«Gure lana duin bihurtu behar da»
Susana Gonzalezek eta Inma Aristik (Errenteria, Gipuzkoa, 1958 eta 1960) 25 urte inguru daramatzate garbiketaren sektorean lan egiten, eta LAB sindikatuko kideak dira. Donostian egiten dute lan, eta ondo ezagutzen dute sektorearen errealitatea. Lanean ez ezik, borrokan ere urteak daramatzate, behingoz euren lana, gainontzeko sektoreek funtzionatu dezaten erabat ezinbestekoa dena, aitortua izan dadin.
Susana Gonzalez eta Inma Aristi, garbitzaileak. (Argazkia: Beñat Parra) Nolakoa da garbitzaile baten egunerokoa?
Susana Gonzalez (S.G.): Ni goizeko seietan hasten naiz lanean zentro batean, eta gero, arratsaldean, hainbat banketxe garbitzen aritzen naiz. Hau da, enpresa berarekin, hainbat zentro garbitzen ditut, goizez eta arratsaldez.
Inma Aristi (I.A.): Ni berdin. Goizeko seietan hasten naiz, garbiketa ordu batzuk eginez. Ondoren, 12:30ean jangelara noa, 15:00etan ateratzen naiz, eta arratsaldean beste garbiketa lan bat edukitzen dut. Lehen, goizeko lanaren enpresa berekoa zen arratsaldekoa, baina bere garaian subrogatu egin ninduten, eta, beraz, orain hiru enpresarentzat egiten dut lan. Bi ordutxo han eta bi ordutxo hemen, azkenean, egun osoa daukazu okupatuta, eta batzuetan ez zara lanaldi oso bat egitera ere iristen. Lan baten eta bestearen artean, askotan, tarte bat izaten duzu, baina luzeegia izaten da ezer egin gabe itxoiteko, eta motzegia beste zerbait egiteko.
Bateragarriak dira baldintza horiek eta kontziliazioa?
S.G.: Nire alabak helduak dira eta dagoeneko ez dira nire etxean bizi, beraz, alde horretatik ez daukat arazorik. Nire bizitza egiteko bai, noski; tartetxoak bilatzen ditut nire gauzak egiteko, baina ez da erraza, astelehenetik larunbatera egiten baitut lan, eta nekea pilatzen joaten da.
I.A.: Nik astelehenetik ostiralera egiten dut lan, baina, bai, kontziliazioa ez da batere erraza. Nire semea ere dagoeneko heldua da eta ez da nire etxean bizi, baina orain ama zaintzea tokatzen ari zait. Hau da, semea zaintzetik ama zaintzera pasatu naiz.
Nola ikusten duzue garbiketaren sektorea?
S.G.: Garbiketaren sektoreak okerrera egin du gu lanean hasi ginenetik hona. Asko prekarizatu da: gehienok, lanaldi oso batera iristeko, bizpahiru enpresarentzat lan egin behar dugu; lanaldietan murrizketak egiten dizkigute une oro eta oso estresatuta egiten dugu lan, eta abar.
I.A.: Horrez gain, hainbat enpresarentzat lan egitean, zailtasun handiak izaten ditugu oporrak, baimenak eta halakoak hartzeko. Niri gertatu izan zait enpresa batean oporretan egotea eta bestean ez. Agian ez enpresak berak trabak jartzen dizkidalako, baizik eta lankideekin antolatu behar naizelako eta batzuetan ezinezkoa delako dena koadratzea.
Soldata arrakalak edo bestelakoak daude garbiketaren sektorean?
S.G.: Oso sektore feminizatua da, eta dauden gizon gehienak peoi kristalariak dira, hau da, maila altuagoa dute.
I.A.: Eta, dauden gizon gutxiek, ‘kasualitatez’, lanaldi osoko kontratua dute. Hau da, gizon gutxi daude sektorean, baina dauden guztiak garbitzaile arrunt batek baino maila altuago bat dute —peoi espezialistak, gehienbat—, eta lanaldi osora daude. Emakumeoi, aldiz, ez zaigu eskaintzen peoi espezialista posturik.
Zer suposatzen du sektore feminizatu batean lan egiteak?
S.G.: Nik garbitzen dudan zentroan lan egiten duen jendearekin harremana daukat eta ondo tratatzen naute, baina uste dut beti dagoela presente garbitzailea zarela eta, hein handi batean, ikusezina zarela.
I.A.: Ikusezina eta oso gutxi baloratua. Askotan, modu peioratiboan hitz egiten da garbitzaileoz, eta askorentzat deserosoa ere badela ematen du. Izan ere, niri gertatu izan zait ekitaldiren batean garbitzen egotea eta arduradunak esan izana garbiketako karroa ezkutatzeko. Ez da kontuan izatean gure lanaren benetako balioa, ez soldatari dagokionez ez beste ezeri dagokionez. Zeren, gure lanak ahalbidetzen du gainontzeko sektoreek goizero euren lana behar bezala egitea.
S.G.: Egiten dugun lana ez baloratzeaz gain, garbitzaile igarik oso tratu desegokia jasotzen dute lanean, inolako errespeturik gabekoa. Bestalde, aipatu behar da gure sektorearen barruan azpi-azpian daudenak etxebizitza blokeetako atarietako garbitzaileak direla, modu indibidualean egin ohi dutelako lan, eta lan izugarria egiten dute. Elkarte gastronomikoetakoek ere sekulako lana egiten dute, denbora jakin bat dutelako elkarte bat garbitzeko, baina berdin du plater gehiago edo gutxiago dituzun garbitzeko: egin behar duzu eta kito. Orduan, batek baino gehiagok kobratuko ez dituen orduak pasatzen ditu garbitzen, atentzioa eman ez diezaioten.
Hainbat borrokaldi dituzue martxan une honetan. Zer ari zarete aldarrikatzen?
S.G.: Berriki, hitzarmena sinatu berri da. Sektoreko sindikatu nagusia ELA da, eta bi urtez elkarrizketa prozesu batean murgilduta egon ostean, azkenean beraiek sinatu dute akordioa enpresarien sektorearekin. Lortu dutena soldata igoera bat izan da, baina prekarietaren gaia, bajena eta beste batzuk ez dituzte ukitu. Soldata gauza bat da, baina lanaren kalitatea da garrantzitsuena, langile asko daudelako aldi baterako kontratuekin, lan karga izugarriekin, ratio desegokiekin, eta abar.
I.A.: Azkenean, soilik dirua hartzen dute kontuan enpresek: ahalik eta prezio baxuenean egiten dituzte kontratazioak, eta abar.
Zergatik da beharrezkoa azaroaren 30ean greba egitea?
I.A.: Garbiketa eta zaintza eskubide unibertsalak izan beharko liratekeelako, eta ez negozio bat. Gu grebara goaz aldarrikatzeko gure lanaldiek, soldatek eta baldintzek ezin dutela izan orain diren bezain prekarioak, eta gure lana duin bihurtu behar dela.
S.G.: Borrokaren hasieran gaude, aurrerapausoak ematen ari garelako, baina oso mantso eta prozesu izugarri luze eta gogorren ostean. Patronalaren ustez, ez dago soldata arrakalarik gizonen eta emakumeen artean, eta hori da borrokaren hasieran gauden erakusgarri; ehun pauso eman behar baditugu, bigarrenean edo hirugarrenean baino ez gaude. Horrez gain, garrantzitsua da lortzen ditugun gauzekin ez konformatzea, erraza baita atzerapausoak ematea eta oraindik aurrerapauso asko baititugu emateko. Greba eguna bat da, baina borroka egunerokoa da.

