Miriam Luki eta Juan Tallon idazleek jaso dute Zilarrezko Euskadi Saria
Liburu denden egunarekin bat ospatu nahi izan du Gipuzkoako Liburudenden Elkarteak, Zilarrezko Euskadi sarien banaketa. Aurten, Miriam Luki eta Juan Tallon idazleak saritu dituzte Argialdiak eta Obra Maestra lanengatik, hurrenez hurren. Erdialdeko Hontza Liburu dendan egin da sari banaketa, eta sarituez gain, bertan izan dira Adolfo Lopez, Gipuzkoako Liburu-denden Elkarteko presidentea; Jon Insausti, Kultura eta Euskarako zinegotzi ordezkaria; eta Maria Jose Telleria, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendari nagusia.
Miriam Lukik euskarazko kategorian lortu du saria Argialdiak ipuin liburuan “giro ezagunak sortzeko izan duen trebeziarengatik”. Liburu honen bitartez “laztura nagusi den garai hauetan”, giza kondizioan arakatzen ibili dela onartu du, egungo zatiketak gainditu eta irakurlea “berdintzen gaituzten” ezaugarrien bitartez mugitzeko. Idazlearen arabera, “agian, hobeto moldatuko ginateke gutxienez horren jakitun bagina”. ERa berean, urretxuarrak eskerrak eman dizkie liburu saltzaileei,”irakurleak ere badirelako,” eta Mariasun Landak kontatutako pasartea ekarri du gogora: “Donostiako liburu denda batean saltzailea nire liburua irakurtzen ikusi zuenen esan zidan, ezin zaizu ezer hoberik gertatu!”.
Gaztelerako saria jaso duen Juan Tallonek ere liburu saltzaileen lanaren aitortza egin du, bere liburuan “iparraldeak” izan duen garrantzia nabarmentzeaz gain. Galiziarraren arabera, iparralderik gabe guztiz desberdina izango litzateke Obra Maestra, besteak beste, hemen sortuak izan diren artistek liburuan izan duten eraginagatik: “Euskadirekin zerikusia duten pertsonaiez beteta dago, Txillida edo Oteiza sortzaileek hemendik egin dute lan”.
Sari hauen helburu nagusia iazko lanak berreskuratu eta proiekzio komertzial edo ikusgarritasun handiagoa merezi duten horiek bultzatzea da. Era berean, liburu saltzaileen lana balioan jarri nahi dute sari hauen bitartez; hautatzeko eta gomendatzeko lan garrantzitsua aitortzen da, gertutasuna eta konpromisoa kontuan hartuta.
Gipuzkoako Liburudenden Elkarteak urtero ematen ditu sari hauek. Aukeraketa Gipuzkoako liburu-dendek bidalitako proposamenen arabera egiten da. Gainera, hirugarren sari bat ere bada, Komiki eta Liburu Ilustratuen kategoria. Aurten Nadarek irabazi du, Fatty, El primer rey de Hollywood eta Transitorios liburuengatik. Sari honen banaketa azaroaren 9an izango da, osteguna, Donostiako Ebla liburu dendan.

