Greba feminista orokorrak Donostia hartu du
Goiz-goizetik egin dituzte piketeak Donostiako hainbat auzotan. Momentuz, ez da aparteko arazorik izan, mobilizazio lasaiak izan direlako. Hala ere, bi pertsona identifikatu dituzte Amaran.
Hasi dira Greba feminista orokorreko lehen piketeak egiten. Lehenengoa, sindikatuek deituta, 07:15 aldera atera da, eta 27 poligonoaren sarrera oztopatu dute. Industriagunea zeharkatzen ari dira, eta Martuteneko kartzelara iritsiko dira laster.
Horrez gain, Donostiako beste hainbat lekutan ere egin dituzte piketeak. Ibaetako campusean 07:30ean elkartu dira piketeak, ikasleak eta Antiguako feministak. Peto moreak jantzi dituzte, eta Tolosa hiribidea moztu dute hainbat minutuz, Zaintzarekin negoziorik ez; Zaintza sistema publikoa! eta Gaur greba eguna da! oihu artean. Ertzaintza etorri da ondoren, eta bi pertsona identifikatu ditu. Dagoeneko, zabaldu dute Tolosa hiribidea. Jarraian, grebalariak unibertsitateko ikasleekin elkartu dira, eta Ignacio Maria Barriola ikasgelategira joan dira elkarrekin.
Gainera, Amarako biribilguneko sarrera guztiak ere itxi dituzte piketeek. 08:15 aldera hasi dira, eta sarrera guztiak itxi dituzte. Hogei minutuz egon dira sarrerak itxita, jendea etengabe txistua jotzen ari zen bitartean. Ertzainak ere bertaratu dira, eta bi grebalari identifikatu dituzte. Dagoeneko zabalik dago Pio XII hiribidea. Piketeen ondoren, kalejira aldarrikatzaile bat egin dute Amaran, eta auzoko dendetara eta tabernetara sartu dira informazioa banatzera eta grebaren inguruko pegatina batzuk jartzera. Easoko topoaren geltokian ere aritu dira, euren aldarrikapenak egiten. Kalejira lasaia izan da, eta ez da inolako arazorik izan.
Ategorrietan, 50 lagun inguru elkartu dira, eta hiribidea moztu dute. Ertzainak etorri dira, eta hainbat pertsona joan egin dira, Zurriola aldera. Beste batzuek, berriz, Intxaurrondorako bidea hartu dute. Dagoeneko kendu dituzte kartelak Ategorrietan ere, eta zirkulazioa ohikotasunera itzuli da. Liskarren bat edo beste ere izan da bertan, pertsona bat piketeei oldartu eta zertan ari diren galdetu dielako: “Zoratuta zaudete ala? Ez duzue ikusten dena ixten ari zaretela?”.
Añorgan ere, goiz-goizetik abiatu dira piketeak. Hainbat ezezagunek kateekin itxi dute errepidea, Añorga Txikiko biribilgunean, bi noranzkotan. Hamar minuturen ostean abiatu da berriro ere trafikoa. 9:00etan Amassorrain ikastolan elkartu dira piketeak eta irekita zeuden komertzioetatik pasa ostean, Belartza industriagunera joan dira.
Greba Feminista Orokorra da gaur, eta dagoeneko hasi dira Donostian lehen piketeak egiten.
— Irutxuloko Hitza (@irutxulo) November 30, 2023
Hari honetan egingo dugu grebaren goizeko jarraipena.