Gaur emango diote hasiera San Martin eguneko festari
"Azaroak 11 San Martin eguna, hauxe da zoritxarra izan duguna", dio abesti ezagunak, baina egun hori gogoko duten donostiarrak pozik egon daitezke, San Martin auzoan berritasunez beteriko asteburu polita prestatu baitute ilusio osoz.
Oihana Hernaiz eta Ibon Etxeberria, San Martin auzo elkarteko kideak. (Argazkia: San Martin auzo elkartea) San Martin auzo elkarteak egitarau berezia prestatu du bihar San Martin eguna ospatzeko. Ibon Etxeberria auzo elkarteko kidearen arabera, “urteko egunik garrantzitsuena” da beraientzat. Elkartearen helburua “San Martin auzoari bizitza ematea eta bertan auzo giroa sortzea” da, eta, hori dela eta, pandemia garaian elkartea sortu zutenean erabaki zuten jai hau berreskuratzea. “Bertako tabernek beti mantendu dute ohitura egun horretan odolkia ematekoa, baina ohitura hori galtzen joan zen, eta soilik bizpahiru tabernek mantendu zuten. Elkartea sortu genuenean, berriro ere hori berreskuratu behar genuela erabaki genuen, baina, esan bezala, beti mantendu izan den ohitura bat da”, nabarmendu du Etxeberriak.
Aurten San Martin eguneko egitaraua prestatzen duten hirugarren urtea da, eta baditu hainbat berritasun. Horietako bat da jaiari bezperan emango diotela hasiera; gaur, alegia. Laterne Sankt Martin kalejira egingo dute Deutsche Schule SS-ko LH1eko eta LH3ko ikasleek, non beraien faroltxoekin (laterne) jai honetako betiko abesti alemaniarrak abestuko dituzten. “Deutsche Schuleko haurrentzat egun garrantzitsua da, eta desfile bat egin ohi dute, alemanez abestiak kantatuz. Duela pare bat urte, beraiekin hitz egin genuen, eta San Martinera jaistera animatu ziren. Horrela, eskolaren inguruan egiten zuten egitasmo hori auzora pasatu zuten. Aurten, larunbata izanda, zailtasun gehiago zituzten eskolako jarduera hori egun horretan egiteko, eta, beraz, ostiralean egitea pentsatu genuen. Horrek San Martin eguna indartzen laguntzen digu”, azaldu du Etxeberriak.
Convent Gardenetik (Manterola kalea eta San Bartolome kaleen izkinan) irtengo dira 18:00etan, Manterola kaletik jarraituko dute Kontxa pasealekuko irteeraraino, eta erlojuetaraino joango dira. Bertan, bi edo hiru abesti abesteko geldialdia egingo dute. Jarraian, Zaragoza plazatik itzuliko dira, eta Triunfo kalean zehar beste geldiune bat egingo dute. Azkenik, San Bartolome hasierako puntuan bukatuko dute, 19:00etan.
Anastasio jatetxeari omenaldia
Azken urtetan bezala, egitarau oparoa prestatu du auzo elkarteak biharko. 09:00etatik 10:30era, Udal Txistulari Bandak ibilbidea egingo du San Martin inguruan, eta hainbat geldialdi egingo ditu inguruko danborradak omentzeko.
Jarraian, 11:00etatik 12:00etara, Anastasio jatetxea omenduko dute Convent Gardenen, ekitaldi pribatu eta xume batean. “Aurtengo omendua Anastasio izatea erabaki dugu, betidanik elkarte gisa auzoan izan duen inplikazioagatik. Bere garaian, auzoko jaiak antolatzen zirenean, Anastasiok parte hartzen zuen antolakuntzan ere, eta pentsatu genuen polita izango litzatekeela jatetxea omentzea”, azaldu du.
Iñigo Manterolak San Martin auzo elkartearentzat sortu zuen eskulturaren erreplika bat emango diote ekitaldi horretan. Omenaldian, omenduei aurreskua dantzatzen zaiela aurreratu du Etxeberriak, baina ez ditu ekitaldiaren inguruko xehetasun gehiago eman, “beraientzako sorpresa txiki bat delako, eta ez dugulako nahi aldez aurretik jakiterik”.
Manterolaren eskulturarekin lotuta, Etxeberriak azaldu du aurten, lehendabizikoz, San Martin auzo elkartearen logoarekin zapiak aterako dituztela San Martin egunerako. “Larunbata izanik, San Martin eguna egun berezia dela nabaritzea nahi dugu, eta horretarako, zapiak salgai egongo dira elkarteko kideen establezimenduetan, eguneko ekitaldietan eta tabernetan”, azaldu du.
Kantujira poteoa eta plaza dantza poteoa
12:00etatik 14:00etara, San Martin auzoko ostalariek txerriki pintxoa oparituko diete bezeroei. Horretarako, bezeroek auzo elkartearen txerritxo gorriak dituzten tabernak aurkitu beharko dituzte. Poteo hori girotzeko, beste bi egitasmo prestatu dituzte: kantujira poteoa eta plaza dantza poteoa. “San Martin egunak Euskal Herriarekin harreman handia dauka. San Martin auzoan, gainera, euskaldun asko dago, eta horietatik asko, aspaldi Gipuzkoa osotik etorritakoak. Donostiara etorri zirenean, euskara ezkutatu egin zuten batzuek, eta, behin, kantuan genbiltzala, auzoan bizi diren agure euskaldun batzuk galdetu ziguten ea gurekin etor zitezkeen, hunkituta. Hori dela eta, euskal giroa sustatu nahi dugu, eta horretarako prestatu ditugu poteo horiek”, nabarmendu du.
Bi ibilbide egingo dituzte; kantatuz bata, eta dantzatuz bestea. Kantujira poteoari dagokionez, Kontxako erlojuetatik irtenda, geldialdiak egingo dira Swing tabernan (Londres hoteleko kafetegia), Lobo tabernan, Anastasio jatetxean, Pello tabernan eta Sebastopol tabernan. Plaza dantza poteoan, aldiz, Kontxako erlojuetatik irtenda, geldialdiak egingo dituzte Biarritz jatetxean, La Perla kafetegian, Ondartza tabernan, Bernardo Etxea jatetxean eta Sebastopol tabernan. Ondoren, denak elkartuko dira berriro ere kantuan eta dantzan elkarrekin aritzeko.
Etxeberriaren hitzetan, San Martin eguneko programak “egitasmo itxia” dirudien arren, Donostiako hainbat elkarterekin elkarlanean antolatu dute: “Adibidez, Donostian plaza dantza irakasten duten taldeekin antolatu ditugu plaza dantzak. Kresalakoekin hitz egin dugu, Añorgakoekin ere bai, Groseko auzo elkarteko plaza dantza taldearekin era bai… Guztiekin hitz egin dugu, eta euskal dantza gustatzen zaion edonor gonbidatu nahi dugu parte hartzera”.
Kantujirarekin ere, berdin: “Kantujiraren oinarria Parte Zaharreko kantujirakoak izango dira, baina hauek ere argi utzi digute ez direla abesbatza bat, eta ez datozela ikuskizun bat eskaintzera. Beraiei kantatzea gustatzen zaiela adierazi digute, eta nahi duen oro gonbidatzen dutela beraiekin parte hartzera”.
17:00etan, Groseko erraldoi eta buruhandien konpartsak San Martin auzoko kaleak zeharkatuko ditu, Kontxako erlojuetatik hasita. Ondoren, haurrentzako txokolate jate batekin amaituko dute eguna, Londres hotelean.


