Zaintza sistema publiko eta komunitarioaren aldeko aldarriak Donostiako kaleak bete ditu
Greba egun luzea, euritsua eta bizia izan da, baina feministek hiri osotik zabaldu dituzte euren aldarrikapenak egun osoan zehar, eta manifestazio jendetsu batekin bukatu dute azaroaren 30 honetako greba feminista orokorra. Antiguako tuneletik abiatuta, ehunka lagunek euriari aurre eginez parte hartu dute manifestazioan, eta Bulebarreraino joan dira, bidean zaintza sistema publiko eta komunitario baten aldeko, sistema heteropatriarkalaren aurkako eta feminismoaren aldeko aldarriak oihukatuz.
Eguerdian Gipuzkoa plazan egin duten ekintzaren harira atxilotutako militanteen askatasuna ere eskatu dute manifestazioan zehar, eta, hain zuzen ere, Donostiako mugimendu feministak sare sozialen bidez jakinarazi du dagoeneko aske daudela. Arratsaldean, modu inprobisatuan, grebalari ugari egon dira Ertzaintzaren Antiguako komisariaren aurrean, atxilotuen askatasuna eskatzen, baina mobilizazioa hastear zenean, atxilotuak oraindik barruan zeuden. Gainera, Ertzaintza —une oro istiluetarako materialarekin grebalarien aurrean egon dena— grebalarietako bat identifikatzen saiatu da, “elkarretaratze ez baimenduaren” arduraduna zelakoan.
Abiatu da manifestazioa Antiguako tuneletik. Jendetza batu da.@irutxulo #ZaintzaEskubideKolektiboa #GrebaFeministaOrokorra pic.twitter.com/ZL6n8OHhje
— Beñat Parra Rguez. (@ParraBenat) November 30, 2023
“Historikoa izan da”
Bulebarrera heltzean, hainbat kideren artean egin dute manifestazioaren amaierako irakurketa, eta nabarmendu dute “historikoa” izan dela greba egun hau, “mobilizatzeko gaitasun izugarria” erakutsi dutelako, “berriz ere”. “Hemen gaude etxeko eta zaintzako langileak, nagusien egoitzetako langileak, senideak, pentsiodunak, ikasleak, gazteak, nekazariak, sindikalistak, feministak, migratuak…” nabarmendu du Lur Aiartza Euskal Herriko Neska* Gazteen mugimenduko kideak.
Carolina Clemente Putxs en Lucha kolektiboko ekintzaile feministak hartu du hitza jarraian, eta gogorarazi du koronabirusaren pandemiak “agerian” utzi zuela “zaintza sistema erabat kolapsatuta dagoela”. Horrek “erantzun bat” behar zuela nabarmendu du, eta horregatik atera direla gaurkoan kalera Euskal Herri osoan; “mundua aldatzeko”. Kalera ateratzeko beharra nabarmendu du baita ere Euskal Herriko Neska* Gazteen mugimenduko kide Izaro Bilbaok: “Martxoaren 8etan egindako greba feministek lortu zuten zaintza lanak agenda politikoan kokatzea. Hala ere, ikusi ditugu instituzioak eta alderdi politikoak, enpresa multinazionalak eta zaintza erregimen bidegabe hau sostengatzen dutenak gure diskurtsoak lapurtzen. Horregatik da garrantzitsua gure aldarrikapenak kalera ateratzea, erakundeak interpelatzea, enpresak salatzea eta dagozkien ardurak euren gain hartzen ez dituzten gizonak seinalatzea”.
Erakundeei kritika egin die, baita ere, Eider Apeztegia zahar etxeetako langileak: “Zaintza negozioa bilakatu dute, etekinei begiratuz, azpikontratazioen bidez eremu publikotik atera eta merkatu pribatuaren esku utzi dituzte. Horregatik esaten diegu putre funts, multinazional eta irabazi asmoa sostengatzen ari diren enpresa zein instituzioei: utzi gure bizitzekin negozioa egiteari!”.
Bestalde, arrazismoan jarri du fokua Ivonne Marquez militanteak: “Atzerritarren Legeak eta eragiten duen arrazismo instituzionalak, politikoak, legalak eta sozialak emakume migratuei ez digu etxeko langile edo zaintzailea izatea baino beste bizitza zein lan aukerarik ematen. Langile egoiliarrok ez daukagu eskubiderik: ez atsedenerako, ez gaixotasunengatik baimenak hartzeko, ez grebarako…”.
Era berean, feministak ez dira landa eremuko emakumeez ahaztu: “Landa eremuan are argiago egiten zaigu sistema honek bizitzaren aurka daraman programa. Zerbitzu sozialez hustu dituzte eta turismo eta aisialdirako prestatu, bertako biztanleria ihes egitera bultzatuz. Lurra, ura, haziak eta abereak pribatizatu dituzte eta makro proiektuen bidez suntsitu. Bizitzeko, bizitza zaindu behar da, bai pertsonarena, bai naturarena”, adierazi dute.
Pentsiodunak ere presente izan dira mobilizazioan, eta Lourdes Zuñigak hartu du hitza euren izenean: “Pentsio baxu bat duten pertsonen %80 emakumeak dira, eta sektore feminizatuetan lan egin izanaren ondorio zuzena da hori, bereziki zaintzarenean lan egin izanaren ondorioa”. Horrela, gogorarazi du 1.080 euroko pentsio minimoa exijitzen jarraitzen dutela.
Horregatik guztiagatik, “kapitalismoa, patriarkatua eta kolonialismoa gainditu” behar dela nabarmendu du Marquezek, eta “sistema publiko duina orain” nahi dutela gaineratu du Sara del Rio Loiarte Donostiako Bilgune Feministako kideak: “Argi dugu: guztiok zaintza eskubiderako sarbidea izateko, pentsio duinak, etxebizitza eskubidea, errolda eskubidea, zaintzeko denborak, baimenak, lurrak, abereak, basoak behar ditugu. Bizitzak erdigunean jarriko dituen zaintza sistema publiko indartsua nahi dugu!”.
Horrela, “Euskal Herriko gobernuei” zuzenean hitz egin die Katia Reimberg militanteak: “Urgentziazko egoera honetan, borondate politikoa eskatzen dizuegu. Jar ezazue bihar bertan zaintza sistema publikoa zuen agendetan, ardura postu guztietan. Ez egin entzungor gure aldarrikapenei”. “Gaurko mobilizazio egun honetatik indartsu aterako gara, eta antolatzen eta sareak ehuntzen jarraitzeko oinarri sendoak utziko dizkigu. Gure arteko aliantzak eraikitzen jarraituko dugu, Herri Akordioan jasotako eduki eta aldarrietan sakonduz. Beraz, antolatu, zaindu eta bizirik mantendu gaur arte sortu dugun guztia! Euskal zaintza Sistema Publiko Komunitarioa dugu irabazteko! Euskal Herria Feminista izango da!”, gehitu dute.
Olatz Salvador musikari donostiarrarekin batera abesten bukatu dute hitzartzea, eta Miau DJ-ak girotu du ondoren iluntzea. Borroka eguna ondo bukatu behar delako.
Jarraian, Joseba Parron San Sebastian argazkilariaren irudiak ikus ditzakezue: