Bizikidetzaren murala jarri dute Orixe ikastolako sarreran
Orixe ikastolarako bidea eta sarrera apaindu dituzte, uda aurretik abiatu zen ‘Eskola bidea – Apain’ egitasmoaren azken urrats moduan. Bizikidetzaren inguruko mural koloretsu batek eta seinale berriek adierazi eta atontzen dute eskola bidea.
Donostia Kulturak azaldu duenez, Orixe ikastolaren hesian jarritako muralak, eskola bidean partaide diren guztien zatitxo bat erakutsi nahi du: haur, merkatari, garraiolari, bizilagun… “guztion arteko elkarbizitza egokia, elkarrekiko ardura eta errekonozimendua ospatuz”. San Juan eta Abuztuaren 31 kalean jarritako seinaleek bi kale horiek eskola bidea direla adierazten dute, Orixe ikastolako Zuloagako egoitzara, eta Urgullekora dagoen distantzia ere adieraziz.
Prozesu hau Donostia Kultura eta Mugikortasun sailaren gidaritzapean burutu da, eta Orixe ikastolako zuzendaritzaren parte hartzea izan du. Mmej arkitektura estudioaren aholkua eta Dejabu antzerki konpainiaren bitartekaritza artistikoa jarraitu dituzte. Etorkizunean hiriko eskola gehiagotan egitea aurreikusten da.