Etxean garaiezin jarraitzen dute txuri-urdinek
Bernabe, Vila-reali sartutako gola ospatzen. (Argazkia: Reala) Beste garaipen bat lortu du Realak Zubietan asteburuan, Vila-reali 1-0 irabazita. Landutako neurketa izan zen, eta azken txanpan lortu zuten garaipena etxekoek, Alejandra Bernaberen jaurtiketa bikain bati esker. Ligako bederatzigarren postuan daude orain txuri-urdinak, eta etxetik kanpo puntuak lortzeari ekin beharko diote, sailkapenean gora egiteko; ostiralean edukiko dute horretarako hurrengo aukera, Real Madrilen etxean. Bestalde, mutilei dagokienez, Bartzelonaren aurkako partida bizia jokatu zuten larunbatean Anoetan, eta gol aukera oso argiak izan bazituzten ere, Imanol Alguacilen mutilek ezin izan zuten Ter Stegen gainditu. Partidaren luzapenean, Araujoren gol batek garaipena eman zion klub katalanari.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek porrot mingarria jaso zuen ostiralean Valentzia liderraren aurka: 72-47. Ondo hasi zuten neurketa donostiarrek, baina etxekoak pixkanaka eroso sentitzen joan ziren, eta nagusitasunez irabazi zuten; Yurena Diazen lesioa izan zen eguneko albisterik txarrena. Gipuzkoa Basketi dagokionez, beste garaipen bat eskuratu du asteburuan, bosgarrena jarraian, Menorcari 87-79 irabazita; nabarmentzekoa da Barcellok egindako partida, 36 puntu egin baitzituen. Laugarren sailkatuak dira donostiarrak, eta lidergoa bilatzen ari dira.
Eskubaloian, Bera Berak gutxigatik irabazi zion larunbatean Oviedori: 34-31. Ez zen partida erraza izan, eta bukaerara arte ez zen argi egon nork irabaziko zuen; azkenean, Boadaren, Loidiren eta Menendezen golek erabaki zuten neurketa. Ligako bigarrenak dira donostiarrak, Elxekin berdinduta.
Izotz hockeyan, gutxigatik, baina Txuri Urdineko mutilek Bartzelona aurkari zuzenaren aurka galdu dute asteburuan: 1-2. Bost zati jokatu behar izan zituzten partida erabakitzeko, baina garaipena Kataluniara joan zen azkenean. Ligako hirugarrenak dira orain donostiarrak.
Belar hockeyan, Junior liderraren aurkako partida zaila zuen Realak, eta ez zen punturik lortzeko gai izan, 3-1 galdu baitzuen. Hala ere, ligako seigarren postuan jarraitzen dute txuri-urdinek.
PARTIDAK
Futbola
Emakumeen liga, 7. jardunaldia
- Reala 1 — Vila-real 0
Gizonen liga, 12. jardunaldia
- Reala 0 — Bartzelona 1
Saskibaloia
Emakumeen liga, 6. jardunaldia
- Valentzia 72 — Ibaeta Basket 47
Gizonen bigarren mailako liga, 6. jardunaldia
- Gipuzkoa Basket 87 — Menorca 79
Eskubaloia
Emakumeen liga, 10. jardunaldia
- Bera Bera 34 — Oviedo 31
Izotz hockeya
Gizonen liga, 7. jardunaldia
- Txuri Urdin 1 — Bartzelona 2
Belar hockeya
Emakumeen liga, 9. jardunaldia
- Junior 3 — Reala 1

