Grebarako unea

«Ez da grebarako unea». Berdin du noiz irakurtzen duzun hau. Edozein grebaren aurrean edozein agintarik esaten du hau.
Agintari ezberdinak daude, hori egia da. Baina nik zer dakit, imajinatu ezkerreko alderdi bat, demagun Hezkuntza Lege bat egiten, eta, demagun, horri aurre egiteko greba bat antolatu duela hezkuntza komunitateak. Bada, kasu hipotetiko horretan berak ere esango du: «Ez da grebarako unea».
Nik ez dudanez etxean ere agintzen, kontrakoa diot: «Beti da grebarako unea». Eta mugimendu feministak deitu badu, eta atzetik joan bazaizkie sindikatuak eta bestelako mugimenduak, bada, arrazoi gehiagoz. Kaleak izan daitezen iraultzen laborategi.
Ez dakit zer asmo duzun azaroaren 30erako. Nik Maynard Dixon margolariak duen koadro eder bat dut gogoan: Scab du izena. Eskirola, alegia.