Urriaren 31ko ospakizun batek kezka sortu du Aieteko bizilagunengan
Gau Beltza eta Halloween ospakizunen atarian, kezka zabaldu da Aieteko bizilagunengan, auzoan sor daitekeen giroagatik. Aieteko bizilagunen elkarteak adierazi duenez, “datorren asteartean, hilak 31, Halloween gauean, Donostia osoko neska mutilak Aieten elkartuko dira”. Ohartarazi dutenez, urtero legez, hiriko hainbat ikastetxetako ikasgelek bat egingo dute auzoan “litroak egiteko ” Era berean, autobusetan eta etxeetan “arrautzak botatzeko” asmoa dutela gaineratu dute.
Ospakizun honen inguruan jasotako informazioarekin, iazkoa errepikatuko delakoan daude eta alarma guztiak piztu dira auzotarren artean. Izan ere, 2022ko urriaren 31an festa giroa baino, “amesgaiztoa” bizi izan zuten bizilagunek. Lantxabe elkarteak azaldu duenez, auzoko ondasun publiko eta pribatuak hondatu zituzten gau horretan: “Auzoko atarietan sartu ziren, eta dena erasotu eta nabarmen zikindu zuten”. Udaltzaingoa eta Ertzaintza ere bertaratu ziren, eta hainbat atxiloketa egin zituzten.