«Oraindik sortzeko ditudan kantek mugiarazten naute»
Sara gehi bere bizipenak. Hori da 'Nara' Sara Zozayaren (Amara, 1995) lehen lan luzea. Urteak daramatza musikaren munduan Zozayak, inurrien moduan, tai gabe, bere bidea osatzen, eta, batez ere, bere ahotsa bilatzen. Lortu du: bere ahotsak eta doinuak bereizi ezinak dira. Yoga eskolatik atera berri, bere ohiko patxadarekin hartu gaitu: sakon eta goxo, bere musikaren pare.

Bizitzako momentu oso zehatzei buruz aritu zara disko honetan. Zehatzena unibertsala egiten al da?
Gaur artista bati entzun diot helburua hori dela: zure bizipen txikietatik egitea zerbait handia, denontzat. Azken finean, espezie berdinekoak gara, material berdinaz eginak gaude. Batek bizitzen duena, besteak ere bizi du, bere moduan.
Lurra planeta hor dago denbora guztian, eta gu bagatoz eta bagoaz. Pertsonen dantza bat da, baina munduak berdin jarraitzen du. Uste dugu aldatu dugula pila bat, baina ez dugu hainbeste aldatzen. Prozesu eta bizipen guztiak pila bat errepikatzen dira. Horregatik da hain erraza beste pertsona batekin konektatzea, esaten duzuna benetakoa baldin bada.
Oso urrutitik begiratuta, ezta? Zeren gerturatuz gero, oso ezberdina da zein garaietan edo zein lurraldetan jaio zaren.
Anarik zioen «nostalgia burgesa» dugula. Itzalak ditugun arren, oinarrizko beharrak aseak ditugu. Ez gaude bizirik ateratzeko borrokan. Ideien munduan ditugula esatekoak, eta ez hainbeste fisikoan.
Zure bizipenek eragiten dute zuk mundua ikusteko duzun moduan. Eta bizipenak aldatu ahala aldatzen da ikuskera. Hori da ‘Nara’.
Norberaren mundua ezberdina da, zeharo. Horretan saiatzen gara artistak: zure mundua erakusten moduren batean edo bestean. Munduaren koloreak aldatzen doaz, bai bizipenen ondorioz, baina baita hilerokoaren ondorioz eta Saturnoren ondorioz ere… Guztiaren batura gara.
Sarak nola ikusten du mundua?
Egunen arabera, ezberdin. Asko harritzen nau mundua pasatzen dela pelikula baten moduan. Errealitateak ez dirudi errealitatea. Espezie berdinekoak izanda nola garen gai egiteko gauza ikaragarriak. Oraintxe bertan munduarekin flipatzen ari naiz. Uste dut gure garunak muga bat duela, gertatzen ari denaren kontzientziari muga bat jartzen diola; dena beldurgarria da. Distantzia bat hartzen saiatzen naiz, eta galderak egiten: zer zentzu du mundu honek? Pertsonek zergatik egiten dituzte gauza hauek? Apur bat desilusionatuta nago.
Oso azalean bizi den gizartea al gara?
Erabat alienatua gaude. Gainazal oso-oso finean bizi gara, mamira heltzeko ia inor ez da gai. Geure buruetatik hasita; atzo gauean, ohean nengoen, lorik egin ezinda, eta bat-batean mugikorra hartu nuen. Ez gara gai gure buruekin egoteko!
Mundua ulertzeko arteak balio dizu?
Musikak laguntzen du. Liburu batek bezala. Eta letrek gero eta gehiago, uste dut. Letra bat entzutean identifikatuta eta babestuta sentitu zaitezke. Aurreko batean konturatu nintzen musika zer den: momentu iragankor bat da, baina salbazio bat. Gauden lekutik harago igotzea, eta beste egoera batean sartzea baimentzen digu. La MODAren kontzertuan gertatu zitzaidan; abesti bat entzuten ari nintzen, eta argi sentitu nuen: momentu honetan denok gaude salbu. Bizitza hori da: momentu batzuk horren top-ak dira, gainontzekoak merezi duela. Musika ere horretarako da.
Zerikusia du nola kontsumitzen den?
Musika kontzienteki kontsumitzen dugun momentuak oso gutxi dira. Apur bat pureta den arren, musika zuzenekorako dago eginda, nire ustez. Hor dago bizitza, eta hor bihurtzen zara kontziente. Bestea infoxikazioa da, informazio gehiegikeria. Horrek egiten diguna da tximino bat edukitzea buruan. Ondo dago, dibertigarria da, baina uste dut mugatu behar dela kontsumitzeko modu hori, deskonektatzen gaituelako.
Komunitatean musika egitean, demagun afaloste batean, kontsumitzeaz gain, horren parte bazara ere.
Energia trukaketa izugarria dago. Yoga eskola batean Ohm kolektibo bat egiten da, eta oso ezberdina da shala batean edo etxean bakarrik egiten baduzu. Musikarik gabe ere badago energia trukaketa denbora guztian; musika egitean, ordea, beste puntu batera igotzen da. Horregatik ezberdina da ikustea abeslari bat kanta guztiak pintxatzen edo musika berdina musikariekin jotzen. Ekuazio antzekoa den arren, zuzeneko musikan beste zerbait sortzen da.
Ekuazio perfektua zein da?
Bakoitzak modu ezberdinean ikusten du, ezta? Zure frekuentzia berdinean dagoen jendea topatzen duzunean, eta zerbait partekatzen duzuenean, gertatzen da magia. Niretzat oso garrantzitsua da, agian horregatik kostatu zait horrenbeste taldea sortzea.
Nola izan da, bada?
Ez nekien ondo zer ari nintzen bilatzen, baina orain argi ikusi dut: ulermena lortzea. Besteek entzutea zuk zer nahi duzun egin, eta alderantziz. Eta, azkenean, hizkuntza berdin bat asmatzea.
Antton [Goikoetxea, gitarrista] ezagutu nuenean hori gertatu zen: modu berdinean ulertzen dugu dena, eta edozer jotzen dugunean zerbait berezia sortzen da. Taldekide bakoitzarekin ezberdina, denen batura da garrantzitsua.
Istorio barregarria da nola ezagutu nuen Antton. Lehen aldiz joan nintzen Kutxa Kultur jaialdira, ni bakarrik. Euri jasa ari zuen, ez dakit zertan ari nintzen hor, egia esan. Zutik nengoen, eta Antton hurbildu zitzaidan —oso lotsatia da bera—: «Zuk egin duzu Toeren bertsio bat?», galdetu zidan, eta nik baietz, eta, horrela, gau osoa egon ginen musikaz hitz egiten. Kontzertuak ez genituen begiratu ere egin.
Kasualitateetan sinesten duzu, beraz?
Nik uste dute guk sortzen ditugula kasualitate eta kausalitate horiek. Intuizioa jarraitzea da, berez, koherente izatea sentitzen duzun horrekin. Askotan huts egiten dugun arren, benetan nahi dugun tokira eramaten gaituzte.
Honaino egin duzun bide horretan zeri jarraitu diozu?
Intuizioari bai, baina batez ere konstantziari. Denbora guztian daukat buruan zer nahi dudan transmititu musikarekin, eta sentitzen dut inoiz ez dudala lortzen guztiz materializatzea. Eta horrek bidean jarraitzera narama, eta hurrengo hori sortzea. Hori da nire bidea. Sortzen dena ez da ezer estrategikoa, unean unekoa da. Oraindik sortzeko ditudan kantek mugiarazten naute.
Artea espiral moduan ikusten zuen Artzek: gero eta gertuago zaude, baina ez zara inoiz bihotzera heltzen.
Alderantziz ikusten dut nik, espirala kanporantz doa. Eta infinitua da.
Zer da bilatzen duzuna?
Oso sinplea da: bihotza urtuko dizuten akorde segidak aurkitzea. Nire obsesioa hori da: barrutik hautsi zaitzaketen melodiak bilatzea. Post-rockarekin ezagutu nuen hori. Nire afizioa da post-rock abestiak jartzea eta horien gainean inprobisatzea ahotsarekin. Horren energia handia sorrarazten dit, hori dela bilatzen dudana. Böira taldearekin ulertu nuen hau.
Berritasuna oso erakargarria da. Harrapatzen gaitu. Ni nahiko alferra naiz perfekzioaren bilaketan. Oso burugogorra ere banaiz, baina ideia bat ateratzen bada, hori onartzen dut eta ez dizkiot buelta asko ematen. Horregatik ere daukat ekoizle bat.
Zer moduz moldatzen zara gainontzeko jendearekin lan egiten?
Kontsekuentea naiz egiten dudanarekin: irizpide zehatzak ematen badizkiot, ateratzen dena da nik nahi nuena. Beste kasu batzuetan gehiegi pentsatu gabe ematen badiot, ekoizleak nahi duena izango da. Autokritika egiten dut orduan, hurrengoan gehiago egin behar dut. Argi baldin badut zerbait, lehenago esan behar dut; gero jada ez du balio.
Pozik geratzen zara emaitzekin?
Ez, inoiz ez. Baina hori ere ondo dago. Nahiko estoiko nago azken aldian: ona ez da hain ona eta txarra ez da hain txarra. Disko bat ateratzean ere ez zait gustatzen zoriontzea. Kantak egiten jarraitu nahi dut; hau urrats bat besterik ez da. Gauzak ospatu behar dira, baina bidea konstanteagoa izatea nahiko nuke.
Era berean, argitaratzea garrantzitsua da urrats hori emateko.
Bai, eta fisikoan edukitzean zentzua hartzen du. Momentu hau iragaten laguntzen du. Gogorapen bat da: orain arte hau egin duzu.
Talde berriarekin zuzenekoak ematen ari zara orain.
Oso pozik nago: lan handia egin dugu, kontzentratuta eta kontzentratuak. Beste jendearen egiteko moduetatik ikasi dut, eta konformismo hori nire aurkaria ez izaten. Zeure burua serio ez hartzeak badu intseguritatetik. Orain serio hartu dut nire burua, eta ausarta da: gaizki badoa, ardura nirea da. Serio hartu dugu eta bide berri baten lehen pausua da hau.
Kanpotik entzungo bazenu Sara Zozaya, nola ikusiko zenuke?
Gai naiz ariketa hori egiteko, eta entzunaldi ezberdinak egiten ditut. Sukaldean, kozinatzen nagoela jartzen dut atzetik, eta hor, gauza interesgarriak ateratzen dira, cringe-a sortzen didatenak, adibidez.
Eta iraganeko Sarak nola ikusiko luke lan hau?
Lehen ez nintzen ausartzen leku batzuetan posizionatzen. Orain zintzotasuna bilatzen dut, topera. Badakit nire ahotsak dena jasotzen duela, eta koherente bihurtzen duela, eta ez dut beldurrik Caravan egiteko. Inprobisazio dibertigarri batetik atera zen, eta hori berritasuna da, dibertsiotik sortzea. Era berean, Misty bat, letra ezin gordinagoarekin; bihotzetik idazten. Lehen letrekin kontu handiagoa nuen, amak entzungo zuela eta abar…
Beste nonbait kokatzen zaitu lanak?
Publikoan ere ikusi dut aldaketa hori eta batzuk dezepzionatu ere egingo ziren. Badago pentsaera bat uste duena segun eta zein instrumentazio egiten duzun kategoria edo genero bat osatzen duzula, baita publiko bat ere. Niretzat askoz harago doa, eta are gehiago gaur egun.
Koherentzia lortzea zaila egin zaizu?
Ez, kanta bakoitzak asko ilusionatzen ninduen, ezberdinak ziren arren. Diskoa horrela sortu dut, ilusioa egiten zidaten gauzekin. Maitia ateratzeko gogo handia nuen, adibidez. Demoa entzunda ez da pop abesti bat, inondik inora ere. Beste pertsona batekin sartzean beste eremu batera eramaten da [Bengo oiartzuarrak abestu du kantan]. Nik neuk, Gozategin abestuko banu beste zerbaitetan bihurtuko nuke.
Oso pentsatuta dagoela dirudi denak.
Pentsatuta baino, sentituta dago. Kanta bakoitzaren ostean zer nahiko nukeen entzun pentsatzen dut. Tentsioa moztea, edo isiltasuna gehitzea, oreka bat topatzea, finean.
Zure lan egiteko modua topatu duzu?
Bai, orain ondo datorkidana behintzat bai. Ikusiko dugu aurrera begira. Jendea, behintzat, badut, eta ideia horrekin pozik nago: jende berdinarekin bidea egitea. Lehen lan bakoitzerako norbait nahi nuen. Orain oso motibatuta nago denak elkarrekin garatzen joatearekin.
Beste arteekin zer harreman duzu?
Miresmena, ez besterik. Niretzat musika oso erraza da, eta gainontzekoak oso konplexuak iruditzen zaizkit. Verde Pratorekin flipatu egiten dut, horrenbeste gaitasun ezberdin izatearekin.
Zer artista ezagutu behar dugu Sara hobeto ulertzeko?
Emma Ruth Rundle. Bermeon ikusi nuen behin. Musikaria da eta margolanak egiten ditu. Ez bereziki ondo, uste dut, baina zerbait transmititzen du. Erreferenteez asko hitz egiten da, baina benetan ikusten duzunean norbait zerbait egiten, eta konturatzen zarenean posible dela, liberazio moduko bat da, zerbait askatzen zaizu. Berak hori eman zidan.
Promozioa, salmentak, erritmoak… beldurra ematen dizu?
Bai, eta horregatik bilatzen dut estabilitate ekonomikoa beste nonbait. Soilik honetaz bizi beharko banu, izugarrizko antsietatearekin egongo nintzateke. Ez zait gustatzen nola kontsumitzen dugun, ez diogu gauzei denborarik ematen.
Lasaitasuna eta bake mentala oso lagunak dira. Ezetz esatea baita ere. Elkarrizketa hau egiten ari gara kristoren balioa duelako niretzat zurekin hitz egitea, baina sentitzen ez ditudan gauzei ezetz esaten diet. Gero sareak daude: ez dut ibili nahi denbora osoan guztia argitaratzen. Nire kontzertuko irudiak ez ditut beti partekatzen; zer da, nire egoa puzteko? Jendeak ikusi nahi badu kontzertua, hoberena etortzea da.
Dituzun jarraitzaile kopuruari zer garrantzi ematen diozu?
Spotify-n, orain, lehen baino entzule gehiago ditut; polita da sentitzen dudalako bizia duela musika horrek; baina nahiko. Konturatu naiz jarraitzaile gehiago edukitzean ez dela ezer aldatzen. Barne sentsazioa ez da aldatzen. Gizakiok beti nahi dugu gehiago, inoiz ez da nahikoa. Hori ulertzen duzunean, dagoena onartzen duzu eta ondo dagoela sentitzen duzu. Zure jendea topatzea da gakoa, zure publikoa, zure komunitatea.
Baduzu komunitate bat inguruan?
Bai, erabat. Badago jendea nire musikak zerbait aldatu diena, edo lagundu diena, benetan. Hori niretzat harrigarria izan da. Ez da jende asko, baina hainbatek idatzi dit, eta hori bizitzea bai dela zoragarria. Horrek ematen dit indarra.
Musikari moduan, zein da zure ametsa?
Aste barruan jotzea, asteburuetan kontzertuak ikusteko.
Donostian ez da posible izango…
Oraingoz ez, behintzat.
Eta Donostiako komunitatea?
Ez dut sentitu inoiz Donostiako komunitatea, bere horretan. Zabalagoa da niretzat: AP-8 a, gehiago. Irekitasuna dago, eta iruditzen zait publiko bat badagoela apur bat deseroso, gauza oso freskoak ari direlakoa ateratzen: konplexurik gabeak, sentsibleak, zaurgarriak… Eta komunikazio handia dago denen artean. Afinitate handiagoa dago, musika aldetik baino, gauzak egiteko moduan: ahizpatasun bat dago taldeen artean. Gero kaka zaharra hitz egiten duen jendea badagoen arren.
Zeri egin behar zaio kantu?
Tontakeriak super garrantzitsuak dira. Kasu gehiago egin behar diegu. Komentario batek mina egin badizu, mina egin dizu. Baina hortik bazoaz, beste zerbait topatuko duzu.
Zein da idatzi nahiko zenukeen kantu perfektua?
2050ean erakutsiko dizut.
Elkarrizketa errepikatuko dugu?
55 urte izango ditut.
Eta ni lanean egongo naiz oraindik…