Legealdi honetan ia 2.000 etxebizitza eraiki nahi ditu udal gobernuak
Eneko Goia alkateak 2023-2027ko legealdirako ondu duten gobernu programa aurkeztu du Politika Orokorreko Udalbatzarrean, eta, besteak beste, legealdi amaierarako “1.900 etxebizitza eraikitzea” jasotzen du programak. Zehazki, lau urtean 1.993 etxebizitza eraiki nahi dituzte: Loiolako Lorategi Hirian 292, Txomiñenea II garapenean 359, Infernuan 540, Illarran 262, Igaran 250, Añorgan 248 eta Martuteneko Apostolutza eremuan 42 etxebizitza. Etxebizitza kopuru hori ez da berria, pasa den legealditik onartuta edo exekuzioan baitaude hirigintza garapen horiek. Halaber, aipatzekoa da “Donostia tentsio handiko eremu izendatzea” jaso dutela programan, eta baita ere “etxebizitzari buruzko legeetan jasotako neurriak abian jartzea, auzo bakoitzaren kasuistikaren arabera”.
Horrez gain, gobernu programak jasotzen du 2033rako beste 4.335 etxebizitza eraikitzea, honela banatuta: Loiolako kuarteletan 1.700, Easo trenbide-zabaltzan 400, Jolastokieta III eremuan (Zardoya-Otis, Herrera) 380, Txomiñeneko Antzita eremuan 720, Martuteneko Sarrueta zonan 1.080 eta Martutenen 55. Horiek ere ez dira berriak, Hirigintza Sailak “epe ertain luzera” egitea aurreikusten baitu pasa den legealditik. 2027rako eta 2033rako egin nahi dituzten etxebizitzak batuta, beraz, datozen hamar urteotan 6.328 etxebizitza eraiki nahi ditu udal gobernuak Donostian, eta horien bi heren (4.206) Loiola eta Martutene artean eraiki nahi dituzte. Horiez gain, egungo hiri antolamenduko plan orokorrean (HAPO) beste 6.500 etxebizitza inguru daude aurreikusita, baina orain egiten ari diren HAPOaren berrikuspenak —egungoa 2010ekoa da— zehaztuko du egiten diren, egiten ez diren eta nola egiten diren.
Horien artean, nabarmenenak Altzako Auditz Akular eta Martuteneko Antondegi eremu berdeetako garapenak dira, bakoitzean 3.000 etxebizitza baino gehiago baitaude aurreikusita 2010eko HAPOan. Auditz Akularrekoaren kasuan, alkateak joan den astean berretsi zuen bertan etxebizitzak eraikitzeko asmoa, baina gobernu programak dio “Auditz Akularrerako behin betiko plangintza zehaztu” behar dela: “Ingurunea errespetatzeko moduko hirigintza garapena; eremu berdeak, ekipamendu komunitarioak eta erreferentziazko instalazioak izango dituena, teknologia, berrikuntza eta kalitatezko enplegua erakartzeko modukoak”. Horrela, eremuko “erabilera berriak eta proiektua HAPOn sartzea” konpromisotzat hartu dute gobernu programan, “hirigintza berritzailea” garatzeko “hiriaren hazkundea” sustatzeko helburuekin. Antondegiri buruz, aldiz, ez diote ezer programan.
Bestelako konpromisoak
Asko dira gobernu programak jasotzen dituen konpromisoak, baita arlo askotarikoak ere, eta hemen irakur dezakezue osorik. Bost zutabe orokor hauetan oinarritzen da programa: “Donostiarrak eta gure auzoak izatea gure ekintza politikoaren ardatz, gazteentzako eta 45 urtetik gorakoentzako enplegu politika aktiboak sustatzea, gaztetutako hiri batean bizitzea eta gozatzea, Elkarrizketan eta herritarren konplizitatean oinarrituta lan egitea hiri partekatu baten alde eta gure hiriaren etorkizun jasangarria eraikitzea”.
Segurtasunari dagokionez, esaterako, Ekialdeko Barrutian Udaltzaingoaren komisariordetza bat sortzea eta Egian Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren komisaria misto bat sortzea jaso dute programan, hauteskunde kanpainan EAJk esan zuen moduan.
Turismoari dagokionez, turismo tasa ezartzeko, turismoko datuen behatokia sortzeko eta sailen arteko Turismo Mahaia aktibatzeko konpromisoa hartu dute, “turismo arduratsua, turismo eredu jasangarria eta auzoetako bizi kalitatea” sustatzeko helburuekin.
Mugikortasunean, Emisio Gutxiko Eremua ezartzea, Dbus sistema hobetzea, trenbideko garraio publikoa hobetzea, AHTa Donostiara iristea eta Dbizi zerbitzua zabaltzea jaso dituzte programan, beste hainbat konpromisoren artean.
Berdeguneen kasuan, “gero eta berdeagoa den hiri baten alde” egiteko konpromisoa hartu dute: “Hiriko biodibertsitatea eta ondare berdea zaintzea, parke eta lorategiak landuz, ahal den neurrian berdeguneak hobetuz, zainduz eta zabalduz. Lau Haizeta, Kristina enea, Ametzagaina, Miramon, Ulia, Urgull, Igeldo”. Gerriko berdeko bi gune esanguratsu aipatu gabe utzi dituzte zati horretan: Auditz Akular eta Antondegi.
Teknologian eta industrian, Belartza II parkea garatzeko konpromisoa hartu dute, Illunbe konplexuaren salerosketa akordioa sinatu nahi dute Euskadiko Parke Teknologikoekin Miramongo Parke Teknologikoa handitzeko, eta Eskusaitzetan Gipuzkoako industria parkerik handiena jartzeko garapenak bukatzeko konpromisoa jaso dute programan, besteak beste.
Ekipemanduei dagokienez, askotarikoak dira jaso dituzten neurriak, eta nabarmentzekoak dira Francisco Escudero kontserbatorioarentzako instalazio berriago eta handiago batzuk eratzea, Bidebietako Kontadores zentroa “gizarte eta kultur etxe berri bat izateko bilakaera aktibatzea” eta Amara Berriko Gobernu Zibilaren eraikina “berreskuratzea”, besteak beste.