Gazteen ongizate emozionalaren aldeko ekitaldia egingo dute igandean, Intxaurrondon
Zu-lotik mugimenduak, ekialde barrutiko gazteen kolektiboak, gazteen ongizate emozionalaren aldeko ekitaldia egingo du igandean, Intxaurrondoko Larrotxene Kultur Etxean. 16 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduta dagoen ekitaldi honek, hausnarketarako, entzute aktiborako gune seguru bat eraikitzea du helburu. Antolatzaileek azaldu dutenez, Zu-lotik izenak adierazten duen moduan, “leku ilun batetik irteteko ekintza adierazteko edo esnatzeko ekintza irudikatzea” bilatzen du, izan ere, jarrera pasibotik aktibora igarotzea bilatzen du kolektiboak.
Hala, igande arratsaldea ekitaldiz josiko dute Larrotxene, eta askotariko eskaintzak izango dituzte ekialde barrutiko gazteentzat: dinamikak egiteaz gain, hainbat jarduera artistikoz gozatzeko aukera egongo da: auzotako artisten kontzertuak, horma margoketa eta bestelako jarduerak egongo dituzte.
Ekitaldia, Altza Bidebieta eta Intxarrondoko gazteei bideratua dago eta antolatzaileek azaldu dutenez, parte hartzeko nahitaezkoa izango da aurrez izena ematea.