300 herritar inguruk hartu dute parte ahotsa emateko Donostiako maratoian
Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, abenduaren 2an eta 3an Donostiako Udalak jarritako karpara jende asko inguratu zen Gaitu.eus ekimenean ahotsa emateko.
Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak babesten duten www.gaitu.eus ekimenari bultzada eman nahi izan dio udalak eta 300 bat herritarrek ahotsa eman zuten Bulebarrean jarritako karpan. Era berean, Euskararen Eguna ospatzeko auzoetan prestaturiko egitarauetan gaitu.eus ekimena sustatzeko saioak ere antolatu ziren. Horrez gain, 60tik gora eragilek eta elkartek erantzun zioten Bulebarreko karpara gerturatzeko udalaren gonbidapenari.
Euskara ahots teknologietan
Euskara ahots teknologia berrietan garatu ahal izateko eta teknologia horiek euskara ulertu eta hitz egin dezaten bultzatu dute aipatu instituzioek ekimen hau azken bi hilabeteotan. Sustapen kanpainak emaitzak eman dituela azaldu dute: urriaren hasieran 3.360 hiztunek 226 ordu grabatuta zituzten, eta orain 8.740 hiztun izatera iritsi eta 542 ordu grabatu dira.
Grabatzen jarraituko dute
Orain arte 172.700 esaldi grabatu dituzte euskaraz, baina “askoz gehiago” behar direla ohartarazi dute. “Adimen artifiziala erabilita makinei euskara irakasteko datu base erraldoia osatzen jarraitu beharra dago. Egun hauetan milaka pertsonek eman dute ahotsa baina grabatzen jarraitzea ezinbestekoa da. Beste zenbait hizkuntza aurretik doaz, katalana esate baterako, milioi bat esalditik gora eta 3.600 ordu grabatu dituzte dagoeneko. Bidea hasi dugu, elkarrekin. Jarrai dezagun horretan teknologia euskaldunon alde jarri arte!”, nabarmendu dute.