Altza: etxebizitza gehiago ala etxebizitza gehiegi?
Odon Elorzaren garaiko hirigintza planteamendu erraldoi bat jaso dute HAPOaren berrikuspenaren aurrerakinean: Altzako Auditz Akular landa eremuko 3.000 etxebizitzena. Harrabotsa sortu du gaiak, naturagune handi bat porlanez betetzea ekarriko lukeelako. Hala ere, ez da Altzan planteatzen den garapen bakarra, besteak beste, Herrerako Zardoya-Otis eremuan beste 400 bat etxebizitza aurreikusten baititu udalak. Altza nahikoa pilatuta dagoela eta bestelako behar garrantzitsuak dituela iritzita, auzoan gehiago eraikitzearen aurka daude eragile eta bizilagun ugari.
Duela hiru aste pasatxo atera zen albistea: Altzako Auditz Akularren etxebizitzak eraikitzeko asmoa berretsi zuen Eneko Goia alkateak: «Eremu horrek urbanizatzeke jarraitzen du, eta zerbait egin beharko da, udalak lursail handi bat duelako han, bere garaian eskuratutakoa, hiriko etxebizitza eskaintza handitzeko». Hain zuzen ere, Odon Elorza alkate ohiaren garaitik datorren proiektua da, eta egun indarrean dagoen 2010eko hiri antolamenduko plan orokorrean (HAPO) 3.000 etxebizitza daude aurreikusita 792.613 metro koadroko landa eremu horretan.
HAPOa berrikusten ari dira orain, eta berrikuspenaren aurrerakinean —oraindik onartu gabe dagoena— jaso duten etxebizitza kopuruak antzekoa izaten jarraitzen du: 3.007 planteatzen dira orain (2.225 babestuak), eremuko lau muinoetan banatuta. Alkateak urriaren 31ko Politika Orokorreko Udalbatzarrean aurkeztu zuen gobernu programan, aldiz, «Auditz Akularrerako behin betiko plangintza zehaztu» behar dela diote, eta ildo beretik jo dute udaleko iturriek erreportaje honetarako galderak erantzuterakoan: «Erabakirik ez dago hartuta, eta plan orokorraren berritze prozesuan aztertu, eztabaidatu eta erabakiko da».
Hogei urtetik gorako borroka
Aurrerakinean jasotzen diren 3.007 etxebizitzen aurrean, Auditz Akular porlanez betetzearen aurkako borroka berraktibatu egin da, Altza XXI elkartea buru duela. Hain zuzen ere, Auditz Akularren etxebizitzak eraikitzeari buruz hitz egiten hasi zenetik ari da Altza XXI horren aurka borrokatzen, kideek azaldu dutenez: «2000. urtean hasi zen prozesu guztia, Jorge Letamendia orduko Hirigintza zinegotziaren eskutik. Udal gobernua hasi zen planteatzen 1995eko plan orokorraren aldaketa puntuala egingo zuela, baina gaur egun gertatzen den moduan, berrikuspena airean zegoen, 2002. urtearen bueltan baikeunden. Horren aurrean, egungo argudio berberekin, hasi ginen aldarrikatzen ezin zela Larratxokoaren antzeko bigarren zabalkunde bat egin». Bide batez, Altza XXIekoek 2006an egin zuten azterketa bat gogorarazi dute, zeinetan agerian utzi zuten 1970eko hamarkadan Larratxoko zabalkundea egin zutenean, legeak aurreikusten zuenaren gainetik ezarri zutela eraikigarritasuna, eta gutxienez 500 etxebizitza «ilegalki» eraiki zituztela.
Gaineratu dutenez, aldaketa puntuala geldiaraztea lortu zuten orduan: «Planteatu genuen ez zela zentzuzkoa aldaketa puntual bat egitea soilik eremu horretarako, plan orokorraren berrikuspena abian zenean, eta bitxia badirudi ere, PPk horrekin bat egin zuen, eta ez zion aldaketari babesa eman». Bitxikeria gisa, Altza XXIkoek gogorarazi dute Altzako EAJk 2006an esan zuela Auditz Akularren gehienez 800 etxebizitza egin zitezkeela, gerora «isilarazi bazituzten ere». 2006 hartan, hain justu, Odon Elorzaren udal gobernuak aldaketa puntuala onartzea lortu zuen azkenean, «baina krisi ekonomikoak bete-betean harrapatu zuen proiektua», Altza XXIkoek gogoratu dutenez: «Urbanizazio gastuak 150 milioi eurotik gorakoak ziren, eta ez zen bideragarria. Eta, gainera, Bruesa zen promotoreetako bat, eta garai hartan porrot egin zuen enpresa horrek. Hori guztia dela eta, pikutara joan zen promozioa, eta lo egon da orain arte. Bestalde, 2019ko udal hauteskundeen aurretik, mahai inguru bat egin genuen Altzan alderdi guztiekin, eta denek esan zuten argi eta garbi Auditz Akularrekoa ez zela eredua eta ez zela egingo, EAJko Martin Ibabek eta PSE-EEko Enrique Ramosek barne. Horregatik guztiagatik, nahiko lasai geunden, eta ezustekoa izan da udaletik berriz esatea 3.000 etxe eraiki nahi dituztela han».
Planteamendu antzekoa zuen Martuteneko Antondegi eremuak 2010eko HAPOan, 3.000 etxe ingururekin, baina aurrerakinaren apustua Auditz Akularren aldekoa da. Hain justu, Antondegin etxebizitzak eraikitzea desegokitzat jotzen du aurrerakinak —surf parkearen proiektuak denbora asko darama airean—, eta proposatzen du «lehentasuna» ematea «Auditz Akularrekoaren moduko garapenei».
Auditz Akular parke teknologikoa zabaltzeko erabiltzearen aldeko ahotsak ere agertu dira azken asteotan, besteak beste, Marisol Garmendia PSE-EEko udal bozeramailearena. Parke teknologikoa Altzaraino iristearen alde agertu dira Altza XXI elkartekoak, baina Auditz Akular ez da horretarako leku aproposa, euren aburuz: «Hemen enpresak eta lanpostuak desagertzen joan dira, eta gaur egungo egoera da Altzan ia ez dagoela lanposturik; soilik Zardoya-Otisen, 238 lanpostu desagertu zaizkigu. Beraz, parke teknologikoa Altzan? Bihar bertan, baina ez Auditz Akularren. Txingurrin, adibidez, badago horretarako eta beste hainbat gauza egiteko espazioa: pabiloiak birgaituta erabilera ekonomikorako espazioak sortu daiteke, Herrerarentzako espazio libre bat sortu eta Herrera eta Larratxo behingoz behar bezala lotu».
Orduan, zer egin behar da Auditz Akularren? Altza XXIekoek argi dute: «Parke bat. 2000. urtetik aurrera, argi ikusi genuen zerbait proposatu behar genuela, eta landa lurraren ordenazioaren plan berezi bat idatzi genuen, baita Arkitektura Eskolako ikasle batzuekin elkarlanean parke bat diseinatu ere, kirolerako espazioekin, bidegorri sare zabal batekin, eta abar. Guk uste dugu Auditz Akularrek Altzarentzat izan behar duela Ametzagaina Intxaurrondorentzat dena. Gainera, uste dugu Auditz Akularren egoera naturala bera ez dela parkea ez den beste ezerekin bateragarria. Eta hori da Altzak behar duena, berdegune erabilgarri bat».
Zardoya-Otis eta beste batzuk
Auditz Akularreko 3.007 etxebizitzak, ordea, ez dira Altzan aurreikusten diren bakarrak. HAPO berriaren aurrerakinean, hain zuzen ere, 4.100 etxe berri aurreikusten dira auzoan, honela banatuta: Auditz Akularren 3.007, Zardoya-Otis eremuan (Jolastokieta III) 456, Esnabiden 249, Oletako ibarrean 152, Txingurrin 130, Errotetazpikoan 60 eta Alfe eremuan 46. 2010eko HAPOan, aldiz, 4.808 etxebizitza aurreikusten zituzten, batzuk egikaritu dituztelarik; Buenavistakoak, adibidez. Aurrerakinean aipatzen direnetako gehienak 2010eko HAPOan zeuden, Herrerako Zardoya-Otis eremukoa izan ezik; hain zuzen ere, Auditz Akularren ondoren, Altzan aurreikusten den hirigintza garapen handiena izan ezik.
Industriagune izandako 22.336 metro koadroko eremu hori erabilera ekonomikorako eremu gisa dago katalogatuta 2010eko HAPOan, eta, hain zuzen ere, horregatik ez ziren etxebizitzak aurreikusten han. Ordea, han zeuden enpresak Eskusaitzetara eta beste industriagune batzuetara joan dira urteotan, eta eremua degradatzen utzi dute, egungo egoerara iritsi arte. Horrela, bertan eraikiko dituzten etxebizitza kopuruan dantza egon da, baina HAPO berriaren aurrerakinak 456 etxe aurreikusten ditu Zardoya-Otis eremuan (91 babestuak eta 91 tasatuak), eta gobernu programan 380 aipatzen dira, 2033rako. Udaleko iturriek erreportaje honetarako galderak erantzunez argitu dutenez, «etxebebizitza, ekipamendu, gune publiko eta gune berdeak biltzen dituen garapen hori [380 etxekoa] da hain justu hor egingo dena. Gune degradatu bat biziberritzea ekarriko du».
Berdeguneak aipatu badituzte ere, gogoratu behar da promozio horri dagozkion berdeguneetatik, soilik 1.570 metro koadro aurreikusten dituztela Zardoya-Otisen bertan, gainontzeko 5.600 metro koadroak Igeldoko Erregenea eremura eramango baitituzte. Hain zuzen ere, hori da Altzako bizilagunak gehien haserretu dituen kontuetako bat, Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak eta proiektua idatzi duten arkitektoek urriaren hasieran Tomasene Kultur Etxean egin zuten aurkezpenean agerian gelditu zen moduan. Era berean, «benetako parte hartze prozesu bat» aldarrikatu zuten han bildutako bizilagunek, eta euren «kexak, kezkak, proposamenak eta beharrak» aintzat ez hartzea leporatu zieten udal ordezkariei, baita «Altza ez ezagutzea» ere.
380 izan edo 456 izan, Herripe Herrerako auzo elkartea proiektuaren aurka agertu da hasieratik, etxebizitza gehiegi direla eta Herrerak eta Altza osoak bestelako beharrak dituela argudiatuta: «Egia da eremu hori guztia degradatuta dagoela eta horrekin zerbait egin behar dela, baina plan bat garatu behar da horretarako, eta ez dugu edozer gauza onartu behar. Berdeguneak behar ditugula argi dago, eta Zardoya-Otis horretarako espazio aproposa izan daitekeela uste dugu. Bestalde, eremu soziokulturalean, beti planteatu dugu eskaintza soziokulturala handitzeko beharra dagoela Herreran, eta eremu industrial ohi hori horretarako aproposa izan daiteke», azaldu du Herripeko kide Jose Angel Butx Apaolazak. Eskaintza soziokulturalaren beharra ere atera zen Tomaseneko aipatu aurkezpenean, eta Arzallusek nabarmendu zuen «Altzak bi kultur etxe» dituela. Ordea, Zigor Etxeburua EH Bilduko zinegotzi ohi eta Altzako bizilagunak gogorarazi zion bi kultur etxe izanda ere, ez daukatela «programazio duin bat» egiteko aurrekonturik.
Berdeguneei eta espazio libreei dagokienez, Marko Sierra ingeniari agronomoak horri buruzko ikerketa egin du Altza XXIrentzat, eta ondorioztatu du Altzan 1,78 metro koadro berdegune daudela biztanleko, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) biztanleko 10-15 metro koadro berdegune gomendatzen dituen bitartean. 2010eko HAPOan espazio libre gisa katalogatuta dauden espazioak kontuan izanda, 7,72 metro koadro daude biztanleko, baina espazio horiek banan-banan aztertu ditu Sierrak, eta agerian utzi du ugari ez direla «aisialdirako, egonaldirako eta jolaserako» erabilgarriak, espazio libreek izan behar duten moduan. Izan ere, asko «kaleen arteko mendoitz oso inklinatuak», aparkalekuak —ibilgailuaren zirkulazioarekin lotutakoak ezin dira espazio libretzat hartu—, eta bestelako eremu ez erabilgarriak dira. Halakoak, «beharrezkoak badira ere, ez dira espazio libreak», Sierrak nabarmendu duenez; horrela, soilik erabilgarriak direnak aintzat hartuta atera du aipaturiko ondorioa.
Ekipamenduez eta berdeguneez gain, Altzako beste behar batzuk aipatu dituzte Altza XXIkoek: «Altzako auzo bakoitzaren beharrak aztertu behar dira, Larratxok, esaterako, tratamendu propio bat behar baitu; aparkatzeko izugarrizko arazoak daude auzoan, eta horri ere heldu behar zaio; eta, azkenik, Altzak erdigune bat behar du, oso sakabanatuta baikaude, eta ez baitaukagu auzo guztiarentzako jarduera bat antolatzeko erdigune argi bat. San Martzial plaza indartu daiteke horretarako, historikoki gainera zentzua izango lukeena, edo beste espazioren bat bilatu; Zardoya inguruaren goialdea, esaterako». Horren guztiaren gainetik, halaber, behar nagusi bat nabarmendu dute elkartekoek: «Udalak utzi egin behar dio Altza aldiri auzo gisa tratatzeari. Gogoratu beharko litzaieke Altza Donostia dela beraien arabera, izan ere, Altza ez balitz Ijentea kaletik gobernatuko, oso desberdina izango litzateke egoera».
Beste hirigintza eredu baten beharra
Jasangarritasunaz, larrialdi klimatikoaz eta halako kontzeptuez gero eta gehiago hitz egiten dute erakundeek, baina, aldi berean, berdeguneak porlanez betetzearen aldeko apustua egiten jarraitzen dute hirigintza plan gehienetan, eta hori zentzugabetzat jo du Apaolazak: «Beste ikuspegi batetik egin behar dira planak, ezin baitugu betiko bidetik jarraitu». Hain zuzen ere, ildo beretik jo du Oihana Santolaria del Campo EHUko Hirigintza irakasleak: «Hiria egiteko garaian, ekonomiak ez du erdigunea izan behar, beste gauza batzuk kontuan izan behar dira, eta ezin dira erakundeen hanka sartzeak herritarren bizkarrean jarri». Horregatik, Auditz Akularreko proiektua «astakeriatzat» jo du, eta Zardoya-Otisekoa «zentzugabetzat», baldin eta «zonifikazioaren planteamenduari aurre egin nahi bazaio eta erabilera aniztasuna sustatu nahi bada».
Santolariaren aburuz, ezin da orain arteko hirigintza ereduarekin jarraitu, eta are gutxiago Altzan: «Nahikoa daukate duten pilaketarekin, desarrollismoaren garaiaren ondorio bat baita egungo Altza, primero vivienda, después urbanismo esaten zen garaikoa». Gogoratu behar da Altzak 20.343 biztanle dituela eta hiriko hirugarren auzo populatuena dela, Donostiako Udalaren 2022ko datuen arabera; Amara Berri-Amara-Loiolako Erribera-Morlans eremua (30.477) eta Erdialdea-Parte Zaharra-Amara eremua (22.149) ditu gainetik.
Udaleko iturrien aburuz, ordea, Altzan etxe gehiago eraiki daitezke oraindik: «Hirigintza planifikatu bat, orekatua, beharrezko zerbitzu publiko, ekipamendu, garraio eta abarrekin egiten bada, hiriarentzako ekarpenak positiboak dira». Horren atzean, aldiz, beste zerbait egon daitekeela deritzo Santolariak: «HAPO berriaren aurrerakinean aipatzen da Donostiak dituen 94.733 etxebizitzetatik, soilik 3.821 direla babestuak, hau da, %4,88. Kontua da Espainiako etxebizitza lege berriak dioela hogei urteren buruan etxebizitzen %20 izan beharko direla babestuak Donostia bezalako hirietan. Orduan, Auditz Akularren etxebizitza babestu asko eraikita konpondu nahi dituzte orain arteko hirigintza eta turistifikazio politiken ondorioak».
Etxebizitza, edo, hobeto esanda, etxebizitzaren prezioa izanik donostiarren buruhauste handienetako bat, alderdi politiko gehienen apustua etxebizitzak eraikitzea da, hori izango delakoan irtenbidea. Kapitalismoaren logikari jarraitzen dio planteamendu horrek, hein handi batean: eskaintza handitzen bada, prezioa jaitsiko da. Datuek, aldiz, ez dute tesi hori babesten, 20.882 etxebizitza eraiki baitira hirian 1991tik 2021era (HAPO berriaren aurrerakina), baina prezioak ez dira jaitsi. Hain zuzen ere, Idealista atariko datuen arabera, alokairuzko metro koadroaren prezioa %35,2 igo da Donostian 2011ko apiriletik aurtengo irailera (ez dago lehenagoko daturik eskuragarri), denbora tarte berean Gipuzkoako KPIa %26,3 igo den bitartean (INE); hau da, KPIaren gainetik hazi da alokairuaren prezioa. Erosketaren prezioari dagokionez, ez da KPIaren gainetik igo, baina Donostiako etxeen metro koadroak estatuko prezio altuenen artean egoten jarraitzen du, etengabe igotzen delarik.
Orduan, etxebizitzak eraikitzea ez bada irtenbidea, zer egin daiteke? Santolariak dio HAPO berriaren aurrerakinean bertan hainbat pista daudela. Izan ere, alde batetik, dokumentuan jasotzen denez, Donostiako etxebizitzen %16,78 bigarren bizitokiak dira. Bestetik, lehenengo bizitokiak direnetatik, %31k bizilagun bakarra dute, eta beste %30 batean bi pertsona bizi dira. Eta, hirugarrenik, hiriko etxebizitzen batez besteko tamaina 85,4 metro koadrokoa da. Hori guztia kontuan izanda, «hirigintza eredua aldatu behar da, gehiago edifikatu gabe, eta hori hurrengo urteotako erronka handienetako bat izango da: nola birgaitu eraikita dagoena», nabarmendu du hirigintza irakasleak. «Adibide bat jartzearren, Ibaetako bulego eraikinetan bulego asko hutsik daude; zergatik ez dugu planteatzen eremu horren erabilera aldatzea, bizitegi erabilera eman ahal izateko eraikin horiei, gehiago eraiki behar izan gabe? Horrela, erabilera ekonomikoa bizitegi erabilerarekin nahastuko genuke», gehitu du.
Horiek horrela, hirigintzak herritarren bizitzan eragin zuzena duela eta HAPO berriak hiriaren etorkizuna baldintzatuko duela argi edukita, beste hirigintza eredu baten alde mobilizatzen jarraituko dutela argi dute Herripekoek zein Altza XXIkoek, «Altzak asko eman duelako, eta orain jasotzea egokitzen zaiolako».