Mundaizen hiru etxebizitza dorre eraikitzea jasotzen du HAPO berriaren aurrerakinak
Mundaizeko hirigintza garapena ez ezik, Egiako beste eremu batekoa ere jasotzen du aurrerakinak: Aldakoneakoa, 165 etxebizitzarekin.
Donostiako Udala hiri antolamenduko plan orokorraren (HAPO) berrikusketa prozesuan murgilduta dago, eta plan berriaren zirriborroaren aurrerakinean Egiako Mundaiz eremuan ia 200 etxebizitza eraikitzea aurreikusten da, hedabide honek aurrerakin dokumentuaren bidez baieztatu duenez. Gogoratu behar da dokumentu hori oraindik ez dagoela onartuta. Joan den astean jakin zen, halaber, Altzako Auditz Akular eremuan 3.000 etxebizitza inguru eraikitzeko aurreikuspena eta GI-20 saihesbidearen eraldaketa jasotzen dituela aurrerakinak.
Egun indarrean dagoen HAPOan (2010ekoa) 202 etxebizitza aurreikusten dira eremu horretan, eta aurrerakinean ez da asko aldatu zifra. Izan ere, 188 etxebizitza eraikitzeko aurreikuspena jasotzen da, gehienez hamabost solairu izango lituzketen hiru dorretan banatuta. Esku hartzeak 13.316 metro koadroko azalera hartuko luke, eta 188 etxebizitzetako bat bera ere ez litzateke babestua izango; denak libreak izango lirateke.
Erabilera industriala izan zuen eremu bat da Mundaiz, egun degradatuta dagoena, baina ez hutsik. Hain zuzen ere, hor dago Dabadaba kontzertu aretoa eta zenbait bulego. Era berean, kale egoeran dauden pertsonentzako bizitoki izan da hainbatetan.
Aldakonea
Hedabide honek eskuratu duen aurrerakinaren zatian, Egiako beste eremu bateko hirigintza garapen baten aurreikuspena jasotzen da: Aldakoneakoa. Hain zuzen ere, Mandasko Dukearen pasealekuko mehelinen, Presentacion de Maria ikastetxearen eta eremuko industria pabiloien arteko 34.803 metro koadroko azalera duen lursailean 165 etxebizitza egiteko aurreikuspena jaso dute aurrerakinean. Horietatik, 33 babes ofizialekoak, beste horrenbeste tasatuak eta 99 libreak izango lirateke.
Aldakoneako proiektuak zalaparta sortu zuen 2021. urtearen hasieran, Donostiako Udalak eta Kutxa Fundazioak bi hirigintza eremu lotzea adostu baitzuten: Egiako Aldakoneakoa eta Altzako Eraikuntzaren Institutukoa. Horrela, Aldakonean 300 etxebizitza inguru aurreikusten zuten, eta auzoko eragile ugari haserre agertu eta alegazioak aurkeztu zituzten, promozioari legez zegozkion etxebizitza babestu gehienak Altzan egitekoak zirelako, Egiako gehienak libreak izango ziren bitartean. Azkenean, udalak bertan behera utzi zuen Kutxa Fundazioarekin zuen hitzarmena.