Airbnb bidezko eskaintzaren %94 legez kanpo geldituko litzateke Donostian, New Yorkeko legea aplikatuko balitz
New Yorken epe motzeko alokairua nabarmen mugatzen duen lege bat ezarri dute berriki, etxe turistikoei bereziki eragiten diena. Funtsean, 30 egunetik beherako alokairuak debekatzen ditu lege horrek, eta, beraz, etxe turistiko gehienak legez kanpo uzten ditu. Hortik abiatuta, Haritik Hirira geografo taldeak aztertu du zer gertatuko litzatekeen Euskal Herriko hainbat hiritan lege hori aplikatuko balitz.
Donostiaren kasuan, Airbnb plataformaren bidez eskaintzen diren alokairuen %93,80 legez kanpo geldituko lirateke —etxe turistiko gehienak hortik eskaintzen dira—, geografoek ondorioztatu dutenez: “Gipuzkoako hiriburuan topa daitezkeen 1.806 eskaintzetatik, 109 soilik dira epe luzera bideratutako alokairuak. Hori horrela, gainontzeko 1.694 eskaintzak (eskaintzaren %93,80), legez kanpo geratuko lirateke, New Yorken onarturiko legea bertan aplikatuko bagenu”. Haritik Hirirakoek emandako datuak Airbnb-tik bertatik ateratakoak dira.
Hiri osoan murriztuko litzateke etxe turistikoen eskaintza, baina bereziki nabarmena da murrizketa Parte Zaharrean, Erdialdean eta Grosen, beheko irudian ikus daitekeen moduan. Hain zuzen ere, pandemiaren aurretik pandemiaren ostera etxe turistikoen eskaintzak Donostian izandako bilakaera aztertu zuen Haritik Hirirak urte hasieran, eta agerian utzi zuen pandemiaren aurretik baino etxe turistiko gehiago daudela orain hirian; hedabide honek horri buruzko erreportaje zabala argitaratu zuen orduan.
Miarritzeko, Baionako eta Bilboko kasuak ere aztertu dituzte, eta denetan antzeko murrizketak izango lirateke: Miarritzen Airbnb bidezko eskaintzaren %94,02 legez kanpo geldituko litzateke, Baionan %96,4 eta Bilbon %95,38. “Planteatu dugun epe motzeko alokairuaren debekuak ez luke egungo etxebizitza krisia konponduko, baina aurrekari garrantzitsua suposatu lezake. Azkenean, egun erabilera turistikoa duten etxebizitza asko familia etxebizitza izatera itzultzeko aukera emango luke, honek izan ditzakeen onura demografiko, sozial zein ekonomikoekin batera etxebizitzaren jatorrizko eta oinarrizko erabilera zein eskubidea lehenetsiz: bizitegia”, gaineratu dute geografoek.
Jarraian, hari guztia ikus dezakezue:
HARIA. Berriki New York-en onarturiko neurriek hankaz gora jarri dute Airbnb eta epe motzeko alokairu turistikoaren sektorea.
— Haritik Hirira (@HaritikHirira) November 13, 2023
Baina, zertan oinarritzen dira harturiko neurriak? Neurri hauek Euskal Herriko hirietan aplikatuz gero zer eragin izango lituzkete? pic.twitter.com/cMFaF67mxt
Josu del Campo eta Jon Macias geografoek osatzen dute Haritik Hirira, eta hainbat ikerketa interesgarri egin dituzte, bai Donostiari buruzkoak eta baita beste hiri batzuei buruzkoak ere. Donostiaren kasuan, nabarmentzeko modukoak dira apustu etxeei buruz egindakoa –hedabide honek erreportaje zabala egin zuen ondoren horren harira–, alokairuaren prezioaren inguruan egindakoa, auzoz auzoko atzerritarren jatorri nagusiei buruz egindakoa, hiriko eraikin altuenen inguruan egindakoa eta hotelen bilakaerari buruzkoa, besteak beste.