Grebaren jarraipena %70ekoa izan da zerbitzu publikoetan, deitzaileen arabera
Greba feminista orokorreko manifestazioa. Lehenengo greba orokor feministak %70ekoa jarraipena izan du deitzaileen arabera; %37koa, aldiz, Eusko Jaurlaritzaren esanetan. Greba Euskal Herriko Mugimendu Feministak eta gehiengo sindikalak (ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE, Etxalde eta CGT) antolatu dute EAEn eta Nafarroan, eta EH Bilduren, Podemosen eta Sumarren babes politikoa izan du.
Grebak jarraipen zabalagoa izan du zerbitzu publikoetan, bereziki hezkuntzan –%37 Eusko Jaurlaritzaren arabera eta %70 deitzaileen arabera–, baina eragin txikiagoa izan du enpresa pribatuetan, industrian, zerbitzuetan, merkataritzan eta ostalaritzan. Antolatzaileen arabera, grebak jarraipen zabala izan du sektore feminizatuetan, “hala nola garbiketa zerbitzuan eta eskola jantokietan”.
Donostian, greba egun luzea, euritsua eta bizia izan zen, baina feministek hiri osotik zabaldu zituzten euren aldarrikapenak egun osoan zehar. Eguerdiko manifestazioaren ostean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzako ateetan kateatu ziren hainbat lagun, zaintza eskubide kolektiboaren alde.Ertzainek banan-banan atera zituzten kateatuta zeuden hainbat grebalari. Kateari helduta gelditu diren azken bost manifestariak egoitza barrura sartu eta atxilotuta eraman zituzten. Arratsaldean, Donostiako mugimendu feministak sare sozialen bidez jakinarazi du zuen dagoeneko askatu zituztela.
Manifestazio jendetsu batekin bukatu zuten greba feminista orokorra. Antiguako tuneletik abiatuta, ehunka lagunek euriari aurre eginez parte hartu zuten manifestazioan, eta Bulebarreraino joan ziren, bidean zaintza sistema publiko eta komunitario baten aldeko, sistema heteropatriarkalaren aurkako eta feminismoaren aldeko aldarriak oihukatuz.
Greba egun “historikoa”
Denon Bizitzak Erdigunean plataformaren iritziz, greba eguna “historikoa” izan zen: “Bagenekien, greba feminista orokorraren kontzeptua berria zela, eta ez zela erraza izango hori antolatzea, baina lortu dugu! Borroka molde berriak eta greban parte hartzeko modu berriak asmatu ditugu. Grebaren betiko iruditegia irauli dugu”.
Enpleguaren eremuari dagokionean, “jarraipen eta babes handia” izan zuen atzoko greba egunak, plataformaren esanetan. Zaintza eredu hau eraldatzearen beharra Euskal Herriko lan zentro gehienetara iritsi dela aipatu dute balorazioan: 1500 greba komitetik gora atxikitu dira, piketeak egin ziren eremu eta sektore askotan, industriagune asko kolapsatuta egon ziren eta jarraipena zabala izan zen:
“Zaintzaren eremuan gehiegizko zerbitzu minimoen eragina agerikoa izan zen, baina horren gainetik jarduera ez normalizatua lortu zen, eta lanean aritu ziren emakume askok grebaren aldekotasuna adierazi zuten. Zahar egoitzetan eta eguneko zentroetan, zerbitzu minimoek guztiz baldintzatu dute. Hala ere, greba egin zezaketen langileen artean %90ek baino gehiagok egin zuten greba. Etxez etxeko laguntzan ere greba egiteko eskubidea dutenen artean, jarraipen zabala izan zuen”, nabarmendu dute.
Hezkuntzan, EAEko eskola publikoetan, haurreskoletan eta ikastoletan jarraipen handia jaso genuen, %70-75 bueltan, baita Nafarroako ikastoletan ere, %90tik gora. Azkenik, industriari dagokionez, Gipuzkoan nabaritu zen gehien enpresa garrantzitsuak itxita zeudela.
Greba honen beste erronketako bat, plataformaren arabera, gizonen parte hartzea izan da: “Esan beharra dugu gizon batzuek hartu dutela gaiarekiko ardura, eta asanbladetan eta kalean zegokien posiziotik aritu direla. Hala ere, beste askok ez dute hala egin. Eta gaurkoan ere atzoko mezu bera helarazi nahi diegu: hartu dagokizuen ardura!”.

