«Lehiakortasuna bigarren plano batean dago orain»
Igandean egingo dute Behobia-Donostia lasterketa, eta ia 30.000 korrikalarik hartuko dute parte aurten ere, urtero bezala. Lasterketaren antolaketa «oso ezkutuko lana» dela adierazi du Iñigo Etxeberriak, ekitaldiko koordinatzaileak.
Nola antolatzen da Behobia-Donostia?
Antolakuntza urte osokoa da, eta oso ezkutuko lana da, gainera. Lau pertsona gaude urte osoan Behobiako proiektua aurrera eramaten: babesleak, laguntzaileak, harremana, alderdi teknikoa, baimen eskaerak, logistika, komunikazioa eta abar bideratzen. Martxoan hasten dira izen emateak, eta ordurako dena prest edukitzeko, aurretik hasi behar da dena prestatzen.
Bost udalekin daukagu harremana, baita hainbat zerbitzurekin ere, Renferekin eta Euskotrenekin, adibidez. Tren zerbitzu bereziak daude egun horretan, guk kudeatzen ditugunak. Autobus konpainiak, ospitalea… beroa egin duelako jende gehiago joan bada, ospitalearekin harremana daukagu eta jarraipen bat egin behar da. Azken hogei urteotan ohitu gara gauzak eskatu eta berehala edukitzen, eta hori orain aldatzen ari da. Behobia bat bukatu eta segituan hasten da hurrengo urtekoaren antolakuntza, urtarrilean. Hainbeste kamisetaren eskaera otsailean egin behar da, eta horren aurretik zeregin batzuk daude, diseinua, esaterako. Gustatzen zaigu mezua eta diseinua lantzea.
Zenbat korrikalarik eman dute izena?
29.700 inguruk. Muga 30.000 korrikalaritan dugu, baina muga baino eskaera gehiago egoten dira, normalean, eta ezezkoa eman behar diegu. Dena prestatuta dago kopuru baterako, kamisetak eskatuta daudelako, material guztia…
Euskal Herrikoa ez den jendeak parte hartu ohi du. Asko al dira horiek?
Korrikalarien %65, kanpotik datoz. Batez ere, Espainiako Estatutik. Frantzian ere badago tradizio handia. Badaude atzerritar batzuk, tantaka, 40 bat egon daitezke Alemaniatik edota Italiatik datozenak. Kataluniatik 6.200 pertsona datoz aurten, eta Madriletik, beste 4.000. Kataluniarekin beti egon da harreman estua, baina, egoera politikoa asko aldatu da, eta, horrezkero, nabaritu da Espainiako Estatuko beste leku batzuetatik animatu dela jende gehiago.
Zein da parte hartzaileen batez besteko adina?
Gizonezkoetan mantentzen den adin tarte nagusia 40 eta 50 urte bitartekoa da, eta emakumezkoetan 26 eta 30 urte bitartekoa.
Urteak daramatzazue emakumeen parte hartzea sustatu nahian. Zenbatekoa da aurten emakumeen parte hartzea?
Igo egin da. %30,2ra iritsi zen ekainean, baina azken hilabetetan baja batzuk suertatzen dira, eta baja horien portzentajerik altuena emakumezkoena da, tamalez. %29,5 batean gaude orain.
50/50/25 proiektua jarri dugu martxan, eta 2025rako parekidetasun bat bultzatzea da helburua. Belaunaldi berriak daude orain, eta, interesgarriena da mugak nagusiki kulturalak direla. Estrukturala ere bada arazoa, kirolean garrantzia gehiago ematen zaielako gizonezkoei. Erreferente falta egon izan da emakumeetan, euren familia eta inguruan. Legeak esan arren berdintasun bat dagoela, horrelakoetan ikusten da ezetz. Ikusten da desberdintasun bat dagoela ohituratan, eta kalean nabaritzen da. 1980ko hamarkadan, footing egitea modan jarri zenean, oso gogorra zen emakume batentzat kaletik korrika egitea. Sekulako astakeriak esaten zizkieten, baita orain ere, baina dagoeneko ez dugu onartzen. Lehen onartu egiten zen. Garrantzitsua da neska gazteek ikustea bere inguruan posible dutela 20 kilometroko lasterketa bat egin.
Zein aldaketa egongo dira aurreko urteko Behobia-Donostiarekin alderatuta?
Dena berdin mantenduko dugu, baina egitasmo berri bat eraman dugu aurrera, Bidasoako Atletiko taldearekin batera: Biziki. Talde irekiak sortu ditugu entrenatzeko, bai lehen geneuzkanak indartzeko, baita profil hasiberrientzat ere. Irailean jarri genuen martxan proiektua, eta Irunen eta Errenterian daude taldeak, esaterako. Espainiako Estatuko jende asko dator, eta, hortaz, zabaldu egin nahi izan dugu: ezaugarri zehatz batzuk dituen talde bat izatekotan, gure webgunean ematen dugu horien berri, jendeak ezagutu ditzan.
Boluntario mordoa dago ibilbidean zehar. Eskertzekoa izango da, noski.
Funtsezkoak dira. Jendeak bere esfortzu guztia jartzea, laguntzera etortzea… hori oso esker onekoa eta polita da korrikalariarentzako. Hala ere, gutxitzen ari da. Kosta egiten da konpromisoa hartzea, batez ere belaunaldi berrietan. Garai batean, herriarengatik eta baliabide gutxirekin egiten zen dena. Orain, dena diruaren truke egitera ohitu gara. Gu hazten joan ginenean ere, gure klubeko jendearekin ez zen nahikoa, eta beste klub batzuen laguntza bilatu genuen. Elkarte horrek jendea jartzen du, eta guk diru laguntza bat ematen diogu elkarteari. Atzegiko kideek ematen dituzte dominak, aspalditik dugu harremana beraiekin. Ubako gazteen zentrotik ere eskatu digute laguntza, eta oso polita da, denontzako leku bat delako. Pertsona bezala besteei laguntzen egoteak ere on egiten dizu.
Lehiakortasunik nabaritzen al da korrikalarien artean?
Lehiakortasuna bigarren plano batean dago orain. Marka egin nahi duen jendea dago, noski. Beroarekin izaten dugu arazorik handiena; azken urteotan oso arduratuta gaude beroarekin. Marka egitera doan pertsona horiek dira giroa neurtzen ez dutenak, eta hortaz, ospitalean bukatzen dutenak. Erreferentziazko lasterketa bat da, herri lasterketen artean. Giroa oso baikorra izaten da, ikusle mordoa dago, eta oso motibatuta dagoen jendea gehiago bultzatzen du horrek. Motibazioa ez da beti oso positiboa, jakin behar da neurtzen eta esaten «gaur agian ezin da marka egin».
Gogotsu zaudete?
Bai, beti. Lehen helburua izan dadila disfrutatzea, eta, gero, gustora geratzea egindakoarekin. Behobia egunaren alderik garrantzitsuena, euskaldunentzat behintzat, lasterketa osteko parranda da. Kirol proba bat baino gehiago, proba sozial bat dela esango nuke. Izan dadila festa bat.