Abdoulaye Sarr: eredu bat gazte migranteentzat
Kale egoeran egotetik, kale egoeran daudenak laguntzera egin du salto Abdoulaye Sarr gazte senegaldarrak. Harrera Sarearen laguntzari esker egin zuen aurrera, eta orain, SOS Arrazakerian egiten du lan. Gazte migranteentzat eredu eta erreferente bihurtu da, berak inork baino hobeto dakielako zer den pasatzen ari direna.
Abdoulaye Sarr du izena (Fimela, Senegal, 1995). Senegaldik etorri zen 2018an: «Jende asko etorri ginen batera Algecirasera, agian oroituko duzu», dio. «Ehunka lagun heldu ginen, eta Espainiako Gobernuak hainbat autobusetan sartu, eta Espainian zehar banatu gintuen. Niri Donostia tokatu zitzaidan, eta hona ekarri ninduten, autobus geltokira», kontatu du.
Unibertsitateko lagun min batek, egun batetik bestera, bizitza aldatuko zion mezu bat bidali zion: argazki bat Santurtzitik. «Badakizu, txikitatik amets bat dugu Senegalen: Europara etortzea. Gazte-gaztetatik dugu ideia hor».
«Bi aste ziren elkar ikusi genuen azkeneko alditik, eta bat-batean hemen zegoen. Berak egin bazuen nik ere egin nezakeela pentsatu nuen. Nire moto zaharra saldu, eta diru horrekin hasi nuen bidaia aste horretan bertan», kontatu du.
Pasaportea lortzeko Poliziari ordaindu, eta Rossora joan zen —Senegal iparraldera—, eta hortik, Mauritaniara. Bertan ere, Poliziari ordaindu zion paperak lortzeko, eta itzuli batzuen ostean, Marokora heldu zen: Casablancara.
«Marokora dirurik gabe heldu nintzen, eta hor hasi zen bidaia. Eta arazoak». Kalean lo egin behar izan zuen bere bizitzako lehen gaua izan zen hura, Casablancan. Gerora, senegaldar batek lagundu zion Tangerreraino joaten, eta hainbat hilabetez, behin eta berriz saiatu zen muga zeharkatzen pateran: hamalau aldiz saiatu ere.
Donostiara, ausaz
«Uztailaren 27ko gau batez heltzea lortu genuen, ez dut inoiz ahaztuko», gogoratu du Sarrek. Migrante asko iritsi ziren egun horietan, eta, azaldu moduan, berari Donostiara etortzea egokitu zitzaion.
«Gurutze Gorrira iritsi ginen; ez genekien ezta zer zen». Hiru gau eman zituen bertan, eta, gero, «kalera». Gau horretan bertan sortu zen Donostiako Hiritarron Harrera Sarea.
«Poliziak etengabe zelatatzen gintuen, zer egin genezakeen, nondik joan gintezkeen… Gutako batek Tolosako neska bat ezagutzen zuen: Maialen, SOS Arrazakeriakoa.Bertako jendeak lagundu gintuen. Ez geundela bakarrik esan ziguten, eta haiek sortu zuten Harrera Sarea».
«Txantxarreka Gaztetxera eraman gintuzten», kontatu du irribarre zabal batekin. «Auzoko gazteek lagundu gintuzten, haiek dira nire kuadrilla oraindik ere», dio barrez.
Horri esker, bizilagunek erroldatzeko aukera eskaini zieten: «Ni Antiguan erroldatu nintzen, Matia kalean». Donostian daraman denbora honetan, gaztelera ikasi eta soldadura eta sukalde ikastaroak egin ditu Sarrek.
SOS Arrazakerian boluntario
«Berehala boluntario gisa hasi nintzen SOS Arrazakerian eta Harrera Sarean», kontatu du Sarrek. Berak jasotako laguntza itzultzeko modu bat zen, eta bazituen iritsi berriek behar-beharrezkoak zituzten bi jakintzak: «Hizkuntzak dakizkit eta badakit nola funtzionatzen duen Atzerritarren Legeak».
2021ean, «paperak lortu» zituenean, lanpostua eskaini zioten bertan: «Zuk baino hobeto inork ezin du lagundu», esaten zioten. Izan ere, migrante askok berarengatik galdetzen dute zuzenean.
Elkarrizketak iraun duen bitartean agertu da bat edo beste, datorren astean zita nahi duela esanez. Atzerritarren bulegoan zita, erroldarako zer egin, itzultzaile lanak… Asko dira Sarrek egiten dituen lanak, eta horregatik da bera «hoberena».
«Bi aldeetan egon naiz ni. Kale egoeran egon den gazte bat izan naiz ni, ez zuena ezertxo ere ulertzen; eta orain, laguntzak eskatzeko egin beharreko lana ezagutzen duena naiz. Iritsi berri den jendea ikusten dut orain, eta laguntzeko beharra sentitzen dut».
Sarrek bere prozesua kontatzen die; pazientzia eskatzen die, eta aldi, berean, ondo ulertzen ditu: «Kalean lo egitea izugarria da: gau bat kalean bizitzako hilabete bat da; bai osasunari dagokionez, eta baita mentalki ere».
«Erreferentea»
Erreferente gisa ikusten dute migranteek Sarr. Ibilbide bera egiteaz gain, haien herri eta auzoetan bizi izan da: «Marokon bakarrik nengoen, eta badakit zer den Poliziaren bortizkeria, kartzela, arrazakeria… Kaletik ezkutatu behar izaten genuen han, beltzak ginelako. Harrapatzen gintuzten aldiro jipoitu egiten gintuzten poliziek».
Kale egoeran egotea egoera oso gogorra dela nabarmantzen du behin eta berriro: «Afrikan inork ez du espero Europara iristean kalean lo egin beharko dugunik».
Batzuetan ez da hain erreza, aitortu du: «Egun osoa egon naiteke gazte batekin, eta gero etxera noa eta beragan pentsatzen dut. Euria ari badu, edo hotza… Ni ere hor egon naizelako. Ez da erraza».
Gizarte Langintzan sakontzea
2021etik gaur arte lanean ari da SOS Arrazakerian. Urretxindorra proiektuan, hezkuntza teknikari gisa, artatze zerbitzuan eta Izan Harrera egitasmoan hartzen du parte. Azkenaldian, asko ari da kontzientziazio hitzaldiak eskaintzen ikastetxeetan, haurrekin eta nerabeekin. Orain, Gizarte Langintza ikasi nahi du, baina ez dizkiote Senegalgo tituluak baliozkotzen: «Hori da nire hurrengo helburua».
Jendeak uste duenaren kontra, oso zaila da erakundeen laguntzak lortzea. «Gaur egun, laguntza bat lortzeko, gutxienez, bederatzi hilabete eman behar dituzu kale egoeran». Hamabost egun eman behar dituzu kalean, zita bat lortzeko. Horren ostean, hiru hilabete gizarte hezitzailearekin, kalean zaudela egiaztatzeko: «Eta gero, gerokoak».
Sukaldea pasio
Baditu bestelako asmoak Sarrek. «Nire pasioa sukaldaritza da», dio irribarre zabal batekin: «Sukaldea maitasuna da, niretzat». «Parte Zaharren aritu naiz lanean, leku mordo batean, baina oso gogorra da, Donostian behintzat: hamalau ordu egunero, jaiegunik ez… Joan den astean nagusi ohi batek deitu ninduen eta esan zidan ea zenbatengatik itzuliko nintzatekeen. Esan nion 2.500 euro eta barre egin zuen, ezinezkoa zela [barrez]».
«Lanetik atera, eta buruko minez etxera iristen banaiz, zerbait kozinatu eta lasaitu egiten naiz», kontatu du Sarrek. «Badakizu zer? Senegalen gizonek ez dute inoiz kozinatzen. Marokora heldu nintzenean hasi nintzen ikasten. Donostiara etortzean ilusio handia egin zidan kozinatzen jarraitu ahal izateak, eta sukaldaritza ikastaroa egin nuen».
Afrikako sukaldaritza da gehien lantzen duena, eta bideo tutorialen bitartez ikasi duela kontatu digu: «Ceebu jën da nire plater gustokoena. Arroza berdurekin eta arrainarekin».
«Eta hemengoak ere, e. Ziur nago ezagutzen duzun edozein plater kozinatzeko gai naizela», dio barrez.
Hilabete barru doa berriz ere bere herrira. Han ditu neska laguna eta senideak: «Espero dut noizbait Donostiara ekarri ahal izatea». Sarri hitz egiten du haiekin, eta «Europaren ametsa» behin eta berriro irteten da: «Atzo bertan hitz egin nuen anaia gaztearekin, eta Europara etorri nahi duela esan zidan. Nik kontatu diot zer den bide hau: zenbat aldiz atxilotu nauten, jipoitu nauten, zenbat sufrimendu igaro ditudan… eta hala ere, berak dio etorriko dela!».
«Orain ondo nago: ikasi dudalako, gogor lan egin dudalako eta nire lekua lortu dudalako. Baina oso gogorra da, ez diot inori gomendatzen», nabarmendu du.
Urteek aurrera egin dute, eta Sarrek bere lekua egin du hirian. Ez esfortzurik gabe. Aurrera begira dago orain, nondik datorren ahaztu gabe, laguntza behar duenari lagundu behar zaiola sinetsita, eta lanean.
Eredu eta erreferente bat da beste herrialde batetik eta esku hutsik datozen migranteentzat. Eredu eta erreferente bat da giza eskubideengan sinesten duen donostiar ororentzat.
Txantxarreka izan da guk izan dugun zortea, eta egun iristen ari direnek ez dutena. Bertako jendearekin harremana izan genuen hasieratik, oinarrizko hiru behar asetuz: etxea, janaria eta hizkuntza».
Abdoulaye gazteak argi du Antiguako Txantxarreka gaztetxean sortu zen elkartasun egitasmoak izandako garrantzia. 2018an Sarr eta beste ehunka migratzaile heldu ziren Euskal Herrira eta Europara, Afrika zein Asiatik, eta estatuek egin ez zutena egin zuten herritar askok Errefuxiatuak Ongi Etorri lelopean.
Antigua auzoak eraiki zuen hilabete luzez Euskal Herrian erreferente bihurtu zen proiektua, eta hainbat gaztek bertan bizitokia topatu zuten hainbat hilabetez. Sarren moduan, hainbat izan dira proiektu honi esker Donostian bizitza eraiki ahal izan duten migranteak.
Auzoarekin harremana
«Auzoarekin harreman handia zegoen, oso harreman estua genuen auzokideekin. Egun, iruditzen zait egoera asko aldatu dela, eta kale egoeran dauden migranteekin arazo gehiago dituztela auzotarrek. Duela bost urte, auzoaren babesa sentitzen genuen», gogoeta egin du.
Sarrek uste du gaur egungo egoerarekin alderatuta, 2018an egoera ezberdina zela. «Gizarteak argi ikusten zuen errefuxiatuen gaiak zuen garrantzia; behar handia zegoela, baina ez zegoela bitarteko nahikorik. Gizartea mobilizatu egin zen eta hainbat laguntza jarri ziren martxan, hedabideetan ere sekulako oihartzuna izan zuen», gogoratu du.
Urteak aurrera egin ahala, okerrera egin denaren susmoa du Sarrek. «Laguntzek ez dute eboluzionatu, lehen 100 pertsona ginen, eta egun, 400 edo 500, baina zerbitzuak ehunentzat izaten jarraitzen dute».
Sarr, gaur egun ez da Antiguan bizi. «Zoritxarrez, ia ezinezkoa baita Donostian bizitzea —migratzailea bazara askoz gehiago!—; Errenterian bizi naiz orain, baina Antiguara itzuli nahi dut lehenbailehen. Hau da nire auzoa! Txantxafrika beti bihotzean!» .