PPk segurtasunaren inguruko bere proposamena banatu du Egian: besteak beste, Kaleko Afari Solidarioak debekatzea
Segurtasunean udalak duen “ekintza falta” salatu du Alderdi Popularrak, Egian, etxez etxe banatu duen gutunean. Gaztelera hutsez banatutako mezuan, Alderdi Popularraren eskariak aurkeztu ditu, auzoan dagoen ustezko segurtasun faltaren inguruan, inolako daturik eman gabe.
Udalbatzan aurkeztutako hainbat mozioren zerrenda dago gutunean, eta gainontzeko alderdiek bozkatutakoa. Ordea ez da zehazten zer den proposatzen zena.
Urriaren 31n aurkeztu zituzten bost proposamenen laburpena egiten dute gutunean: “Txoke plan” bat adostea Egian segurtasuna handitzeko; okupatutako eraikin “guztiak” etxegabetzea; Udaltzaingoaren presentzia handitzea; Tabakalerara sarbidea kontrolatzeko “beharrezko neurriak” hartzea, “zentroak dituen helburu kulturalei loturikoak ez diren bestelako erabilerak galarazteko”; eta, azkenik, kalean egiten diren janari banaketa “ilegalak” debekatzea.
Azken neurri polemiko hau defendatuko du Borja Corominasen alderdiak biharko udalbatzan, eta bertara joateko deia egin dute. Egoera gehiago lantzeko asmoz, beste bi hitzordu jarri dituzte: urtarrilaren 11n eta 18an, 17:00etatik 19:00etara.
Kaleko Afari Solidarioak jo puntuan
Kaleko Afari Solidarioak taldeak gogor kritikatu du proposamena, espresuki haien izena aipatzen ez bada ere, haiek direlako kalean, egunero-egunero janaria banatzen duten boluntarioak. Taldeak udalbatzara joateko deia egin du 12:30ean.
Donostiako Kontseilu Sozialistak gogor kritikatu du Alderdi Popularraren proposamena eta kaleko afariak debekatzea “proletargo baztertuena kriminalizatzeko saiakera” dela salatu dute. Era berean debekua justifikatzen saiatzeko erabilitako “arrazismoa” salatu dute. Bat egin dute KASek antolatutako protestarekin.
Ez da lehen aldia alderdi politikoek egitasmo herritar hau kritikatzen dutena. Joan den otsailean, EAJko Aitziber San Roman zinegotziak “intrusismoa” egotzi zien kalean bizi direnekin lan egiten duten boluntarioei.