Hainbat pertsona atxilotu dituzte Ion Aranburu realzaleari Sorian egindako erasoa dela eta
Ion Aranbururen aldeko elkarretaratzea, Antiguako Gaskonia plazan.Joseba Parron San Sebastian Zortzi pertsona atxilotu dituzte Ion Aranburu realzale donostiarrak Sorian jasan zuen erasoaren harira, Diario de Soria egunkariak argitaratu duenez. Gertakariak maiatzaren 27an gertatu ziren, Los Pajaritos inguruan, Sorian, Numancia-Cornella partida hasi baino bi ordu lehenago. Aranburu Cornellako lagun batekin joan zen partida ikustera. Partidaren aurretik, taberna batean zegoen, eta, besterik gabe, hainbat pertsonak eraso egin zioten, modu basatian, eta lurrean konorterik gabe geratu zen.
Jipoi horren ondorioz, Antiguako bizilagunak bi aste eta erdi eman behar izan zituen Burgosko Ospitaleko Zainketa Intentsiboetako Unitatean. Konortea berreskuratu ostean Donostiako Unibertsitate Ospitalera eraman zuten, eta uztailean eman zioten alta, baina oraindik sendatzen ari da.
Diario de Soriaren arabera, atxiloketak ez ziren Sorian bakarrik egin, baita beste hiri batzuetan ere, hala nola Zaragozan eta Madrilen. Informazioen arabera, atxilotuen kopurua hiru eta zortzi pertsona artekoa da, eta baliteke Numantziako ultrekin, Orgullo Numantino taldekoekin eta beste talde ultra batzuekin lotura izatea. Atxilotuez gain, beste pertsona batzuk ere ikertu dituzte Sorian, gertakariarekin lotuta. Operazioa zabalik dago oraindik, eta ez da baztertzen atxiloketa gehiago egitea.
Erasoaren ostean, IRUTXULOKO HITZAk Juanjo Zubiria, Ion Aranbururen laguna, elkarrizketatu zuen. Zubiriak azaldu zuen Aranbururen senideak eta lagunak “porru eginda” zeudela, bat-batean harrapatu zituen zerbait izan zelako. Esteka honetan irakur dezakezue elkarrizketa osoa.

