Pikete feminista egin du LABek, Tolosa hiribidea moztuz
LAB Sindikatuak Tolosa hiribidea bi noranzkotan moztu du, azaroaren 30eko greba feminista orokorrera dei egiteko. Eulen enpresaren bulegoen parean egin dute errepide moztea, eta bulegoaren aurrean protesta egin dute kartelak pegatuz.
Salatu dutenez, enpresa horrek “eskaintzen dituen zerbitzuen kalitatearekiko eta langileen lan baldintza prekarioekiko duen erantzukizuna salatu eta haien negozioa onartezina” da.
Sindikatuak adierazi duenez, “instituzioen eta enpresarien arteko aliantzak, zaintza sistema publikoa pribatizatu du azken urteetan zehar, herritarrok kalitatezko zaintza zerbitzuak jasotzeko dugun eskubidearen ordez, enpresen irabazi ekonomikoak lehenesten ari direlarik”.
Honela, azaroaren 30eko greba feminista orokorrarekin bat egiteaz gain, “zaintza eta bizitza erdigunean jartzea” herritar guztion ardura dela aldarrikatu dute: “Hain zuzen ere, horregatik elkartu gara hemen metaleko langileak, industriako langileak, administrazio publikokoak edota zerbitzu pribatuetakoak ere, eta ez sektore feminizatuetako emakume langileak soilik”.