Tasa turistikoa ezartzeko aldarria Lakuara eraman du udalak
Udalak Donostian egonaldi turistikoei zerga bat ezartzeko “beharra” nabarmendu du Eusko Jaurlaritzarekin astelehen honetan egindako bileran. Jon Insausti Turismo zinegotziak Euskadiko Turismo Mahaian defendatu du tasa turistikoa, eta gogoratu du “behin baino gehiagotan osoko bilkurak aho batez onartu” izan duela eskaera hori Jaurlaritzari egitea.
Insaustiren arabera, zerga hori lau printzipioren arabera ezarri beharko litzateke: erakunde publikoek eta turismo industriak adosturiko tasa bat izatea, biltzen den diru kopurua udalak jasotzea, udalak autonomia osoz erabakitzea zein den kopuru horren helburua eta tasa pedagogia egiteko erabiltzea. Insaustik aipatu du tasa “hiria zaintzeko” erabili beharko litzatekeela.
Zerga berri horrek tokian tokiko egoerari erantzun beharko liokeela adierazi du Insaustik, eta, ildo horretatik, hirian ezartzearen beharrezkotasunaz mintzatu da: “Gure kasuan, udalak ulertzen du Donostiaren errealitateak merezi duela zerga bat ezartzea; hori bai, gainerako udalerriak baldintzatu gabe, izan ere, errealitate turistikoak askotarikoak dira”.
Dena den, Insaustik berak aitortu du tasa turistikoa ezartzeak ez lukeela bisitarien kopurua gutxituko. “Tasa duten gainerako hirietan ez da horrelakorik gertatu”, esan du Insaustik. Hortaz, neurria ez dator bat hiriko hainbat eragilek udalari eskatzen dioten desazkunde turistikoarekin.