Musika munduaren kontraesanak, Lide Hernandoren lehen eleberrian
Musikari buruzko eleberri bat zen hasiera batean. Gerora, konturatu da hori “motzegi” geratzen dela, eta laguntasunari buruzko eleberri bat egiten ari dela. Hala azaldu du Lide Hernando donostiarrak, bere lehen eleberriaren aurkezpenean: Izotz Ura.
Hori bai, irakasle batek “dakizuen horri buruz idatzi” esan ziola gogoratu du. Eta Hernandok, zerbaiti buruz baldin badaki, hori da musika. Beraz, azken hamabost urteotan, musikaren munduan bizi izandako esperientziak eta gogoetak, laburtzen dira eleberri honetan, Saioa eta Mara pertsonaien bidez. Garaiaren “testigantza bat” egitea da, honela, Hernandoren asmoa.
Liher taldea sortu aurretik, idazlea zen Hernando, orain arte ezer argitaratzeko “beharrik edo ausardiarik” izan ez duen arren. Koronabirusaren itxialdian sortu zitzaion berriz ere idazteko arra Hernandori. Itxialdiak musikariei egindako “kalte handiaz” kezkaturik, gogoeta mordoa egin zituela azaldu du; ordea, sare sozialen “distortsioaren” ondorioz, “pentsamendu intrusibo” ugari izan zituela onartu du: musikaren industriaren inguruan, musikarien inguruan eta musikari emakumeen inguruan, besteak beste.
Bi ikuspegi izan zituen: batetik, euskal kulturaren defentsa egin beharra lehenesten duen ikuspegia; eta, bestetik, musika ogibide gisa bilatzen duenarena. “Bi ideia kontrajarriok” elkarrekin jarri nahi izan ditu Hernandok Saioaren eta Mararen ahotsetan. Eta, galdera bat: “Ba al zegoen adiskidetzerik?”.
Bi pertsonaiek musikarekin duten “harreman korapilatsua” azaltzen dela argitu du Leire Lopez Susako editoreak: musika bizibide izatea, musikaren eta politikaren arteko harreman, euskara edo gazteleraz abestea, komunikabideekin duten harremana, pertsonaia publikoa izateak suposatzen duena… Gai horiek guztiak dakartzan kontraesanak lantzen dira eleberrian.
Eta nola ebatzi? Bi ikuspegiok bata, bata bestea garaitu ordez, erdibidekoaren alde apustu egin du Hernandok; horixe bera iradokitzen du, behintzat, izenburuak.