Altzan 1,78 metro koadro berdegune daude biztanleko
Altza XXI Herri Ekimenak eskatuta, Marko Sierra ingeniari agronomoak Altzako espazio libre eta berdeak aztertu ditu, eta ikerketaren emaitzak aurkeztu zituzten asteartean Tomasene Kultur Etxean.
“Altzako bizilagunen aspaldiko irudipena da auzoan ez daudela nahikoa berdegune, baina udal ordezkariak datozen bakoitzean, esaten digute ez dela hala, hiriko beste auzo batzuetan okerrago daudela; horregatik, gure auzoko egoera azaltzeko ezintasuna sentitzen dugu”. Hori izan da, Altza XXI Herri Ekimeneko Maribi Joaristik aurkezpenaren hasieran azaldu zuenez, Marko Sierra ingeniari agronomoari Altzako espazio libreen eta berdeguneen inguruko ikerketa eskatzeko arrazoia. Ikerketaren ondorioa oso adierazgarria da: Altzan 1,78 metro koadro berdegune daude biztanleko, eta Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) 10-15 metro koadro berdegune gomendatzen ditu biztanleko.
Sierrak egun indarrean dagoen hiri antolamenduko plan orokorra (HAPO, 2010ekoa) hartu du oinarritzat, bertan hiriko espazio guztiak definituta baitaude. Horrela, HAPOan hiri espazio libre (F10) eta hiri espazio libre arrunt (F20) gisa definitutako eremuak hartu ditu aintzat. Beheko irudian ikus daitezke horiek, baina Auditz Akularrekoa ez du aintzat hartu —irudiaren behealdeko orban berde argia—, auzoko eremu urbanokoak soilik aztertu baititu, herritarren egunerokoan eragin zuzena dutenak, alegia. Gainera, aurkezpenean nabarmendu zuenez, HAPOn urbanizagarri gisa dago definituta Auditz Akular: “Zati bat bizitegi erabilerarako eta beste bat erabilera ekonomikorako”.
Horrela, HAPOaren arabera, Altzako eremu urbanoaren %12,48 dira espazio libreak, 7,72 metro koadro biztanleko (20.343 biztanle, 2022ko datuen arabera). Ordea, definizioz, aisialdirako, egonaldirako, jolaserako eta halako jardueretarako espazioak dira espazio libreak, eta plazak, jolasguneak eta berdeguneak izan daitezke, besteak beste. Hori aintzat hartuta, HAPOko espazio libre horiek guztiak banan-banan bisitatu eta aztertu ditu Sierrak, eta aurkezpenean horietako hainbaten irudiak erakutsi zituen. Horrela, tartean daude aparkalekuak, Eroski supermerkatuko aparkalekuko sarrera, Buenavistako harrobiko hormak eta bideen arteko mendoitz oso inklinatu ugari —Herrerako tren geltokiaren ondokoa kasu, herritarrek babestea lortu zuten haritza duena— daude espazio libre gisa definituta HAPOn. Hau da, beharrezkoak izanda ere, herritarren aisialdirako, egonaldirako eta jolaserako erabilgarriak ez diren espazio ugari daude espazio libre gisa definituta.
Horregatik, erabilgarriak ez diren espazio horiek guztiak kendu ditu Sierrak, eta honako irizpideak aplikatu ditu espazio libre errealak identifikatzeko, Europako jarraibideek eta Espainiako Estatuko legeek ezartzen dituztenak: ibilgailuen zirkulazioarekin lotutakoak (aparkalekuak, eta abar) ezin dira espazio libre kontsideratu Sierraren arabera, txikiegiak direnak (1.000 metro koadrotik beherakoak) ere ez, gutxienez espazioaren %50 berdea dutenak ere ez, inguruan 30 metroko zirkunferentzia bat marrazteko adina espazio ez dutenak ere, iristeko bide aproposak ez dituztenak ere ez eta %15eko inklinazioko malda baino gehiago dutenak ere ez.
Hori aplikatuta, beraz, Altzako eremu urbanoaren %2,87 baino ez da espazio libre edo berde erabilgarria, 1,78 metro koadro biztanleko; OMEk, ordea, 10-15 metro koadro gomendatzen ditu biztanleko. Hori dela eta, Sierrak ondorioztatu du espazio libre eta berde berriak sortzeko gune aproposak direla Jolastokieta (Zardoya-Otis eremua) eta Auditz Akular, eremu horiek birgaitzeko eta erabilgarri egiteko aukerak baitaude. Hain zuzen ere, Zardoya-Otisen 400 etxebizitza inguru eraiki nahi ditu udalak, eta Auditz Akularren 3.000 etxebizitza eraikitzeko asmoa sartu dute HAPOaren berrikuspenaren aurrerakinean.
Ezezagutza eta borrokatzeko beharra
Aurkezpenearen ostean, ondorio argi bat plazaratu zuen Altza XXIko Isa Pacek: “Argi ikusten da ez dutela Altza ezagutzen eta ez zaiela inporta. Horregatik, soilik antolatzea eta borrokatzea gelditzen zaigu, horrela eskuratu ditugulako Altzan lorpen guztiak eta soilik horrela egingo digutelako kasu”.