Emakume presoen eskutitz bat irakurri dute grebalariek Martuteneko espetxearen kanpoaldean
Eguneko lehen piketea 27 poligonoan hasi dute, eta Martuteneko kartzelaren kanpoaldean amaitu. Bertan emakume presoen eskutitz bat irakurri dute, eta, ondoren, Denon Bizitza Erdigunean plataformaren erantzuna irakurri dute. Erantzuna, gainera, eskutitz gisa sartu dute kartzelara. Bi emakume sartu dira barrura, eta bertan utzi dute. Ordea, administrazioko langilea ez zegoenez, ez dakite erantzuna ondo iritsi den ala ez. Horrekin, amaitutzat eman dute Martuteneko elkarretaratzea.
Martuteneko kartzelako emakumeek zaintzaren inguruan dituzten bizipenak partekatu nahi izan dituzte gaurko greba egunean. “Emakume presoak zaintza berezia behar duten beste emakume presoak zaintzera behartzen gaituzte, zigorraren mehatxupean. Zaintza berezia behar duten gizonak erizaindegira edo moduluetara bideratzen dituzte, duten larritasunaren arabera. Borondatez edo soldata txiki batengatik zaintzen duten gizonek espetxe onurak jasotzen dituzte ordainetan. Emakumeontzat, aldiz, erizaindegia ez da aukera bat, eta modulura etortzen dira denak. Duela gutxira arte, gainera emakume preso denak derrigortuta gainerako emakume preso denak behar zituzten zaintza lanak txandaka egitera. Garrantzitsua da emakumeentzat ere zaintza lana ordaindua izatea”, aldarrikatu dute emakume presoek.
Denon Bizitza Erdigunean plataformako kideek eskerrak eman dizkie emakume presoei, egin dituzten ekarpenengatik. Honakoa erantzun diete plataformako kideek: “Badakigu espetxeak gizonen neurrira egindako erakunde patriarkalak direla, eta emakumeak bertan sartuta daude haien beharrak kontuan hartu gabe. Beste behin ere salatzen ditugu emakume presoek behin eta berriz jasaten dituzten diskriminazioak. Espetxeak ez daude prestatuta emakumeen behar mediku eta familiarrei erantzuteko. Hemendik elkartasun oihuak egin nahi dizkizuegu zuei guztioi, eta kartzelak emakumeei gehitzen dizkien zapalkuntza mota ugariak salatzen ditugu”.