Bere lehen lana kaleratu dute Muare donostiarrek

Muare talde donostiarra, bere lehen diskoa argitaratu berri du Balio Dute kolektiboarekin. Oraingoz, sarean soilik bi kanta entzun badaitezke ere, formatu fisikoan kalean da Muare.
Koban taldeko kide ohi diren Maddi Gerrikok eta Eli Berazak osatutako pop elektronikoko bikotea da Muare, eta hainbat hilabeteko lanaren ostean, lehen aldiz taularatu ziren iazko Kutixik jaialdian, looperraren eta sintetizagailuen laguntzarekin, proposamen fresko eta minimalista batekin.
Diskoan entzuten dena atmosfera elektronikoan bildutako pop-folk melodiko gisa definitu dute: “Egunerokotasuneko hausnarketa eta emozioei lekua egiten diete abestiek, intimitatetik eta babesetik interpretatuak eta modu abstraktuan kontatuak”. Abesti guztiak Muarek egin ditu, Bals-eko hitzak Joseba Sarrionandiarenak dira, eta The rip kanta Portishead taldearen bertsio bat da.
Taldeak adierazi duenez, “zaila da zerbaiten emaitza moduan ikustea, ikaskuntza prozesu bat izan baita, esperimentazioan oinarritua, gune erosotik ateratzeko apustu argi batekin. Helburua bidea bera izan da, beraz, bilduma hau bideko puntu bat besterik ez dela esan daiteke”.
Proiektua lehen aldiz taularatu zutenetik urtebete pasata, kantuok grabatu dituzte Beñat Antxustegirekin. Nahasketak Jurgi Taboadak egin ditu Ozen estudioan, eta masterra Estanis Elorzak. Diskoaren iruditeria Izaro Ieregi artistak egin du. Diskoa sarean osorik entzun nahi duenak apur bat itxaron beharko du. Oraingoz bi kantu daude entzungai Bandcamp plataforman, eta diskoa fisikoan erosteko aukera.