Osasungintza publikoaren alde mobilizatuko dira larunbatean

Osasungintza Publikoaren Aldeko plataformek manifestazioetara deitu dute larunbaterako (hilak 11) Donostian, Bilbon eta Gasteizen. Donostialdeko Osasungintza Publikoaren Aldeko plataformak (DOPA) antolatu du Donostiako mobilizazioa, eta 17:00etan abiatuko da, Bulebarretik, Indartu dezagun Osakidetza. Diru publikoa osasun pribatura desbideratzeari ez lelopean.
Astelehen goizean egin dute manifestaziora deitzeko prentsaurrekoa Bulebarrean, eta Eusko Jaurlaritza osasungintzako zenbait zerbitzu “pribatizatzen” ari dela salatu dute, baita paziente batzuk klinika pribatuetara bideratzen ari direla ere. Horrela, hori guztia osasungintza publikoaren “desegitearen” parte dela deitoratu dute. Hainbat arlotako 75 eragilek bat egin dute mobilizazioekin.

Groseko anbulatorioan esku orriak banatzen aritu dira DOPA plataformako kide batzuk. (Argazkia: DOPA)
Prentsaurrekoaz gain, plataformako hainbat kidek Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren aurpegidun maskarak jarri eta Groseko anbulatorioaren atean esku orriak banatu dituzte, herritarrak manifestazioan parte hartzera animatzeko.