Euskarazko ahotsen grabaketa maratoia antolatu du udalak, makinek euskaraz ikas dezaten
Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak babesten duten Gaitu.eus egitasmoarekin bat eginez, etorkizunean makinekin euskaraz hitz egin ahal izateko donostiar euskaldun askoren ahotsen grabazioak lortzea helburu jarri du Donostiako Udalak. Common Voice nazioarteko proiektuak eskaintzen duen plataforma librea baliatuko da euskarazko ahotsak biltzen dituen datu base erraldoia osatzen joateko, eta grabaketa maratoia egingo da abenduaren 2an eta 3an bulebarrean.
Hainbat ordenagailu jarriko ditu udalak bulebarrean bi egun horietan, eta 100 eragilek parte hartzea jarri dute helburu. Azaroaren 20erako eman behar da izena honako helbide honetan.
Etorkizuneko teknologian ahotsa izango da ardatza eta teklatuak desagertu egingo dira zenbait adituren esanetan. Telefonoetako Sirik eta Alexak eta zenbait automobilek jarraibideak ahots bidez jasotzen dituzte. Teknologia garatzen ari diren enpresa erraldoiek (Googlek, Metak, Teslak, eta abarrek) 8-10 hizkuntza hegemonikoetan garatzen ari dira teknologia hori, gainerako hizkuntza txikiak eta gutxiagotuak, euskara tartean, kontuan hartu gabe.
Bestetik, udalak sustatuko du herritarrek telefono mugikorra euskaraz konfiguratzea. Azaldu dutenez, “herritar askok eginez gero, telefonia enpresek euskara aintzat hartzeko aukera gehiago izango genuke”. Azkenik, ordenagailuetako interneteko nabigatzaileak euskaraz konfiguratzea eta euskaraz nabigatzea erraztuko du udalak.
Webgunean, bi eginkizun
Gaitu webguneak bi eginkizun proposatzen dizkie bertan sartzen direnei. Batetik, idatzita dagoen esaldi bat irakurtzeko era izango dute, ozenki grabatzen den bitartean. Nahi adina esaldi graba daitezke. Proposatzen den beste eginkizuna da beste hiztunek grabatutako esaldiak balioztatzea. Hori ere nahi adina aldiz egin daitekeen eginkizuna da.
Kanpainaren antolatzaileek parte hartzera deitu dute: “Milaka ahots behar ditugu, milaka grabazio ordu euskaraz. Hortaz, zenbat eta ahots gehiago lortu, hobeto”. Izan ere, hizkuntza gutxituak ez daude enpresa teknologiko handien “asmoetan” eta hiztunen komunitateek aparteko ahalegina egin behar dute hor toki bat egiteko, bide propioa eginez.
Software librea
Librezale elkartea eragile da Gaitu proiektuan. Ahotsak biltzeko Common voice izeneko ekimen irekia erabiltzen ari dira. Irabazi asmorik gabekoa da, kolaboratiboa, eta orain “masiboa” bihurtu nahi dute. Software librearen bidez garatutako sistema baten bidez jardutearen garrantzia nabarmendu dute. Haien esanetan, hizkuntza gutxituek aukera gehiago dituzte bide hori aukeratuta, eta hizkuntza asko egiten ari dira hautua. Aurkezpenean eman dituzten datuen arabera, 105 hizkuntzatan hasiak dira sistema horren bidez ahots ekarpenak egiten, eta beste hainbatetan ere prestatzen ari dira.