Txirain elkartea, 25 urtez kulturari hatsa ematen
Txirain Kultur Elkarteak 25 urte bete ditu urrian, eta askotariko ekitaldiak antolatu ditu urteurrena ospatzeko. Kulturaz gain, auzotarren arteko harremana sendotzea ere bilatu du hastapenetatik, eta Antiguako bizilagunen topaleku bilakatu da.
Antiguako hainbat bizilagun eta guraso taldek kultura topaleku berria ireki zuten duela 25 urte, Erregezaintza kalean, Jakintza eskolaren aldamenean. «Txirain izena jarri genion, inguruko baserri baten omenez», azaldu du Joseba Urzelaik (Venezuela, 1952). Berarekin batera hasi ziren Libe Villarren (Antigua, 1990) gurasoak ere, eta goxotasunez gogoratzen ditu haurtzaroan igarotako orduak: «Erroskillak prestatzen genituen askotan, eta gurasoen ostegunetako afariak festa ikaragarriak bilakatzen ziren guretzat».
25 urteko denbora tartean, hamaika egitasmo eta tailer egin dira Txirainen. Villarrek azaltzen duen moduan, «gastronomiaz harago», berdintasuna eta euskal kultura sustatzea izan dute helburu. Egun, danborrada, udako pilota txapelketa eta argazki bildumen erakusketak nabarmentzen dira, besteak beste: «Argazkilaritza afizio handia dugu inguruan eta bi edo hiru hilabetean behin, auzotar baten erakusketa izaten dugu».
Bazkideentzako topaleku izateaz gain, auzoko beste eragile batzuentzako ere probetxuzko gunea bilakatu da. Hain zuzen, Lugaritz Kultur Etxeak sukaldea baliatzen du sukaldaritza tailerrak eskaintzeko, eta Jakintza Ikastolarekin ere otorduak antolatu dituzte hainbatetan, ikastetxeko familien arteko harremana sustatzeko.
Elkarte gisa egin duten ibilbidea ospatzeko, askotariko egitasmoak antolatu dituzte udazkenerako; lehena bihar izango dute, musika nagusi izango den bazkariarekin. «Kalejira bat egingo dugu frontoitik elkartera», azaldu du Urzelaik. Horrez gain, bertso saio bat egingo dute azaroan, argazkigintza lehiaketa bat antolatuko dute datozen asteetan, eta jolasak egingo dituzte haur eta helduen arteko harremanak sendotzeko. «Hain zuzen, elkarte honen lorpenetako bat belaunaldien arteko harremanak dira, adin arte askotariko auzotarrekin elkartzeko aukera ematen duelako», dio Villarrek.
Etorkizunera begira
Mende laurdena beteta, etorkizunera begiratzen du elkarteak. Hasierako bazkide kopuru berdintsuarekin: 80 inguru dira egun, orduan bezala. Azken urteotan, ordea, bazkide berriak lortzea zailagoa dela onartzen du Urzelaik: «Elkartzeko ohitura asko aldatu da azkenaldian. Lehen, elkarteak ziren topagune. Orain, ordea, terrazetako giroa gailentzen da, batik bat».
Edonola ere, auzotarrak galdezka izan dituzte azken hilabeteotan, eta horrek ilusioa piztu die. «Guraso gazteak dira gehienak, eta eskola aldamenean egonda, haurrentzako espazioa sustatu dezakegu». Hain zuzen, bazkide berrien sarbidea bultzatzeko abantailak eskaini dizkiete kideen gertuko senideei, eta aldaketak egin dituzte ordainketari dagokionez: «Egia da 2.000 euro bat batean ordaintzea ez dela batere erraza askorentzat, eta ordainketa horren zatikatzea adostu dugu».
Gazteek taldea «aberastu» dezaketela jakitun, aurreko belaunaldiek utzitako arrastoari segida ematea gustatuko litzaioke Villarri: «Auzotarrek beraien espazio gisa sentitzea nahiko genuke. Haize berriak beti izango dira ongietorriak, ekintzailetasunarekin jarraitzeko bide ematen baitigu».