Garaipenak ihes egin die azken minutuetan
Realaren eta Rayo Vallecanoren arteko partidako une bat. (Argazkia: Reala) Realak gertu izan zuen garaipena igandean Vallecasen, baina etxekoek berdinketa egitea lortu zuten luzapenean, eta txuri-urdinak puntu bakarrarekin itzuli dira Donostiara. Etxekoek sartu zuten lehenengo gola, 31. minutuan, Muminek area barruan alderatze bat harrapatu eta baloia sarera bidali ostean. Ordea, Imanol Alguacilen mutilek ez zuten etsi, eta Oiartzabalek Barrenetxearen erdiraketa bikain bat errematatu zuen 42. minutuan berdinketaren gola egiteko. Bigarren zatian iritsi zen kapitainaren bigarrena, penaltiz, 67. minutuan. Hiru puntuak Donostiara etorriko zirela zirudien, baina etxekoek ere ez zuten etsi, eta Bebek area kanpotik egindako jaurtiketa bikain baten bidez egin zuen berdinketaren gola, luzapenean.
Saskibaloian, joan den astean ligako lehenengo porrota jaso ostean, Ibaeta Basketek garaipenaren bidea berreskuratu zuen larunbatean, Gran Canariari 82-76 irabazita. Horrela, ligako laugarren postuan daude orain donostiarrak. Gipuzkoa Basketi dagokionez, garaipena lortu zuen baita ere, etxean Fuenlabradari irabazita: 81-70.
Izotz hockeyan, oraindik ez dago Txuri Urdineko neskak garaitzeko gai den talderik ligan. Hain zuzen ere, seigarren partida jarraian irabazi zuten larunbatean, Jakaren etxean, baita nagusitasunez irabazi ere: 0-9. Lidergoan sendo daude donostiarrak.
Belar hockeyan, Realak ezin izan die azken partidotako sentsazio onei jarraipena eman, eta 0-1 galdu du etxean Egararen aurka. Ligako seigarren sailkatuak dira orain.
PARTIDAK
Futbola
Gizonezkoen liga, 11. jardunaldia
- Rayo Vallecano 2 – Reala 2
Saskibaloia
Emakumezkoen liga, 5. jardunaldia
- Ibaeta Basket 82 – Gran Canaria 76
Gizonezkoen bigarren mailako liga, 4. jardunaldia
- Gipuzkoa Basket 81– Fuenlabrada 70
Izotz hockeya
Emakumezkoen liga, 6. jardunaldia
- Jaka 0 – Txuri Urdin 9
Belar hockeya
Emakumezkoen liga, 7. jardunaldia
- Reala 0 – Egara 1

