Zilarrezko Ekonomiaren Foro Internazionala eten du Itaiak, «adinekoen zaintzaren merkantilizazioaren kontra»
Adinekoen zaintzaren merkantilizazioaren kontra, ekintza zuzena egin du Itaiak gaur, Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu duen Zilarrezko Ekonomiaren Foro Internazionalari hasiera eman zaion momentuan. Hasiera ekitaldian, Itaiako kide batek hitza hartu eta ekitaldia etetea lortu du une batez, “emakume langileen miseria betikotzen” ari direla salatuz.
“Zahartzaroaren ekonomia gisa izendatzen duten honek etekin ekonomikoak lortzeko merkatu sektore bat besterik ez duela ezkutatzen” salatu dute Itaiako kideek. “Enpresari eta instituzio burgesek, zaintza sistemarako onurarako aukera moduan saltzen digute hau”.
Itaiak argi esan duenez, zaintza sektoreak estatuari ahalik eta kostu gutxien eragitea eta enpresariek gero eta etekin ekonomiko handiagoak dutela helburu.
Honela, zaintzaren proiektu honen atzean “zerbitzu penagarriak, soldata baxuak, ordaindu gabeko orduak” ezkutatzen direla salatu dute.
Egoera honetan, “instituzioen berdintasunaren fartsa seinalatu eta zaintza sektorearen pribatizazioa borrokatu beharra” aldarrikatu dute. Sektore honek “merezi duen aitortza soziala lortze aldera”.
Era berean, azaroaren 30ean kaleak hartzeko deia egin dute. Greba feminista orokorra antolatu dute egun horretan mugimendu feministak eta sindikatuek, eta Itaiak mobilizazio propioa egingo du 13:00etan bulebarretik abiatuta.
👉 Gaur, Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu duen Zilarrezko Ekonomiaren Foro Internazionalari hasiera eman zaion momentuan, Kursaalean bildu gara instituzioen berdintasunaren fartsa seinalatu eta zaintzaren merkantilizazioa salatzeko. pic.twitter.com/z5KX32My1C
— ITAIA (@itaiasarea) November 8, 2023