Kofradia - Itsas Etxea Sariak banatu dituzte asteburuan
Kofradia Itsas Etxea sariak banatu dituzte asteburuan Aquariumen. (Argazkia: Kofradia - Itsas Etxea) Kofradia Itsas Etxea Sariak banatu dituzte asteburuan Donostiako Aquariumean. Artisau arrantzaren sektoreak sektorea babestu, zabaldu edo bultzatu duten erakunde eta pertsonei ematen die sari hori.
Larunbatean egin zuten ekitaldian, Kofradia-Itsas Etxea Sarien kategoria ezberdinak banatu zituzten. Lehen saria Mikel Martinezentzat izan zen (Orioko Berriz Ave Maria itsasontziko arrantzalea) eta dibulgazioaren Kofradia-Itsas Etxea saria jaso zuen. Kategoria honek, arrantzaleak proiektuari ematen dion babesa eta sare sozialetan egiten duen lana balioesten ditu, La Mar un trabajo una vida profilean arrantzaleen egunerokotasuna, espezieen bitxikeriak, arrantza-aparailuak eta abar zabalduz eta ezagutaraziz. Saritua ezin izan zen bertaratu, eta bere ordez, Oier Mujika lankideak jaso zuen saria.
Baxurako arrainaren balorizazioaren saria Getariara joan zen, Irizabal SA enpresara, baxurako arrainaren salmentan egindako lanagatik eta konstantziagatik. Gainera, handizkako saltzaile eta sektoreko funtsezko enpresaburu gisa ibilbide luzea egin du.
Bestalde, dibertsifikazioaren Kofradia-Itsas Etxea saria Palamoseko Arrantza Ekoizleen Elkartearentzat izan da. Kategoria honetan sektoreak ikusgarritasuna eman nahi izan dio sektorea dibertsifikatzeko proiektuak eta jardunbide egokien kasu bat bultzatzen dituen erakunde bati. Miquel Mir Martorell (erakundeko presidentea) eta Cristina Mañas (zuzendaria) igo ziren saria jasotzera.
Kofradia-Itsas Etxea sari berezia
Eta azkenik, Kofradia-Itsas Etxea sari berezia Jokin Guiliasagasti arrantzale jubilatu berriarentzat izan zen, Satanas II itsasontziko patroia, Donostiako kofradiako presidente ohia eta gaur egun Kofradia Itsas Etxeko kolaboratzailea.
Baxurako arrantzaren sektorea ekitaldian
Sariak banatzeko ekitaldian izan ziren, besteak beste: Arantxa Tapia (Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburua), Eneko Goia (Donostiako alkatea), Bittor Oroz (Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburuordea), Ane Insausti (Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Diputatua), Leandro Azkue (Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikulturako zuzendaria), Josu Peña (Hondarribiko zinegotzia) eta Haritz Alberdi (Getariako alkatea).
Baxurako sektoretik Eugenio Elduaien (Opegiko eta Gipuzkoako Arrantzaleen Kofradien Federazioko presidentea), Miren Garmendia (Opegiko zuzendaria), Aurelio Bilbao (Itsas Garapeneko presidentea eta Opeskaiako zuzendaria) eta Gipuzkoako arrantza kofradietako presidenteak izan ziren, besteak beste.
Gainera, artisau-arrantzaren urtea dela eta, goiz osoan zehar Donostiako portuan Izan Arrantzaleren jarduerak, saregileen erakustaldiak eta foodtruck bat izan ziren. Bertan, proiektuko produktuak (kroketak, arrain-zopa eta puddinga, eta hegaluzek hanburgesak) dastatu ahal izan zituzten.

