EH Bilduk ondo baloratu du HAPOaren aurrerakina, ohar batekin: «Datozen lau urteotan erabakiko da hiriaren etorkizuna»
Gosari informatiboa egin du, EH Bilduk gaur, HAPOren berrikuspenaren gainean bere iritzia eskaintzeko. “Handik eta hemendik ari da filtratzen HAPOaren aurrerakina, ea zer erreakzio sortzen duen, edo auskalo”, azaldu du Juan Karlos Izagirre EH Bilduko zinegotziak eta, “horren aurrean”, koalizioaren iritzia azaldu diote prentsari.
“Aukera” bat da HAPOaren berrikuspena koalizioaren ustez, “azken urteotan hirian egin diren okerrak zuzentzeko”. Eta aurreratu dutenez, udal gobernuak arkitekto enpresa bati enkargatu dion aurrerakinerako dokumentua “hein handi batean norabide onean” doa, EH Bilduren ustez: “Guk egindako proposamen asko bertan jasotzen dira”.
Txostenean jasotzen den diagnostikoko lau ideiarekin egin dute bat: Auzoetako desoreka nabarmena dela ekipamendu eta errenta mailan, eta hori orekatzeko beharra dagoela; lur gehiago okupatzea ez dela soluzioa –hiraren %43 jada okupatuta dagoela eta gehiago ezin dela, argitu du Garbiñe Alkiza zinegotziak–; etxebizitza parke publikoaren aldeko apustua, hiraren eskaintzaren %20ra heldu dadin 2043an –egun %4koa da–; eta GI-20 saihesbidean bulebarizazio “atsegina” aurreikustea.
Horiek dira EH Bilduk begi onez ikusten dituen gakoak. Ordea, badira hainbat eta hainbat ohar eta kezka.
Auditz Akular eta etxebizitza auzia
Diagnostikoan jasotzen den etxebizitzaren arazoa ez da islatzen aurrera eraman nahi diren proiektuetan. Auditz Akular da adierazgarriena: “Ez da gehiago eraiki behar, are gutxiago jada saturatuta dauden guneetan”. EH Bilduren ustez “deskalifikatu” eta “ez-eraikigarri” gisa markatu behar da gunea.
Auditz Akularren, gainera, babestutako etxebizitza mordoa aurreikusten da, %60 inguru. EH Bilduk uste du, udalaren joko makurra dela, babestu guztiak periferiara eramateko. “Honek ekarriko du Mundaizen (Egian) edo Errondogainan (Aiete) etxeen %100 librea izatea”, horrek dakarren “espekulazio” aukerarekin. Klase arraila handituko duela uste dute koalizioko kideek. Edonola, babestuen kopurua gainontzeko gune gehienetan legeak ezartzen duen “gutxienekoa” izango dela salatu dute: “Europako gutxienekoetatik urrun jartzen gaitu honek”.
Honela, “gehiago eraiki” ordez, “berrerabilpenei” eman nahi diete lehentasuna subiranistek: jada eraikita dauden etxeen birmoldaketen bidez, 4.400 etxe babestu aurreikusten dituzte bide honen bidez. “Bilbon EAJ-k egiten duena, hemen ez dute egin nahi”, salatu du Ricardo Burutaranek.
Edonola ere, HAPOren berrikuspena legealdi honetan egiten ari den arren, ez da aurreikusten legealdi honetan bertan bukatzea. “Hurrengo udal gobernuak onartuko du, eta gehiengoak aldatzen, bestelako hiri eredu bat hasi gaitezke eraikitzen”, adierazi du Izagirrek.