Urtebete atzeratuko dira Eskusaitzetako MUBIL-en eraikitze lanak
Eider Mendoza Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak iragarri duenez, datorren urtearen “erdialdean” zabalduko ditu ateak Mubil guneak, Eskusaitzetan. Lanak bide onean doazela adierazi du gaur goizean egoitzara egindako bisitan, ordea, lanak esleitu zirenean, 2023ko urrirako behar zuten amaituta obrek, eta Mubilen webgunean, 2024ko urtarrilean amaitu behar zutela dago iragarrita. 14,2 milioi euroko aurrekontua zuten lanek.
MUBIL Mugikortasun Adimendun eta Jasangarriko Zentroaren behin betiko egoitza eraikitzeko obrak abiarazi dituzte Zubietako Eskuzaitzeta industrialdean. Agintariek diotenez, “Europan teknologikoki punta-puntakoa” den azpiegitura eraikitzeko lanak hasi dira, “euskal industriaren eraldaketa bultzatu eta Gipuzkoa eta Euskadi mugikortasun berriaren abangoardian kokatu nahi dituena”.
Eraikin berriak Tolosako MUBIL-en egungo egoitzaren edukiera laukoiztuko du, eta 4.900 metro karratu izango ditu. Bertan, teknologiak eta produktuak aztertzeko eta probatzeko hiru laborategi egongo dira. “Mugikortasun berriaren unibertsoko eragile guztiei irekita dauden laborategiak, mahai gainean lehen fabrikatzaileen eskaerak dituztenak”. Hauek dira landuko dituzten hiru ildo nagusiak: energia biltegiratzea, Power Train eta Hidrogenozko erregaia. Horri esker, lurraldeak azpiegitura teknologiko “diferentziala eta oso aurreratua” izango duela adierazi dute.