Zenbat hitz egiten da euskaraz auzoz auzo?
Haritik hirira kolektiboak euskararen kale erabileraren mapa egin du, 2021ean Soziolinguistika Klusterrak egindako ikerketaren emaitzekin.
Bost urtean behin egiten du euskararen kale erabileraren neurketa Soziolinguistika Klusterrak. Azkena duela bi urteko udazkenean egin zuten, eta iaz argitaratu zituzten emaitzek diotenez, azterketa egin zuten unean, hiriburu guztien artean, Donostian entzun zituzten euskarazko elkarrizketa gehien (%15,3).
Ehunekoei dagokienez, hiriburu euskaldunena Donostia dela esan daiteke, baina datuak baxua izaten jarraitzen du.
Donostiako euskararen kale erabileraren datuei erreparatzean, lehen begi kolpean ikus dezakegun argazki garbia honakoa da: kaleko elkarrizketetan, 100 lagunetik 15 ari ziren euskaraz (proportzioan, %15,3). Euskal Herriko gainerako hiriburuetan euskararen erabilera %2,5 eta %4 artean dago, beraz, Donostia da hiribururik euskaldunena, ehunekoetan behintzat.
Auzoetako argazkia
Soziolinguistika Klusterraren ikerketako neurtzaileek Igeldoko kaleetan entzun dute euskara gehien (%74,9), jarraian Añorgan (%42,2), ondoren Parte Zaharrean (%19,4) eta, laugarren lekuan Antigua legoke (%18).
Eta nabarmentzekoa da, eta aurreko ikerketan ere gertatu izan da, Altzan entzuten dela euskara gutxien (%4,5).
Horrela dago, beraz, Donostiako mapa: mendebaldea euskaldunagoa da, eta ekialdera goazen neurrian, erdaldunagoa.