Antolakuntza independentearen aldeko deia egin du Itaiak, greba feminista orokorrean
“Emakume langileon emantzipazioa gauzatzeko ezinbestea da zaintza auziak dakarren bazterketa eta zapalkuntza sozial eta ekonomikoa amaitzea”. Honela aldarrikatu du Itaia emakume sozialisten erakundeak, greba feminista orokorraren testuinguruan egin duten mobilizazioaren amaieran.
Mugimendu feministak auzoetako zutabeak antolatu eta Gipuzkoako Aldundiaren egoitzan ekintza egin duen bitartean egin du manifestazioa Itaiak Erdialdetik, Gipuzkoa osotik etorritako ehunka gazterekin. Zaintza problematikak gizarte osoari eragiten dion arren, “bereziki emakume langileei” eragiten dietela adierazi du Itaiak.
Salatu dute greba eskubidea urratuta dagoela, hainbat sektoretan “%100eko zerbitzu minimoak inposatzen dituztelarik”. Adierazpenean irakurri dutenez, “enpresarien eta nagusien inpunitatearen aurrean, greba orokorrak langile guztion borrokarako eskubidea aldarrikatzeko balio behar du, greba bezalako borroka egunak interes korporatiboak eskuratzeko erabili beharrean”.
Bestetik, salatu dute “politikari profesionalak zaintza auziaz hitz egiten” duten arren, egunerokoan, “entzungor egiten dietela emakume langileon borrokei eta aldarrikapenei”. Beraientzat, zaintza “negozio” bat dela arbuiatu dute: “Proposatzen dituzten berdintasun politikek enpresarien eta politikarien arteko paktuak dira, eta onura elektoralak lortzea dute helburu”. Itaiako kideentzat “alternatiba faltsuak” dira honakoak.
“Klase ertaineko emakume batzuentzako momentuko onurak ekar ditzaketen politika publikoek, egoera zaurgarrienean gauden emakumeok behin eta berriz baztertzen gaituzte”, gehitu dute bozeramaileek.
Itaiak antolakuntza independentearen aldeko deia egin du, zaintza lanen ardura gizarte osoarena bihurtzea eta lan banaketa sexualarekin amaitzea aldarrikatuz. Bestetik, guztiontzako soldata berdintasunaren aldeko aldarria egin dute, “jardun oro sozialki aitortua izan dadin”.