren arabera. Hala ere, hiritarren artean haserre bizia eragin du proiektu hau egikaritzeko hartu den bideak, eta Uliako eta inguruko eragile ugari proiektuaren aurka azaldu dira —eraikina joango den gunea Ulia-Ategorrieta auzoan kokatzen du hiri antolamenduko plan orokorrak (HAPO), baina Grosi itsatsita dago—. Izan ere, lursail publiko bat, Gros ondoan geratzen den eremu berde bakarra, fundazio baten esku geratuko da datozen 75 urteetarako, hark bere interesen araberako proiektu bat gara dezan. BCC fundazioko buru Joxe Mari Aizegak honela defendatu du proiektua: «Guk etorkizuneko proiektu bat bultzatzen dugu Donostiarentzat, Gipuzkoarentzat eta Euskal Herriarentzat, benetan ekarpena egingo diona gure lurraldeari».
Nola heldu gara honaino?
2021eko abuztuaren 10ean egin zuen iragarpena Eneko Goiak: BCCri 5.500 metro koadroko lursail bat utziko ziola iragarri zuen —azkenean 3.836 metro koadro izan dira—. EH Bilduk lehen unetik erakutsi zuen proiektuari buruzko aurkakotasuna, Grosek «etxebizitza premia larria» duela eta «turistifikazio prozesu batean murgilduta» dagoela argudiatuta. Elkarrekin Donostia eta Alderdi Popularra ere proiektuaren aurka daude. Victor Lasa ezkerreko koalizioko zinegotziak adierazi zuen «beharrezkoa balitz zuhaitzetara kateatuko» zela. PP hasieran proiektuaren alde lerratu zen, baina gero aldatu egin zuen bere jarrera: «Erabaki politiko batek horrelako kontrakotasuna badu auzotarren partetik, justua da onartzea okertu garela».
Hiriko eragileen artean, proiektuaren aurka sutsuen agertu den eragileetako bat Uliako Auzo Elkartea izan da. Udalak aurrera egin dituen urratsei helegiteak jarri dizkie auzitegietan, eta azken urtean ezin konta jarduera antolatu ditu proiektuaren aurka: mahai inguruak, eztabaidak, eta, azkenaldian, martxak. Azken horietan gero eta jende gehiago elkartzen ari da, proiektuak auzoan eragiten duen ezinegonaren erakusle. Auzo elkarteaz gain, hiriko beste hainbat eragilek ere euren desadostasuna azaldu dute: Haritzalde Naturzaleen Elkarteak, Kaleratzeak Stop eta Bizilagunekin plataformek eta Hondarpe Groseko auzo elkarteak, kasu.
«Argi geneukan proiektua hiri mailan garatu behar zela:
traman zenbat eta hurbilago, hobeto; hori
geneukan lehentasun moduan»
Joxe Mari Aizeaga | Basque Culinary Center fundazioa
Hori guztia jakinda ere, udalak bere asmoei eustea erabaki du, udal hauteskundeen emaitzek horretarako legitimazioa ematen diola iritzita, Marisol Garmendia PSE-EEren bozeramaileak iraileko udalbatzarrean esandakoaren arabera. Eta pixkanaka egin beharreko tramite guztiak aurrera eraman ditu: hiri antolamenduko plan bereziaren onarpena, hirigintza eremuko erabilera 75 urtez BCC fundazioari esleitzea —azken hori, doan— eta obra handiko lizentzia ematea, eraikina eraikitzen hasi ahal izateko.
Izan ere, iazko maiatzean Goiak esan zuen «arduragabea» izango litzatekeela BCCren proiektuari ezetz esatea: «Donostiak zer esango du? Ezetz, Donostian ezetz? Nik uste dut ez dugula hori egin behar». Kritikei buruz galdetuta, «beti» horrela izaten dela adierazi zuen. Ildo beretik hitz egin zuen Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak 2023ko martxoko udalbatzarrean: «BCC estrategikoa da guretzat, eta bigarren eraikina aberasgarria izango da gizartearentzat». Gogoratu behar da eraikin berria egiteko proiektuak 26 milioi euroko aurrekontua duela, eta horietatik 24 erakunde publikoek jarriko dituztela: hemezortzi Eusko Jaurlaritzak eta sei aldundiak; gainontzeko bi milioiak BCC fundazioak jarriko ditu. Hala ere, aintzat hartzekoa da BCCk urteko aurrekontuaren %18 erakunde publikoekin egindako deialdietatik, hitzarmenetatik eta ekitaldietatik jasotzen duela —ez da ekarpen zuzena, bere jardunbidearekin lotutako proiektuetarako eta ekimenetarako ekarpena baizik—.
Fundazioa isilik mantendu da orain gutxi arte. Bertako zuzendariaren hitzetan, «udalak bere fasea bukatu zuenean» hasi ziren hitza hartzen, iruditzen zitzaielako aurreko fasean ez zitzaiela «tokatzen»: «Gu ez ginen inor hor sartzeko, gurea edukia da». Dena den, udalaren jarrera babestu du: «Ez da ezer arraroa egin: udalak bere prozesuak eta erabakiak hartu ditu, eta guk positiboki ikusten dugu».
Hiriaren turistifikazioan sakontzeko tresna
Aipatu moduan, proiektuak haserrea piztu du auzoko eta hiriko eragileen artean. Uliako Auzo Elkartea eta Haritzalde Naturzaleen Elkartea dira horietako bi. Bi elkarteetako ordezkariek diote arazoaren errora joan behar dela hura konpontzeko: «Beste behin ere, udalak bide azkarretik jotzen du plan berezi bat onartuz, baina gisa horretako aldaketa batek HAPOaren aldaketa eskatzen du». Adierazi dute plan orokorra «erabat zaharkituta» dagoela, «iraungita ez esatearren», «txikle baten moduan» luzatu dela eta Okendo Aldekoa bezalako «petatxuz beteta» dagoela. Azken HAPOa 2010ekoa da, eta orain ari dira hura berrikusten. Haren aurrekoa 1995. urtekoa izan zen. Beraz, orduan ere hamabost urte igaro ziren HAPO batetik bestera.
HAPOan zehazten dira hiriaren funtzionamenduaren nondik norakoak, eta hura aldatzeko erabiltzen dira plan bereziak. Udal gobernuak formula hori erabili du Okendo Alden, «interes orokorra alboratuz», Haritzalderen hitzetan. Felix Soto, Uliako Auzo Elkarteko kidea izateaz gain, Donostiako Udaleko Hirigintza saileko buru izan zen 1979tik 1985era, eta argi du plan berezien «erabilera okerra» egiten ari direla: «Plan berezia gauzak hobetzeko mekanismoa da, eta alderantziz erabiltzen ari dira». Haritzaldeko Jon Leozentzat «eskandalu bat» da proiektua, eta elkartekoek uste dute horrela izapidetzeak «berme gutxi» ematen dizkiela hiritarrei proiektuaren aurka joateako: «Horrek frustrazio handia eragiten digu».
Beraz, honako galderak egiten dituzte bi elkarteetako ordezkariek: zergatik? Zer dago horren atzean? Zergatik egiten da halako esfortzua erakunde publikoetatik fundazio baten proiektua sustatu, lagundu, finantzatu eta gauzatzeko? Azkar erantzun diete galderei: «Hiriaren turistifikazioan sakontzen jarraitzeko». «Izango du gastronomiaren ikerkuntzari lotutako xedea; baina, eta batez ere, beste interes gune bat da, kokapen pribilegiatu batean eta baliabide publikoekin, hiriak nazioarte mailan hiri turistiko moduan funtzionatzen jarrai dezan», diote Haritzaldekoek. Hain zuzen ere, Goiak «hiriaren posizionamendua» aipatu zuen argudiotzat.
Gune berdeen «babestutako degradazioa»
Izan ere, kokapena izan da eztabaidatu den beste elementuetako bat. BCCren interesa zein zen zuzen adierazten du Aizegak: «Argi geneukan proiektua hiri mailan garatu behar zela: traman zenbat eta hurbilago, hobeto; hori geneukan lehentasun moduan». Udalak eskainitako aukeren artean, dio bi aldeek «argi» ikusi zutela Okendo Aldeko orubea zela proiektua aurrera eramateko «egokiena». Aizegaren esanetan, proiektua auzo periferiko batean kokatuko balitz ez litzateke «bideragarria» izango, «berrikuntza bisitarien eta hiritarren partaidetzarekin garatu behar delako».
Bertan eraikitzeak, ordea, gaur egun hor dagoen gune berdea suntsitzea dakarrela kritikatzen dute hiriko eragileek. BCCk, bere aldetik, adierazi du bere konpromisoa dela «ahal den guztia birlandatzea», zuhaitzak eta zuhaixkak barne, eta horretarako «txosten gehigarri bat» eskatu dutela —hasiera batean 88 zuhaitz eta zuhaixketatik soilik hamabi zuhaitz birlandatzeko konpromisoa hartu zuen—. Haritzalderentzat, baina, «ez da hainbeste beste leku batera eramatea, non dauden baizik: auzotarrei ematen dien zerbitzua, eta hiriaren arnasgune moduan funtzionatzeko izaera. Bertan dagoen biodibertsitatea ez duzu lortuko eraikin bateko estalkian lau loreontzi jarrita».
Erakunde ekologistak uste du udalak hori «errespetatu» beharko lukeela, «gune hori eta beste batzuk beraien onera ekarri, eta gehiago landatu»: «Donostiak oso berdea dirudi, baina hiriko parkeei dagokienez, hirigunean bizi direnek ez daukate zein parketara joan, ez delako hiriko parkeak egitea sustatzen». 2020an udal gobernuak Larrialdi Klimatikoaren Adierazpena onartu zuela gogorarazi du: «Ingurumen politikari buruz dioena eta aurrera eramaten dituen proiektuak kontraesankorrak dira euren artean».
Izan ere, Haritzaldek kezka azaldu du «udalak babestutako degradazio bat» eman delako gune horretan, «jendeak leku abandonatutzat ikus dezan». Horrek gisa horretako proiektu bat justifikatzeko abagunea sortzen diela uste du Leozek: «Belardi horiek urteak daramatzate udalaren partetik abandonatuta. Ez dago hirian leku pribilegiatuagorik, baina ez da euro bakar bat ere inbertitu horiek zaintzeko eta eguneratzeko. Nahita utzi dute gune hori zaindu gabe, babestu gabe, degradatzen joan zedila, dirua emango dien zerbait egiteko intentzioarekin».
Ildo horretatik, uste du udal agintariek enpresa bat balitz bezala kudeatzen dutela hiria, «dirua irabaztea» soilik baitute helburu: «Hemen ez gaude dirua irabazteko, bizitzeko baizik. Hiritarrak gara, eta dirua irabazteko izango ez diren guneak behar ditugu, gune naturalak». Haritzaldekoa beldur da udalak Okendo Alderekin izan duen jarrera daukan antzeko lekuetan gauza bera ez ote den gertatuko.
«Hemen ez gaude dirua irabazteko, bizitzeko baizik.
Hiritarrak gara, eta dirua irabazteko izango ez diren
gune naturalak behar ditugu»
Jon Leoz | Haritzalde Naturzaleen elkartea
‘Hondalea’ 2.0
Bestalde, proiektuaren helburuetako bat auzotarren partaidetza sustatzea bada, bi elkarteko kideen ustez interesgarriagoa lirudike proiektuaren kontra azaldu den auzo batean ez kokatzea, edo proiektua benetan auzo kohesioan laguntzeko balio lezakeen proiektutzat hartzea, eta ez «hiri eskalako proiektu baten» gisan, Sotok adierazi moduan. Haritzalden ere argi mintzo dira: «Zaila da sinisten auzotarrentzako zerbait izango denik».
Hondalea eskultura aurkeztu zenean ere, donostiarrei begirako egitasmoa zela esan zuen udalak. Orain dela gutxi jakin da, ordea, udal gobernua Turismo Plan berria aurkeztekotan dela, eta txostenak azalean Hondalea eskulturaren argazki bat daramala, alkatearen esanetan, helburu turistikorik gabe egindako esku hartze artistikoa.
GOe-rekin gauza bera gertatuko denaren susmoa du erakunde ekologistak: «Ondo legoke lehen bi urtean bertara sartuko den jendea nongoa den jakitea, ikusteko benetan zenbat jende den Grosekoa, eta ea zenbatek sentitzen duen eraikin hori Groseko bizilagunen gozamenerako eraiki dela».
Hain zuzen,GOe-k ikerketa izango du xedeetako bat, baina talentu hori kanpotik ekarri nahi du —«nazioartean talentua berritzeko eta erakartzeko ekosistema» moduan aurkezten du bere burua—. Alabaina, Sotok kritikatu du horretarako finantziazioa dagoen bitartean, Euskal Herriko ikerlariak euren lan baldintzen alde borrokan ari direla azkenaldian: «EHUko ikerlariek eta ordezkoek greba egiteko beharrean ikusi dute euren burua, zortziehun euro ordainduko dizkietelako. Ez diezagutela adarrik jo, eta lanean ari direnei eta ikertzaile profesionalak direnei, ordaindu beharrekoa ordain diezaietela, eta finantzazioa eman diezaietela ikertu ahal izan dezaten».
Hiriaren etorkizuna jokoan
Dirua zertarako den, iturria gehiago edo gutxiago irekitzera ohituta gauzkate agintariek, eta proiektu honetarako txorrotak metro kubiko asko botatzen ditu segundoko. Sotok salatu du HAPOan aurreikusita zeuden hainbat proiektu finantziazio faltagatik ez direla aurrera eraman —esaterako, aurreikusita zeuden etxebizitza libreen %64 egin dira, baina babestuen %31 baino ez—, baina erakundeek GOe-rako hasieratik erakutsi dutela prestasun osoa: «Guk finantzaketa hori hamahiru urte zain daramatzaten proiektuentzat izatea nahi dugu».
BCCk bilera sorta bat abiatzeko asmoa izan zuen uda ondoren hainbat eragilerekin, «informazioa partekatzeko prozesu aktibo bat martxan jartzeko». «Guk nahiko genukeena da, eta jakinda batzuk ez direla ados egongo, errespetuzko bilera bat izatea, elkarri entzutea, eta gure esku dagoena kontutan hartzea», dio Aizegak.
«Aurpegira barre egiten ari zaizkigu. Berrogei urtean
nik ez dut ikusi parke publiko batean ezer egin dutenik,
eta orain ausartu egin dira»
Felix Soto | Uliako auzo elkartea
Eragile batzuek, ordea, bertan parte ez hartzea erabaki zuten. Auzo elkartearentzat «berandu» iritsi zen proposamena, baina eztabaida ireki batera gonbidatu zuen fundazioa, udal talde politiko guztiekin batera —BCC, EAJ eta PSE-EE ez ziren agertu; bai, ordea, EH Bildu, Elkarrekin Donostia eta Alderdi Popularra—. Aizegak dio eztabaida horretara ez joateko arrazoiak bi izan zirela: bata, saiora gonbidatzeko gutunaren tonua «oso gogorra» zelako; bestea, eztabaidaren helburua «udalean egin zen prozesua kritikatzea eta zalantzan jartzea» zelako, eta uste du BCC ez dela «inor» horri buruzko iritzia emateko.
Haritzaldek «zuriketa» zela esan zuen: «Proiektua herritarrei ireki zaiela esateko justifikazio bat zen, baina benetan hori egin nahi izan balute badaude bide legalak horretarako. Oso ondo arduratu dira hau guztia plan berezi bidez izapidetzeaz, horrek ez baitu proiektua jendaurrean azaltzeko eta herritarrek ekarpenak egin ahal izateko eperik aurreikusten. Gero horren itxura egin nahi izan dute, inora ez doana, eta guk ez dugu joko horretan sartu nahi izan».
Hala, ez daude geldirik egoteko. Haritzaldek «erantzun sozialean» ipini du fokua, gero eta indar handiagoa hartzen ari baita. Sotok dio auzo elkarteak «dena oztopatzen» jarraituko duela, hartara lanen hasiera atzeratzeko: «Plan bereziari helegitea jarri diogu, eta orain lizentziaren esleipenarekin gauza bera egingo dugu». Gainera, helegiteen aurrean udalak duen jarrera salatu du: «Beti bezala, dokumentazioa falta zen, eta berriro bidaltzeko eskatu behar izan zaie. Tranpa leku guztietan dago: zenbakitu gabe bidali ohi dituzte dokumentuak. Oraingoan ez dakit zehazki hori izan den arazoa, baina bidali dute dagoeneko».
Era berean, martxak antolatzen jarraituko dute: «Aurpegira barre egiten ari zaizkigu. Dena izorratuko dute: jendeak horretaz konturatu behar du, eta hemendik aurrera antolatuko diren mobilizazio guztietara joan. Jendea lo egon da orain arte, eta agintariak hazi egin dira. Izan ere, berrogei urtean nik ez dut ikusi parke publiko batean ezer egin dutenik, eta orain ausartu egin dira».