Udalak «turismo masiboaren» ordez, «arrazoizko turismoa» sustatzeko plana aurkeztu du
2023-2027 Visit-Bizi Turismo Jasangarriaren Plana aurkeztu du udalak ostiralean.
Turismoaren behatoki bat sortuko du udalak, “datuetan oinarritutako erabakiak hartu ahal izateko”, Jon Insausti Turismo zinegotziak ostiral honetan iragarri duenez, 2023-2027 Visit-Bizi Turismo Jasangarriaren Plana-ren aurkezpenean. Txillida Lekuko Zabalaga baserrian sektorearekin zerikusia duten profesionalei eta eragileei eman zaie plangintza honen berri.
Ekitaldiaren lehen hitzaldian, Insaustik egoeraren datuen garrantzia nabarmendu du, “kudeaketa optimoa” egiteko eta sortuko diren egoerei “aurrea hartzeko” eta horren arabera jokatzeko. Gogora ekarri zuen, adibidez, Donostiara iristen direnen % 40 turistak direla eta % 60 egun bakarreko txangozaleak. Horietatik % 45 EAEtik eta Nafarroatik datoz, nabarmendu duenez. Era berean, Donostiako BPGren %13,9 turismoarekin lotuta dagoela gogoratu du: 15.000 enplegu sortuz.
Jasangarritasuna, eta premium turismoa
Jasangarritasuna da udalak garatu nahi duen turismo ereduaren funtsa. Horretarako, “sustapen masibotik” aldentzea da udalaren proposamena: “Ez dugu nahi hiria honda dezakeen turismo masiborik; horregatik, urteak daramatzagu balio erantsi handiko bost ardatz estrategiko hauen inguruan lanean: MICE turismoa, turismo kulturala, turismo gastronomikoa, Premium turismoa eta City break turismoan du”.
Neurri zehatzen artean, bisitarientzako zergak sortzea proposatzen da txostenean: “Kostu handia eragiten du Donostiako turismo-baliabideak zaintzeak eta kudeatzeak: hondartzak, ibilbideak, monumentuak, museoak… Turistek eta txangolariek ere kostu horren parte bat ordaintzea da neurri honen xedea, gastuaren banaketa bidezkoagoa lortzeko. Hala, lortutako dirua gure hiria hobetzeko erabiliko da, eta, halaber, baliabideen erabilera jasangarria sustatzeko”.
Ostatuak erregulatzea
Eneko Goia Donostiako alkatearen hitzetan, “jakin badakigu zenbait donostiarrentzat turismoak eragozpenak eta deserosotasunak sortzen dituela. Horregatik, Udalak turismo – jarduera eta herritarrei eman beharreko arreta uztartzen dituzten lege-esparruak sortzen jarraituko du. Erronka erraldoia da: hirian garrantzitsua eta pisu handia duen aktibitate ekonomikoa ondo kudeatzea, baina donostiarren bizi-kalitatea erdigunean jarriz, beraien bizitzarekin eta auzoarekin gustura egon daitezen. Turismo jasangarria defendatzen dugu. Edo agian egokiagoa litzateke esatea, ‘arrazoizko turismoa’. Hiriak digeritu edo bere gain hartu dezakeen turismoa, partekatzeko eta elkarrekin bizitzeko egokia izango den turismoa “.
Azken hilabeteotan kezka eta kritika ugari jaso ditu udalaren politikak turismoaren gaiari loturik, baina txosten honek ez dio erreferentzia zehatzik egiten, besteak beste, etxebizitzaren gaiari. Zeharka bada ere, bizilagunek euren auzoetatik “kanporatuak” izateko arriskua dutela onartzen da. Txostenak ez du, baina, etxebizitzari lotutako inolako neurri edo gogoetarik proposatzen.
Ordea, ostatua erregulatzen jarraitzearen beharra aipatzen da, “denak ez baitu balio”. “Herritarrengan inpaktu kaltegarririk izan ez dezan, datuak auzoz auzo aztertzen jarraituko dugu, inguru aseetan ez dadin ostatu gehiagorik ireki (hotelak, aterpeak, etxebizitza turistikoak eta abar)”. Proposatzen den neurri zehatz bakanetako bat da honakoa: “Plan Orokorraren aldaketa onartzen den arte, ez da emango hotel edo etxebizitza turistiko berririk irekitzeko baimenik, ezta lehendik martxan zeudenak handitzeko aukerarik hiriko hainbat ingurutan; hots, Antigua-Ondarreta, Ategorrieta-Ulia, Erdialdea, Gros eta Ibaeta”.
Halaber Parte Zaharra “bereziki” zaintzearen beharra nabarmentzen du txostenak, eta bertan, lehendik zegoen araudia aplikatzen jarraituko da.
Partaidetza eta lankidetza sustatzearen garrantzia proposatzen da, hainbat egitasmorekin, hala nola partaidetza prozesuak, herritarrekin topaketa eta lantegiak antolatzea eta “hitza emateko baliabideak” jartzea.
Txosten hau bera, “gaitasun tekniko handiko jende eta erakunde askoren lanari esker” egin dela adierazten da: “Adituak, sektoreko profesionalak, alderdi politiko guztiak, herritarrak eta Donostia Turismoa, zeinak 325 enpresa bazkide baititu, gehienak bertako enpresa txiki edo ertainak”.